Egiptoko herritarrek presidentea hautatzeko asmoz jo dute bozkalekuetara; hunkituta jo ere, desegin berria baita duela sei hilabete modu demokratikoan hautatutako parlamentua. Iraultzaileek diote estatu kolpe militar bat izan dela.
«Jakin izan bagenu parlamenturako hauteskundeek jende hau ekarriko zigutela legegintzaldi honetan, ez genituzkeen gainbegiratuko», esan zuen Ahmed al-Zend-ek, Epaile Egiptoarren Klubeko liderrak, Hosni Mubarak presidente ohiaren kasuari buruzko sententziagatik hainbat kritika jaso eta gero. Nolabait ere, sistema judizialak ederki mendekatu zuen parlamentua ostegunean; hain zuzen, konstituzioaren kontrakotzat jo zituen haren herenak, ez zuelako bete hautagai independenteei zegokien aulki kopurua. Ebazpenak berekin dakar, esaterako, desegitea trantsizio garaian modu demokratikoan hautatutako organo bakarra, eta militarrei eskualdatzea botere legegilea. Horrek ez du eragotzi, baina, gaur-biharretan egitea presidentetzarako hauteskundeen bigarren txanda.
Inor gutxik du zalantzarik politikak akuilatua dela Auzitegi Konstituzionalen sententzia, Mubarakek izendatutako berberak baititu kideak. Presidentetzarako hauteskundeak garbiak direlakoan daudenen argudioa da parlamentua eta presidentetza kontrolatzea eragotzi nahi diela Junta Militarrak Anaia Musulmanei, haien hautagai Mohamed Mursik irabaziko balu ere. Hauteskundeak —Ahmed Xafik hautagaiak, Mubaraken lehen ministro izandakoak irabaz ditzan— atondu egin dituztelakoan daudenek diote, berriz, «estatu kolpe sotil» bat izan dela eta honako helburu hau izango lukeela: berrezartzea antzinako erregimena eta bere hartan uztea armadaren boterea.
«Jende honek [militarrak] hauxe pentsatzen du: Jakina, armadak kontrolatzen du Egipto... nork, bestela?. Haien irudiko, ezin pentsatuzkoa da zibilek kontrolatzen dutenik benetan armada»; hala kontatu zion egunkari honi Issandar el-Amrani-k, The Arabist blogaren egileak. Haren ustez, «antzekoak dira gaur egungo egoera eta 50eko hamarkadakoa; orduan, ofizial libreek [Naserrenak] eta Anaia Musulmanek batu egin zituzten beren indarrak, Faruk erregea kargutik kentzeko, eta, behin boterean, Naserrek zapaldu egin zuen bai anaitasuna eta bai beste edozein oposizio ere».
«Ez da atzera Mubaraken garaiko ustelkeriara itzultzea. Erregimena bere burua asmatzen ari da,behin eta berriro», esan zuen ostegunean Mohamed Mursik, Anaia Musulmanen presidentegaiak, nahiz eta horrek berekin ekarri parlamentuan botere legegilea galtzea —ganberan zuten gehiengo zabalak hartarako bidea ematen zien anaiei—. Egoerari etekina aterako diolakoan dago Mursi; haren iritziz, «bozkalekuetan dago iraultza», eta, hortaz, ez lukete zertan ez aurkeztu hauteskundeetara, hainbat indar politikok eta iraultzailek hala eskatuagatik.
Ahmed Xafik hautagaiaren alderdian —lehengo erregimenaren jarraipenarenean—, berriz, garaipen gisa hartu eta ospatu zuten Auzitegi Konstituzionalaren ebazpena. Alde batera utzi zuen parlamentua desegin izana, baina poztu egin zen konstituzioaren kontrakotzat jo izana hemizikloan onartutako bakartze politikoaren legea; haren bidez, Mubaraken erregimeneko kideek galarazia zeukaten kargu publikoetara aurkeztea. Egokitzat jo izan balute, lege horrek hauteskundeen lehiatik kanpo utziko zukeen Xafik.
Konstituzioa
Behin parlamentua deseginda, Auzitegi Konstituzionalaren sententziaren ondorio logikoa izango litzateke desegitea batzorde konstituziogilea, aste honetan parlamentuan onartua. Ofiziala ez bada ere, militarrek botere legegilea bereganatuko balute, beste batzar bat izendatu beharko lukete; eta, nolanahi ere, hori kili-kolo zegoen, alderdi liberalak atzera egin dutelako. Bigarrengoz, Anaia Musulmanek eta salafistek gehiengoa osatu zuten hemizikloan, batzarra irudi islamistaz josteraino, eta horrek ezkerreko sektoreen arbuioa eragin zuen.
«Konpromiso bat nahi genuen Anaia Musulmanekin», azaldu zuen Mahmud Salem blogariak, Sandmonkey esaten diotenak; ez zuen arrakastarik lortu parlamenturako hauteskundeetan. «Haientzat, presidentetza; eta guretzat [liberalak], konstituzioa... ziurtatu egin behar dugu eskubide zibilak jasoko dituela», adierazi zuen. Anaia Musulmanek ez zuten itunik egin nahi izan, eta, beraz, hauteskundeetara begira, galdu egin zuten iraultzaileen babesa.
Hauteskundeak
Bi aste hauetan, hedabideen arreta bereganatu dute, besteak beste, Mubaraki buruzko sententziak, batzar konstituziogilea eratu izanak eta Auzitegi Konstituzionalaren sententziak. Telebistan, elkarrizketen kanpaina bat; eta hainbat prentsaurreko, aurkariari omena kentzeko asmoz. Xafikek Anaia Musulmanei egozten die gameluaren bataila akuilatu izana iraultza garaian; Mursik, berriz, nahiago du mubarakistatzat jo Xafik eta iraultzaileen botoak bereganatzen ahalegindu. Egiptoarrek ezer gutxi edo ezertxo ere ez dute entzun hauteskunde programen inguruan; bai, ordea, ezinago gaizki ibiliko dela herrialdea besteak irabaziz gero.
Xafik ala Mursi. Batak ala besteak irabazi, Junta Militarraren nahien mende egongo da, ez baitu inolako euskarririk izango: ez konstituzio iraultzailerik eta ez parlamenturik. Xafikek irabaziz gero, berriro abiaburuan legoke trantsizioa; baina Issandar el-Amraniren ustez, «besterik gabe, ezin dute nahi dutena lortu». Mursik irabazten badu, eta armadaren aginduei men egiten badie, hauxe iragarri du: «Joko politikorako toki gutxi utziko nieke gainerako alderdiei hurrengo urteetan». Mahmud Salemek hauteskundeei boikot egiteko asmoa du, eta, haren ustez, honetan dago hautua: «Iraultzaren kontrako diktadura militar sekular bat ala iraultzaren kontrako diktadura islamista bat».
Egipton militarren agintepean hautatuko dute presidentea
Mohammed Mursi islamistaren eta Ahmed Xafik Mubaraken lehen ministro ohiaren artean aukeratuko dute gaur eta biharAnaia Musulmanek botoa emateko eskatu dute, «hauteslekuetan dagoelako iraultza»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu