Protestak herrialde arabiarretan

Egipton manifestazioak egin dituzte kontseilu militarraren aurka

Hauteskunde lege berria eskatu dute manifestariek, baita larrialdi egoera kentzea eta zibilen epaiketa militarrak bukatzea ereAzken protesta deialdietan jende gutxiago bildu da; askok uste du egoera ez dela aldatu

Kairo
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Milaka lagun kalera atera ziren atzo Kairoko Tahrir plaza enblematikoan eta Egiptoko beste hiri batzuetan, «iraultza eskatzeko», gero eta haserreago baitaude Hosni Mubarak agintetik kendu zutenetik gobernuan den kontseilu militarraren lana dela kausa. Dozenaka alderdi politiko eta gizarte mugimendu sekularrek antolatu zuten protesta. Anaia Musulmanek eta alderdi salafista nagusiek, aldiz —islamik kontserbadoreena osatzen dute—, boikot egin zieten berriz ere protestei, nahiz eta ados zeuden eskaeretako batzuekin. Manifestariek beste hauteskunde lege bat egitea eskatu zuten atzo, larrialdi egoera kentzea, zibilen epaiketa militarrak bukatzea eta agintea gobernu zibil bati emateko egutegia zehaztea, besteak beste.

Irailaren 25ean, Indar Armatuen Kontseilu Nagusiak dekretu bat argitaratu zuen parlamenturako hauteskundeen joko arauak zehazteko; azaroaren 28an hasiko dira hauteskundeak, eta hiru epetan egingo dituzte. Azken asteotan osatu diren bi koalizio politiko handiek, hau da, Egiptoko Blokeak (dozenaka alderdi ezkertiar eta sekularrak) eta Aliantza Demokratikoak (Anaia Musulmanak eta beste alderdi islamista batzuk) gogor gaitzetsi zuten dekretu hori, bai mamia eta bai azala, ez baitira kontuan hartu alderdiek egindako eskaerak. Aliantza Demokratikoak mehatxu ere egin du hauteskundeei boikot egingo diela.

Hauteskunde legearen arabera, parlamentuko eserlekuen heren bat banakako hautagaientzat izango da, eta beste bi herenak, alderdiek aurkezturiko zerrenda itxietako hautagaientzat izango dira. Era berean, alderdiek ezingo dute hautagairik aurkeztu banakoen hautagaitzetarako gordetako barrutietan. Sistema horrek modua emango die aurreko erregimeneko kide izandakoei parlamentuan sartzeko; izan ere, toki askotan oraindik indarrean daude jauntxo sistema zaharrak, adituek eta alderdi politikoek diotenez. Indar Armatuen Kontseilu Nagusiak 1971ko Konstituzioa erabiltzen du zuribide moduan: haren arabera, banakako hautagaietarik portzentaje batek eskubidea du parlamentuan esertzeko.

Lehenbiziko parlamentuak izugarrizko garrantzia izango du, hark sortuko baitu batzar konstituziogilea, hamabi hilabete baino lehen konstituzioa prestatu beharko duen erakundea. Konstituzioa idatzi eta erreferendumean bozkatzen ez den bitartean, ez dute presidentetzarako hauteskunderik egingo, eta agintea ez dute utziko gobernu zibil baten esku. Aditu batzuek diotenez, 2012a bukatu edo 2013a hasi arte ez da konstituziorik izango, goiz jota.

Orain dela egun gutxi batzuk, berriz, Mohammad Tantaui mariskal eta armadaburuak deklaratu egin zuen Hosni Mubarak presidente ohiaren aurkako epaiketan. Tantauiren lekukotasuna funtsezkoa zen auzian; izan ere, argitu behar zuen armadari agindu ote zitzaion jendetzari tiro egiteko, iraultza egun horietan. Nahiz eta kazetariak ezin ziren sartu epaigelan, eta nahiz eta komunikabideek debekatua zuten deklarazioaren berri ematea, azkenean dena jakin zen. Ustez, Tantauik honela erantzun zien galderei: «ez dakit», «ez dut informaziorik», «ez da nire espezialitatea».

«Hasieran, sinetsi egin genion, baina orain argi ikusten dugu bide militarraren alde egin duela. Ez dugu gobernu militarrik nahi!», zioen oihuka atzo Tahrir plazan Ahmed Badran-ek, Uasat alderdi islamista moderatuko gazteen bozeramaileak. Mohammad Daud ingeniaritza ikaslea da, 23 urtekoa eta Apirilaren 6a mugimenduko kidea, eta gogor aritu zen atzo: «Ez dugu larrialdi legerik nahi: egiatako askatasuna nahi dugu. Hasieran, armada gurekin batean zegoen, baina argi geratu da Mubarakekin bat eginda dagoela eta Tantauik botereari eutsi nahi diola».Hori esateko, Daudek gogoan zuen armadaburuak aurreko astean Kairoko erdialdean egin zuen paseoa, kaleko jantzietan; izan ere, askoren ustez, horrek erakutsi du presidente izateko aurkezteko asmoa duela.

Esperantza galduta

Egiptoko iraultza kolokan jartzen duten arrisku etengabeak gorabehera, uste baino jende gutxiago bildu da azken manifestazio deialdietara. «Jende askok esperantza galdu du, edo esaten du ezer ez dela aldatu Mubarak erortzearekin, edo lehen baino okerrago dagoela herrialdea, eta ez du plazara etorri nahi», esan du Amal El Mohandis-ek, Egipto Libre plataformako kideak. «Guztiarekin ere, gu berriz ere joango gara, eskaerak bete ditzaten». Egipto greba giro batean dago, garraioan, irakaskuntzan, industrian; langileek soldatak igotzea nahi dute, eta lan baldintzak hobetzea, hainbat urtetan ahaztuta egon ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.