Mohammed Mursi Egiptoko presidenteak indultua eman die iaz Hosni Mubaraken matxinadan eta ondorengo trantsizio prozesuan arrazoi politikoengatik atxilotu zituzten lagunei. Boterean ehun egun bete dituelako hartu du erabaki hori, dekretu bidez. Zehazki, «iraultza laguntzeko eta horren helburuak lortzeko» helburuz aritzeagatik delituak leporatuta atxiki zituztenei bideratuta dago barkamena. Neurri horretatik salbuetsi ditu «nahita eragindako homizidioa» egotzita espetxeratutakoak.
Datu ofizialen arabera, Mubarak boteretik kendu eta hurrengo zazpi hilabeteetan 12.000 zibil prozesatu ziituzten auzitegi militarretan. Mursik hartutako neurriak iazko otsailetik aurtengo ekainaren 30era arte atxilotutakoei eraginen die. Matxinadaren lehen urteurrena bete zenean, boterean zegoen Junta Militarrak 1.959 laguni eman zien indultua.
HRWren salaketa
HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez, berriz, Egiptoko konstituzioaren zirriborroak emakumeen eta haurren eskubideak murrizten ditu. Erakunde horrek kritikatu du zirriborroan zehazten dela estatuak berdintasuna bermatu behar duela, xaria lege islamikoarekin kontraesanean ez badago.
Egiptoko matxinadan parte hartu zutenei indultua eman die Mursik
«Iraultza laguntzeko helburuz» hainbat delitu egotzitako atxilotuei barkatu egingo die presidenteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu