Kamal Ganzuri Egiptoko lehen ministroak aldaketak egin ditu gobernuan, bere aurkako presioa baretzeko asmoz. Lau ministro berri izendatu ditu: goi mailako ikasketena, kulturarena, legebiltzarreko arazoena, eta lana eta immigrazioarena. Era horretan erantzun dio Junta Militarrak gobernu taldearen dimisioa eskatzen duen legebiltzarrari, krisi politikoa gainditzeko asmoz.
Saad Katatni parlamentuko presidente islamistak ontzat jo ditu buruzagitza militarraren aldaketak. Adierazi du orain konpondu ezin den gatazka bat dagoela botere betearazlearen eta legegilearen artean. Izan ere, legebiltzarrak hainbatetan eskatu du Junta Militarrak izendatutako gobernuaren dimisioa. Maiatzaren 23an eta 24an, baina, presidentetzarako bozak egitekoak dira Egipton, eta militarrek hitzeman dute boterea hauteskundeetan garaile suertatzen denaren esku utziko dutela.
Hauteskundeak, baina, auzitan daude, Banha hiriko auzitegiak legez kanpokotzat jo baititu. Mohamed Hatem Amer epailearen esanetan, Hauteskunde Batzorde Gorenak ez dauka eskumenikhauteskundeak deitzeko, eta, horrexegatik, ebatzi du bozetarako deialdiak konstituzioa urratzen duela. Auzitegi Gorenaren eskuetan dago orain erabakia, baina Hauteskunde Batzorde Gorenak adierazi du oraingoz bozetarako eguna lehengo bera dela. Dena den, onartu du aldaketak egon daitezkeela. Amer epaileak dio Junta Militarrari dagokiola hauteskundeetarako deia egitea.
Erasoak emakumezkoei
Aurreko asteko liskarretan atxilotutako hemezortzi emakumek tratu txarrak salatu dituzte. Emakumeen Eskubideen aldeko Egiptoko Elkarteko presidente Iriny Zarifen hitzetan, arrazoirik gabe atxilotu zituzten, eta «tratu iraingarria» jasan dute preso egon diren denboran. Horietako batek salatu du bortxatu egin dutela. Egiptoko Justizia Militarreko buru Adel el-Mursik salaketak ukatu ditu: «Hedabideetan agertu eta Indar Armatuen izen ona zikindu nahi dute batzuek».
Egiptoko lehen ministroak aldaketak egin ditu gobernuan, krisia baretzeko
Lau ministro berri izendatu ditu; Legebiltzarreko presidenteak ontzat jo ditu aldaketak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu