Kairoko protestak hasiz geroztik, errenkadan etorri dira goi kargudun politikoen dimisioak: gobernuko sektore periferikoenetatik hasi ziren, baina aurki heldu dira Anaia Musulmanen aginteko erdigunera. Gaur goizean Mohamed Kamel Amr Egiptoko Atzerri ministroak utzi du kargua. Eguerdian, gobernu osoak berdin jokatuko duela iragarri dute berri agentziek, iturri ofizialak aipatuta, baina informazio hori ukatu egin du Egiptoko Presidentetzak.
Asteburutik, gero eta itoago dago Mursi. Atzo, bost ministrok dimisioa eman, eta armadak 48 orduko epea eman zion klase politikoari herritarren eskakizunak aintzat hartzeko. Hitz horiek "nahasmena" sor dezaketela erantzun zuen presidenteak, eta "adiskidetze nazionalean" aurrera jarraitzeko asmoa azaldu zuen.
"Presidentetzak iritzi dio adierazpen batzuek nahasmena sor dezaketela giro nazional zailean", ohartarazi du Mursik ohar baten bidez. Halaber, argitu du armadako buruzagi Abdelfata al Sisik ez ziola Mursiri galdetu ultimatum hori ematearen inguruan.
Militarrek ukatu egin dute estatu kolpe bat prestatzen ari direla. Abdelfata al Sisik eman zien epea politikariei, eta haren hitzek kritika ugari eragin ditu. Kritika horiei erantzun die armadak: "Indar Armatuen doktrinak eta kulturak ez dute estatu kolperik onartzen. Armada beti egon da herritarren aldaketa eta erreforma borondatearen alde".
Armadak zehaztu du Al Sisiren hitzen helburua "alderdi politiko guztiek egungo krisiari lehenbailehen irtenbideak topatzea eta herritarren eskariak aseko dituen adostasun nazional bat lortzea" dela.
Ministroen dimisioak
Atzo bost ministrok eman zuten dimisioa, Turismoko, Parlamentuko Gaietarako, Telekomunikazioetako, Ur Baliabideetako eta Ingurumeneko ministroak, hain zuzen. Gaur goizaldean, berriz, Atzerri ministro Mohamed Kamel Amr izan da kargua utzi duena, Mena berri agentziaren arabera.