Egiptoko Gobernuak dimisioa eman du gaur, azken egunetan Kairo Tahrir plazan izaten ari diren gertaerengatik. Armadako kontserilu gorenak gobernuaren dimisioa onartuko duen ez du jakinarazi. Aurrez, Emad Abu Ghazik Kultura ministroak eman du dimisioa, eta beranduago gobernu osoak. Historia irakaslea da Ghazik unibertsitatean, eta sare sozialetan zoriondu egin dute askok eman duen pausoagatik.
Gaur hamalau lagun hil dira Kairon, Tahrir plazan eta inguruetan. Mohamed al Sharbini Osasun ministroak jakinarazi duenez, gainera, 667 zauritu izan dira, eta horietatik 471 ospitalera eraman dituzte. Ministroak esan duenez, labanak eta pistolak eskuan zeramatzaten "gaizkileek" eragin dituzte hildakoak.
Ostiraletik 26 dira Egipton piztu den bigarren protestak oldean hildakoak. Konstituzio berriak armadari gehiegizko boterea emango diola salatzeko atera dira egiptoarrak kalera, eta militarrak gogor ari dira horien aurka. Junta Militarrak bere aginteari amaiera eguna iragartzea nahi dute.
Polizia gas negargarriekin eta perdigoiekin tiro eginez ari da protestak sakabanatzen.