ARMADAREN ERANTZUNA
Armadaren esku dago, hein handi batean, Egiptoko protestak Hosni Mubarak presidentea kargutik kenduko duen iraultza bat bihurtzea. Orain arte presidenteak armadaren sostengua izan du. Herritarrek ere sinpatia diote armadari, Poliziari ez bezala. Besteak beste, abertzaletasunaren sinboloa baita. Munduko handienetakoa da Egiptokoa —AEBen urteroko 1.300 milioi dolarreko diru laguntzari esker—. Mubarakek protestak isilarazteko agindua eman dio, baina herritarrek txaloka hartu dituzte militarrak, euren alde egingo dutelakoan edota, gutxienez, Poliziaren errepresioa baretuko dutelakoan. Hainbat ofizialek muzin egin diote presidenteari obeditzeari. Armadak Mubarak babestuko duen ala herritarrekin bat egingo duen erabaki beharra dauka. Horrek argituko du nagusiki Egiptoren etorkizuna.
OPOSIZIOA
Azken egunotako protesten atzean Anai Musulmanak alderdi islamistaren esku-hartzea dagoela salatu du Egiptoko Gobernuak.Presidentearen aurkako haserrea adieraztera kalera irten direnen jatorria, baina, guztiz heterogeneoa da. Mohamed el Baradei oposizioko kidea eta Bakearen Nobel sariduna guztien ordezkari lana egiteko prest agertu da. Iaz, hain justu, azken horrek konstituzioa aldatzeko bideratutako kanpainarekin bat egin zuten Anaia Musulmanek. Oposizioko kideak, erreformistak eta intelektualak Mubaraken aurka biltzea lortu du El Baradeik.
AEB ETA ISRAEL
Egipton erreforma politikoak beharrezkoak direla adierazi du berriki Hillary Clinton AEBetako estatu idazkariak. Herrialdearen ezegonkortasuna, ordea, AEBen interesen aurkakoa da, izan ere, funtsezko aliatu bat galtzearen beldur dira. Arabiar herrialdeen artean eragin gehien duena da Egipto. Hori horrela, AEBek euren alde nahi dute, izan diktadore baten kontrolpean ala demokratikoki aukeratutako presidente baten gidaritzapean. Hori bigarren mailako arazoa baita Etxe Zuriarentzat. Israel ere kezkatuta dago, Mubarak baita kasik eskualdean duen lagun bakarra. Gazako setioan laguntza eskaini dio, orain arte muga itxita mantenduz eta Hamas mugimendu islamista bakartuz. Azken urteotan, gainera, egiptoarren artean Israelen aurkako jarrera hazi egin da.
PETROLIOA
Asteartetik Egipton zabaldu diren protestek jada garesti dagoen petrolioaren prezioan eragina izango duten ere argitzeke dago. Izan ere, ekoizle garrantzitsua ez bada ere, Ekialde Hurbileko petrolioa Egipton barrena garraiatzen dute. Horrez gain, domino efektuak petrolioaren merkatuan garrantzi handiagoa duten herrialdeak harrapatzearen beldur dira ekoizleak.