Egiptoko Barne ministro Mansur Esauik jakitera eman duenez, Poliziako 669 goi ofizial kargutik kendu dituzte, horietako anitz urte hasierako erreboltaren errepresioarekin zerikusia zutenak. Manifestarien hilketetan parte hartzea ere egozten diete anitzi. Esauik erran du neurri horrekin Polizian «indar berria» sartu nahi dutela, «urtarrilaren 25eko iraultzaren printzipioekin eta helburuekin bat» joateko. .
Polizietako batzuk epaiketei aurre egin beharrean daude Hosni Mubarak presidente ohiaren aurkako matxinadaren errepresioan izandako jokabidea argitzeko. Horien artean kargu gorenak dituztenei erretiroa eman dietela azaldu du Esauik, eta gainerakoak administrazio postuetara igorri dituztela epaia jakin bitarte. Egiptoko telebista publikoaren arabera, 37 dira manifestariak hiltzea leporatutako poliziak. Urtarrilaren 25aren eta otsailaren 11ren artean (Mubarakek boterea utzi zuen eguna) 800 manifestari inguru hil zituzten poliziek. Mubarakek alde egin ondotik, Batzorde Militarrak hartu zuen boterea Egipton, trantsizio politikoa gauzatzeko helburuarekin. Matxinadaren aldeko hainbat sektorek, ordea, aginte berriarekiko mesfidantza agertu dute, bertzeak bertze, Mubaraken aroko Polizian aldaketak ez egiteagatik. Neurri horrekin sektore horiek baretzea espero du Batzorde Militarrak.
Alderdien eskaera
Hainbat alderdi eta talde politikok eginiko bertze eskari bat parlamenturako hauteskunden atzeratzea zen, eta, horri erantzunez, agintariek heldu den irailean egin beharrean, urrian edo azaroan egitea erabaki dute. Hauteskundeak prestatzeko nahikoa denbora ez zutela zioten alderdi horiek. Martxoan onartutako behin-behineko Konstituzioaren arabera, haren neurriak sei hilabetera ziren indarrean sartzekoak. Behin indarrean sartuta, 30 egunera egin beharko lirateke parlamenturako bozak, eta, gehienez, 50 edo 60 egunera, segurtasun eta antolaketa arazoak egonez gero.
Egiptoko Poliziako 669 goi ofizial kargutik kendu dituzte
Parlamenturako hauteskundeak irailean egin beharrean urrira edo azarora atzeratzea erabaki dute agintariek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu