Gizon kristau batek irrist egin zuen pasieran zebilela, eta Nilo ibaira erori zen. Han zebilen judu batek laguntza eskaini zion, baina gizonak uko egin zion: «Jaunak salbatuko nau». Orduan, musulman batek besoa luzatu zion, baina gizonak, baztertu, eta esan zion: «Jaunak salbatuko nau». Ibaian behera, jolasean zebiltzan haur batzuek ere kristau debotoa salbatu nahi izan zuten, baina hark tinko esan zien: «Jaunak salbatuko nau». Azkenean, gizon hura itota hil zen, eta zeruan Jaunarekin topo egin zuenean, esan zion: «Jauna, zergatik ez nauzu salbatu?». Jaunak erantzun zion: «Judu bat bidali dizut, baita musulman bat eta haur batzuk ere, baina zuk baztertu egin dituzu».
Kirolos Nathan gazteari istorio hori kontatzen zion amak umea zela. Horrela, erakutsi nahi izan zion fedeak eta erlijioak ezin dituztela konpondu munduko arazo guztiak. Kirolosek 23 urte ditu, eta Giza Eskubideen Kairoko Institutuan lan egiten du. Bi lagun galdu zituen urriaren 9an, 26 pertsona hil ziren istilu larri haietan. Hildako gehienak kristauak ziren, eta, horiez gain, 300 pertsona baino gehiago zauritu ziren. Amak kontatzen zion istorioaren bidez, gezi bat bidaltzen du kristau egiptoarrei erasotzen dieten bakoitzean Eliza ortodoxo koptoak izaten duen erreakzio ofizialaren aurka: «Jaunak salbatuko gaitu». Elizak, sarraskiaren ondoren, barau eta errezoko hiru egun ezarri zituen, «Jainkoak Egiptora bakea bidal dezala». Gaztearentzat, horrek ez ditu konponduko arazoak.
Kirolosek, ordea, kritikatu egin ditu sarraskiaren ingurukoak. Estatuko telebistak dei egin zien herritarrei kalera ateratzeko, «armada kristauen erasotik defendatzeko», eta hiru soldadu hil zirela ere zabaldu zen. Horregatik guztiagatik, ez dago batere argi nork bota zuen lehenengo harria; horrez gain, zalantza handia dago Egipto bere teoriazko trantsizio demokratikoan zuzentzen duen kontrol militarraren inguruan. Hortik harago, 26 pertsona hil eta gero, tragedia bihurtu zen manifestazio hura, gutxiengo kristauak nazkatuta dauden seinale: nazkatuta, aspalditik sufritzen dituzten eraso etengabeekin, errudunak aurkitzeko agintariek duten utzikeriarekin, Elizako goi kargudunek berek horrelakoetan ematen duten erantzun politiko ahularekin. Elementu horiek guztiek bihurtu dute gutxiengo kristaua —egiptoarren %10 inguru— komunitate gero eta itxiagoa, herrikide musulmanekin gero eta harreman gutxiago duena. Badirudi ez batzuek ez besteek ez dituztela bizilagunak ezagutzen, eta zubiak eskas dira.
Diskriminazioa
Kirilos nerabe zela urrundu zen Elizaren erakundetik. Kontatu du 2005eko hauteskundeetan bere apaizak, meza eman ondoren, Mubaraki botoa emateko esaten ziela. «Hauteskunde egunean, Xenuda aita santua agertu zen telebistan [Egiptoko Elizako goi karguduna], botoa ematen zuen bitartean, Mubaraki eman ziola esanez». Geroago, alderdi politiko bateko kide egin zen Kirolos, eta apaiz batek ere halaxe egin zuen. «Elizak esan zuen apaiz hark ez zuela politikan nahasi behar, eta aita santuak, berriz, botoa Mubaraki emateko eskatu zuen!», azaldu du, etsita. Gaztea, gainera, ekintzailea da, eta fededuna da oraindik, baina ez du ezertxo ere jakin nahi Elizarekin. Harentzat, kristauei gertatzen ari zaien guztia euren erruz ari zaie gertatzen: «Aita santuari botatzen diot errua; isilik egotera behartu gaitu, eta Jainkoak babestuko gaituela esaten du. Eta haren hizketari ere botatzen diot errua, kristau guztien izenean hitz egiten baitu, baina kristau asko prest daude beren izenean hitz egiteko».
Erruaren zati bat bai, baina, horrez gain, gutxiengo kristaua diskriminatu egiten dute politikan eta gizartean. Eliza bat eraikitzeko, adibidez, aurre egin behar diote burokrazia luze bati. Honela dio Kirolosek: «Baimenak eskatu behar zaizkio Nekazaritza Ministerioari, uraren konpainiari, trenbidekoari, baita eraiki behar den tokiaren inguruan bizi diren musulmanei ere». Gainera, Elizak laguntza pribatuen bidez finantzatzen du bere burua; meskitek, berriz, diru publikoa eta doako hornidura jasotzen dute. Badira beste diskriminazio batzuk ere: enpresa askok ez dituzte kristauak hartu nahi lanerako; nortasun agirian bereizketa esplizituak egiten dituzte erlijio arrazoiengatik: kristau bat ezin da izan armadako goi kargudun; gizon musulman bat ezkon daiteke emakume kristau batekin, baina ez alderantziz —tartean fedea aldatzen ez dela—; kristau bat musulman bihur daiteke erraz asko, baina ez alderantziz. Horretaz gain, konstituzioko bigarren artikuluaren arabera, islama da Egiptoko legegintzaren oinarria.
Nazif Adlik 29 urte ditu; komertziala da, eta Kairoko Abasija auzoan bizi da. Haren ustez, diskriminaziorik okerrena da «emakume bat, belorik ez daramanean, automatikoki kristau gisa identifikatzea eta hari prostituta esatea, eta zure nagusiak esatea benetako Jainkoari errezatzera joateko harekin». Maikel Moauad kontularia da, Gizakoa —Kairo mendebaldean dago—. Lan elkarrizketa batean baztertu egin zuten, nagusiak ez zuelako nahi «eliza bat bere enpresan». Hala ere, ondorio baikorra atera, eta, egoera haren ondorioz, gehiago ikasi zuen, eta lan egin zuen «hurrengo elkarrizketan bazter zezaten arrazoirik ez egoteko».
Gizarte itxi bat
Zirilo aita Shuranijako Niloko uharteko komunitate kristaueko burua da, Hegoaldeko Sohag probintzian. Irlako 15.000 biztanleetatik 5.000 inguru kristauak dira: Elizaren inguruan oinarritzen dute bizia, zeina hamabost urte daramatzaten eraikitzen. Ume talde batek tenpluan erlijio kantak abesten dituen bitartean, gaztetxo batzuk ping-pongean jolasten ari dira, beste batzuk xakean goiko aldean; neska talde bat ingeleseko eskolak hartzen ari da, eta okina ogia egosten ari da labean. Hala ere, Zirilok behin eta berriz dio bere komunitatea musulmanekin nahasian bizi dela, haiekin batera lan egiten dutela, nahiz onartzen duen estu dagoela «nazio mailan dauden arazoengatik». «Lan gutxi, inbertsio gutxi eta etorkizunerako esperantza gutxi egoteari» egozten dizkio arazo guztiak errektoreak. Jendeak eskuan musu ematen dio harekin topo egiten duenean, eta Zirilok epaile lanak egiten ditu bere uhartean sortzen diren eztabaidetan. Gida da, agintari gorena, gehien errespetatzen den gizona. Elizaren eskuetatik pasatzen da dena.
Maikel Moauad boluntarioa da bere elizako gizarte lanean. Aitortu du kristaua gizarte itxi bat dela. «Elizan hazten gara, eta bertan gauza asko egiten ditugu. Bizi sozial bete-betea eskaintzen digu». Azaldu du unibertsitatean kristauak elkarren bila ibili eta elkarren ondoan esertzen direla. «Zergatik? Ohitura bat da. Batzuetan gogaitu egiten gaituzte, eta nahiago dugu elkarrekin egon».
Aitzakia zaharrak
Nazif Adlik kontatu du kristauak eta musulmanak 1952ko estatu kolpe militarraz geroztik hasi zirela elkarrengandik urruntzen. Ordura arte, kristauak «lehen ministro izan zitezkeen», azaldu du. «Orduz geroztik, elizak eta meskitak jendearen bizia kontrolatzen hasi ziren, eta kristauok geure artean ixten hasi ginen». Nasser eta, batik bat, Sadat eta Mubarak «islamistak ziren, zeinek jolas egiten zuten liberalak eta kristauak isilaraztera, boterean irauteko». Kontua da Egiptoko iraultzak ez duela egoera aldatu, armadak botereari atxikia jarraitzen baitu.
1981ean egin zioten lehen eraso handia komunitate kristauari: meskita batean bonba bat jarri zutelako zurrumurruak zabaldu ziren; ondorioz, istiluak izan ziren, eta hamazazpi pertsona hil ziren. Xenuda aita santua orduan kexatu egin zen; kargutik kendu zuten, eta Sadat jarri zuten haren ordez, zeinak komunitate kristaua zapaldu zuen. Hilabete gutxi barru, Sadat hil eta gero, Mubarakek aita santua lehengoratu zuen, baina baldintza bat jarri zion: ezin zen politikan sartu. Orduz geroztik, kristauei egin dizkieten erasoek ez dute erantzunik izan, eta errudun gutxi epaitu dituzte. Besteak beste, bat izan zen bereziki odoltsua: aurtengo Urteberri egunean, Alexandriako eliza batean bonba bat jarri zuten, eta 23 pertsona hil ziren.
Gobernuak atzerriko talde bati leporatu zion sarraskia, aurrekoan bezala, baina zalantza asko daude, eta batzuek orduko Barne ministro Habib el Adliri egozten diote komunikabideetan esku hartu izana. «Atzerriko talde bat» barrura begira, eta «islamisten terrorismoa» kanpora begira: horra hor Mubarakek behar zuen aitzakia: herritarren eta munduaren aurrean bere burua herrialdeko arriskua baretzeko gai zen pertsona bakar gisa saltzen zuen, eta urte askoan balio izan zion formula horrek
Iraultza eta etorkizuna
Elkarrekiko ezjakintasuna, hobetu daitekeen hezkuntza bat, banaketan lagundu duten gobernu batzuk... Faktore askok azaltzen dute Egiptoko kristauen eta musulmanen arteko urruntzea. Iraultza hasi zenetik, ugaritu egin dira kristauen aurkako istiluak. Batzuek armadari egozten diote; beste batzuek, gatazka meskitetatik indartzen duten xekeei; beste batzuek, indar kontrairaultzaileei; eta beste batzuek —armadak—, atzerriko indarrei. Dena dela, tartean ariketa didaktiko izugarri bat dago egiteko.
Nazifentzat, ez dago esperantzarik. Gertatzen ari den guztiarekin «haserre» dago. Adierazi du urriaren 9a baino lehen egiptoar sentitzen zela, baina orain ezetz. Herrialdetik alde egin nahi du, azken hilabeteetan egin duten hainbatek bezala. Maikelek ez. Haren ustez, arazoa «politikan dago, ez herritarrengan». Egipto bere arbasoen lurra dela dio, eta berea ere badela. Kirolos bat dator konponbidea politikoa dela, baina ez da baikor ageri trantsizioaren buru den armadarekin. «Axola duen horretatik urrun egon gaitezen nahi dute, euren boterea indartzeko, baina jendea bere bizia emateko prest dago. Ez gara gehiago isilduko», azaldu du.
Nazifek ironiaz ebatzi du arazoa, baina interesgarria da haren gogoeta: «Kristauak eta musulmanak oso erlijiosoak gara; izan ere, gizartean hainbeste gauzak estresatzen gaituzte, eta esan behar izaten dugu: 'Jauna, lagundu nazazu!'». Iraultza egiteko espirituak ez ditu hesiak ezartzen erlijio arrazoiengatik: Tahrir plaza egiptoarren batasunaren monumentu bat da. Ikusteko dago errespetatuko den.
Egipto. Koptoak musulmanen artean
Egiptoko kristauen gogoetak
Urriaren 9an, 26 pertsona hil ziren Kairon, eliza bat erre izana salatzeko manifestazio batean; Egipton gertatzen ari diren aldaketak pozgarriak dira gazte koptoentzat, baina etorkizunarekin kezkatuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu