Tunisiako iraultza inguruko herrialdeetara zabalduko zela denen ahotan zegoen ustea zen, eta, honezkero, susmo izateari utzi dio. Egipton azken urteetako protesta handienak izan ziren atzo; milaka lagun atera baitziren kalera hainbat hiritan; Alexandrian, Asiuten, Ismailian, Al Minian eta Port Saiden izan ziren manifestazioak. Kairoko Tahrir plazan ere jendetza elkartu zen. Han borrokak izan ziren manifestari eta polizien artean —polizia bat eta bi zibil hil ziren—; goizean negarra eragiteko gasa eta ur kanoiak baliatu zituzten poliziek herritarrak sakabanatze aldera, baina iluntze aldera amore eman eta plazatik erretiratu ziren.
Hosni Mubaraken erregimenaren kontrako oihuak ozenak izan ziren. «Mubarak diktadorea erorarazteko ahalegina egiteko nago hemen, amaitu da, beldurraren harresia hautsi da», zioen Sherif Halil. Hark bezala dozenaka gaztek ekin zioten une horretan presidentearen dimisioa eskatzeari. Mustafa gazteak jakinarazi zuen gaua emango zuela plazan: «Oso pozik nago, inoiz ez nuen horrelakorik bizi, aldaketak egotea espero dut; Mubarak joan dadila». Shahira emakume edadetua ere kalera atera zen: «Oraingoan ezberdina da, milaka gara, gizarte maila ezberdinetakoak, eta ez soilik eliteetakoak orain arte bezala, unea iritsi da, unea iritsi zaie».
Mubarak 1981. urtetik dago boterean, eta ordutik egon da indarrean larrialdi legea. Elkarretaratzeak egitea debekatzen du arau horrek, eta, hartara, manifestariak atxilotzeko bidea ematen du. Oposizioak nekez izan du horregatik urteotan protestatzeko aukera. Anaia Musulmanak da oposizioko alderdi nagusia, eta urteotan ehunka kide atxilotu dituzte herrialdean —atzo ere alderdiko hamabost lagun eta oposizioko taldeetako beste hamar kide atxilotu zituzten—. Iragan azaroan,legebiltzarrerako hauteskundeetan ere iruzurra salatu zuten, ezen ordezkaririk ez baitzuten eskuratu aurreko legealdian eserleku dezente bazituzten ere.
Internet bidezko deialdia
Anaia Musulmanak, Kifaia, Apirilaren 6a, Uafd eta Al Gad alderdiek babestu zituzten atzoko protestak —Auzitegi Gorenaren aurrealdean elkarretaratzea egin zuten—, baina manifestazioetarako deialdia gazteek egin zuten; Interneteko Facebook eta Twitter sare sozialak eta web atariak baliatu zituzten protesten orduak eta lekuak zehazteko eta zabaltzeko. Haserrearen Eguna izendatu zuten atzokoa.
Tunisian duela hilabete luze piztutako protestek izandako ondorioei erreparatu diete inguruko herrialdeetan ere. Ezaugarri ugari partekatzen dituzte estatu horiek guztiek, tartean, aspaldian diktadoreen kontrolpean egotea eta pobrezia eta langabezia maila altuak izatea, eta testuinguruhorretan erreforma demokratikoak aldarrikatzeari ekin diote.
Herrialde arabiarretan erreforma politikoak egiteko garaia iritsi dela uste dute adituek. Jeffrey Feltman AEBetako Ekialde Hurbilerako Estatu idazkari ondokoa ere iritzi horretakoa da; Tunisiako eredua jarraitu beharrekoa da, «herritarren zilegizko eskubide politiko, sozial eta ekonomikoak bete daitezen». Adituen hitzetan, erronka bat da bide horretan aurrera egitea, eta islama demokrazia ezarekin lotzeari utzi behar zaiola uste dute.
Egiptora ere zabaldu dira protestak, eta ehunka lagun atera dira kalera hirietan
Hosni Mubaraken dimisioa eskatu dute herritarrek; polizia bat eta bi zibil hil dira liskarretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu