Uda bukaeratik Tahrir plazako manifestazioak eta elkarretaratze jendetsuak berpiztu egin dira, Egiptoko politika eta gizarte eragile anitzek trantsizio prozesua azkartzeko exijitu baitiote behin-behinean agintean dagoen Kontseilu Militarrari. Armada protesten berpizkundea nolabait kudeatu nahian ari denean, ordea, Mubaraken aroak oinordekotzan utzitako bertze arazo bat larriagotu da: koptoen auzia. Erregimeneko burua erori zenetik liskar gogorrenak gertatu dira azken bi egunetan, eta agerian utzi dute armadaren nora eza trantsizio prozesua zuzentzeko orduan.
Herenegungo istiluetan 24 lagun hil ziren, Osasun Ministerioaren arabera, eta 212 zauritu—horietako 86 estatuko indarretako kideak—. Koptoen Elizaren arabera, baina, 28 dira hildakoak, horietako 24 koptoak. Hildako eta zauritu gehienak Kairoko Ospitale Koptora eraman zituzten, eta eraikinaren kanpoaldean istiluak izan ziren atzo milaka lagunen eta armadaren artean.
«Konspirazio maltzur bat»
Gobernuak gertatutakoaren erantzukizuna ukatu du. Essam Sharaf lehen ministroaren arabera, «konspirazio maltzur bat» izan da dena, «ezkutuko indar nazional eta atzerritarrek» sustatua, «demokrazia berrezartzeko borondatea oztopatzeko». Kontseilu Militarrak ere bide beretik jo du, eta erran du liskarrak «estatua suntsitzeko ahalegina» izan direla; horregatik, boterean jarraituko duela berretsi du. Gertakariak ikertzeko batzorde bat eratuko duela ere iragarri du. Fiskaltza Nagusiak jakinarazi du hasi dela «hamabortz susmagarri galdekatzen».
Koptoek, ordea, argi erran dute haiek ez zituztela liskarrak hasi. Shenuda III.a Koptoen Eliza Ortodoxoko aita santuak adierazi du manifestazioan «infiltratutako elementuek» sortu zituztela «koptoei egotzitako istiluak». Manifestariek ere hedabideei adierazi zieten kaleko jantzitako erasotzaileek protesta lehertu zutela, eta horren ondoren militarren oldarraldia etorri zela. Hainbat lagun tankeekin zanpatuta hil zituztela ere salatu dute. Horietako batzuen hileta elizkizunak egin ziren atzo Kairon, koptoek beraiek antolatutako segurtasun neurri zorrotzekin. Gobernu militarraren aurkako oihuak izan ziren nagusi. Egoera baretzeko asmoz, premiazko neurri bat hartu du Ministroen Kontseiluak. Lizentziarik gabeko tenpluak legeztatzeko lege proiektua aurkeztu du, koptoen oinarrizko eskarietako bat betetzeko. Izan ere, eliza bat eraiki ahal izateko presidentearen baimena behar zuten orain arte.
Iragan hilaren 30ean hegoaldeko Asuad probintzian kristau koptoen eliza bati eraso egin ziotela eta, igande arratsean milaka lagun, koptoak gehienak, protesta egitera atera ziren Kairon. Telebista publikoaren egoitzara ailegatu nahi zuten, kate horri egotzi baitiote kristauen aurkako jazarpena sustatzea. Liskarrak Kairoko hainbat gunetan hedatu ziren, Tahrir plazan barne.
Mubarakek iragan otsailean agintea utzi zuenetik, koptoek salatu dute haien aurkako erasoak gehitu egin direla. Martxoan, adibidez, hamahiru lagun hil ziren kristauen eta musulmanen arteko istiluetan, eta maiatzean bertze hamabi hil zituzten elizen aurkako erasoetan. Mubarakek bere agintaldian koptoen elitearekiko hurbilketa bilatu zuen, eta horrek muturreko islamisten jomuga paratu zituen kristau komunitateak. Matxinada hasita, Shenuda III.aren jarrerak ere ez zuen lagundu: sostengua eman zion Mubaraki, eta kristauei eskatu zien mobilizazioetan ez parte hartzeko. Hala ere, milaka koptok parte hartu zuten erregimenaren aurkako protestetan.
Gutxiengo etniko nagusia
Egiptoko gutxiengo etniko nagusia dira koptoak —herritarren %10 direla estimatzen da—. Antzinako egiptoarren ondorengotzat daukate euren burua, eta haien berezko hizkuntza faraoien garaikoaren eratorria da. Hala ere, arabiera dute ohiko hizkuntza. Gehienak Koptoen Eliza Ortodoxoko jarraitzaileak dira, baina badira gutxiengo katolikoa eta protestantea ere.
Protestak herrialde arabiarretan
Egiptoko trantsizioaren nora eza azaleratu dute koptoen aurkako liskarrek
Herenegungo istiluetan hildakoak gutxienez 24 dira; armadak erantzukizuna ukatu du, eta ikerketa batzorde bat eratuko duKoptoek salatu dute Mubarakek agintea utzi zuenetik erasoak gehitu egin direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu