Egipton presidentetzarako lehian sar litezke Anaia Musulmanak

Estatuko boterea hartzeko hautagairik ez aurkezteko zina heldu den astean berrikusiko du alderdi islamistak

Erredakzioa
2012ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Anaia Musulmanek heldu den astean erabakiko dute Egiptoko presidentetzarako hautagai bat aurkeztuko duten ala ez. Aurkeztea erabakiko balute, duela urtebete Hosni Mubarak agintetik kentzean egindako zina hautsiko luke alderdi islamistak, orduan presidentetzarako ez zela lehiatuko adierazi baitzuen, eta horren ordez bertze hautagaietako baten alde eginen zuela. Heldu den apirilaren 4an bukatuko da hautagaiak aurkezteko epea.

Egiptoko hedabideek uste zuten Anaia Musulmanek eta Mubarak eroriz geroztik indarrean dagoen Kontseilu Militarrak hautagai bat hitzartuko zutela, baina islamisten eta armadaren azken tirabirek aukera hori txikitu dute. Izan ere, Kontseilu Militarrak ez du egungo gobernua desegin nahi, herrialdeko alderdi nagusiak hori eskatu dion arren. Anaia Musulmanen ustez, Kamal Ganzouri lehen ministroak «porrot» egin du bere egitekoan.

Indar nagusia, erruz

Anaia Musulmanek Askatasuna eta Justizia Alderdia sortu zuten parlamenturako bozetarako, eta Egiptoko Aliantza Demokratikoa koalizioarekin aurkeztu zen hori. 11 alderdik osatzen dute koalizioa, eta Bakea eta Justizia Alderdia da nagusia. Aliantza Demokratikoak erruz irabazi zituen bozak, parlamentuko jarlekuen %45 lortuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.