Mundua

Egiptoko Gobernuaren arabera, 23 lagun hil dira Dahabeko atentatuetan

Atzo Dahab hiri turistikoan leherrarazi zituzten hiru bonbek 23 lagun hil dituzte eta 62 zauritu. Datu horiek eman ditu bart Egitpoko Barne Ministerioak. Hildakoetako hiru eta zaurituetako hogei atzerritarrak direla zehaztu du. Dahab Sinaiko penintsulan dago, eta gune turistiko bat da. Batik bat, Europako eta Israelgo turistak joaten dira.

2006ko apirilaren 25a
10:37
Entzun
Bi kafetegitan eta merkataritza gune batean eztandarazi zituzten lehergailuak; hau da, jende asko ibiltzen den lekuetan. Hildako eta zaurituei buruzko hainbat kopuru zabaldu ziren atzo, baina hildakoak 23 eta zaurituak 62 direla ziurtatu du bart Egiptoko Gobernuak. Hildakoetatik hiru eta zaurituetatik hogei atzerritarrak dira. Hildakoen artean haur alemaniar bat dagoela baieztatu du Barne Ministerioak; zauritutako hogei atzerritarretako gehienak, berriz, europarrak eta israeldarrak direla agertu du.

Hain justu, Israelen aurka egitea izan liteke eraso horien helburua. Izan ere, Israelgo turista ugari hartzen ditu ohikotan Dahabek, besteak beste, oso hurbil daukatelako.

Sinaiko penintsulan dago Dahab, Itsaso Gorriaren ertzean, eta gune turistiko ezaguna da. Hala ere, azken urteetan tankera horretan zenbait eraso izan dira, eta turisten joera apalduko ote den beldur dira Egiptoko agintariak.

Atentatuen egileei dagokienez, "Al Kaedaren sareari" egotzi diote agintariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.