Egipton presidentearen dimisioa eskatu dute milaka manifestarik azken bi asteotan, baina Hosni Mubarakek ez du iraileko hauteskundeak arte boterea uzteko asmorik. Gobernuak herritarrak baretzeko hainbat neurri iragarri dituen arren, Kairoko Tahrir plazan hasierako eskakizun berari leial eusten diote milaka manifestarik, eta erresistentzia luze baterako prestatzen hasi dira. Askok bertan igarotzen dituzte gauak, eta beste hainbatek egunero egiten dute plazarako bidea. Armadaren tankeen gurpilen azpian eserita ematen dituzte orduak, handik eramatea saihestu nahi dutelako. Izan ere, plazan jarraitzea iraultzari eusteko modu bakarra dela sinetsita daude.
«Ez da odola alferrik isuri», adierazi du manifestari batek, liskarretan hil diren 300dik gora lagun gogoan hartuz. Baina beste hainbatek bi astez protestetan parte hartu ostean etxerako bidea hartu dute. Horietako asko Mubarak kanporatzea lortu ez izanagatik etsita, eta gutxi batzuk gobernuak iragarri dituen neurriekin ase. Mubarakek botereari eusteak protestak ez atzera ez aurrera utzi ditu. Izan ere, hamalau egunez milaka pertsona kalera ateratzea lortu duten arren, manifestarien indarrak ahultzen hasi dira.
Oposizioko alderdiek ere bat eginda iraun dute protesten hasieratik lelo beraren pean: «Mubarak kanpora». Baina lehen desadostasunak sortu dira, alderdi batzuek gobernuarekin negoziatzea onartu baitute hasiera batean elkarrizketetarako premisa zena bete gabe: diktadoreak boterea uztea.
Herenegun egin zituzten lehen bilerak oposizioko hainbat taldek eta Omar Suleiman presidenteordeak. Tartean zen Anaia Musulmanak alderdia, oposizioko garrantzitsuena. Suleimanek prentsa askatasuna, preso politikoak askatzea, konstituzioa moldatzeko kontsultarako batzorde bat eratzea eta 1981etik indarrean dagoen alarma egoera bertan behera uztea eskaini zuen bilera horretan. Oposizioak aho batez eskatu duen Mubaraken dimisioari, berriz, ezezko borobila eman dio.
Anaia Musulmanek urtarrilaren 25etik herritarrak egin dituzten eskaerei eusten dietela adierazi dute bileraren biharamunean, eta berriz ere Mubarak agintetik kanporatzeko exijitu dute. Egoera aldatzen ez bada, ez dira berriz negoziatzera eseriko, «ez delako baliagarria». Apirilaren 6a mugimenduak, protestei hasiera eman zienak, ez du bileretan parte hartu, nahiz eta horretarako gonbidapena jaso. Mubarakek alde egin arte negoziatzeko asmorik ez dutela azaldu dute. Mohamed el Baradei Bakearen Nobel saridunak gidatzen duen Aldaketarako Asanblada Nazionala alderdia ez dute elkarrizketetara deitu. Horren ondotik, El Baradeik salatu du prozesua «iluna» izaten ari dela, «inork ez baitaki nor norekin ari den hitz egiten». Alderdien barruan ere zatiketak eragin ditu gobernuarekin hasi dituzten negoziazioek. Suleimanekin hitz egitea onartu duten alderdien barruan ere elkarrizketen kontra egin dute askok.
Atzo egin zuen gobernu berriak lehen bilera. Azken egunotako protesten balantzea egiteko profitatu dute. Horrez gain, apiriletik aurrera sektore publikoko soldatak eta pentsioak %15 igoko dituztela iragarri dute.
Bestalde, Egiptoko auzitegiek iragan azaroko hauteskundeak ikertzeko abian jarritako ekimena babesten duela esan du Mubarakek. Bozetan garaipen zabala lortu zuen presidentearen alderdiak eta oposizioak iruzurra salatu zuen.
Normaltasunera bidean
Bi astez herrialdea geldituta egon eta gero, normaltasuna berreskuratzea da gobernuaren helburu nagusia. Bankuak eta denda asko ireki dituzte, baina eskolak itxita daude oraindik. Burtsa ere ez dute ireki. Tahrir plazan bilduta jarraitzen duten manifestariek, hain justu, normaltasuna saihestu nahi dute, protestak «ezerezean» geratzearen beldur baitira.
Nazioartean erreazkzioek ez dute etenik. Barack ObamaAEBetako presidenteak Egipto lehengo bera izango ez dela adierazi du, eta trantsizio baketsu baterako deia egin du. Egiptoarrak krisia konpontzeko bidean direla uste du, dena den. Mubaraken etorkizunaren inguruan, berriz, «zer egingo duen berak bakarrik dakiela» azaldu du.
Hassan Nasrala Libanoko Hezbola milizia xiitaren buruzagiak Egiptoko iraultzak eskualdean aldaketa sakonak eragitea nahi du. Egipton jazotako gertakariak 2006ko Israelen aurkako gerrako erresistentziarekin alderatuditu. «Agintariek apaldutako ohore arabiarra» berreskuratzeko borrokan ari direla esan die Tahrir plazako manifestariei.
Protestak herriade arabiarretan
Egiptoko oposizioa erresistentzia luze baterako prestatzen ari da
Desadostasunak sortu dira oposizioko alderdien artean lehen aldiz, talde batzuek gobernuarekin negoziatzea onartu baituteProtestak hasi eta bi aste igaro ondoren, manifestarien indarrak ahultzen hasi dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu