Egiptorekiko mugan hesi bat eraikitzeari ekin dio Israelek

Lehen fasean 140 kilometroko hesi bat eraikiko dute; 270 milioi euroko aurrekontua bideratu dute horretara

2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Israelek beste hesi bat eraikitzeari ekin dio. Zisjordaniako banaketa hesia nahikoa ez, eta beste harresi bat egiten hasi da hegoaldean, Egiptorekiko mugan. Sinaiko penintsulatik herrialdera sartzen saiatzen diren etorkin afrikarren oldea geldiarazi nahi du horrela. Benjamin Netanyahuren gobernuak urtarrilean hartu zuen erabakia, eta lanak, berriz, atzo hasi zituzten. Mugak dituen 250 kilometroetatik hasiera batean 140 hesitu nahi ditu.

Hondeamakina andana lanean hasi zen atzo penintsulan. Hesia eraikitzeko lehen fasea da. Elektrifikatutako burdin-hesi bi egongo dira zehazki, zelatatzeko dorreez tartekatuak. Detekzio elektronikoak jarriko dituzte ere bi lerroon artean eta, gainera, segurtasun indarren patruilak egongo dira eskualde horretan, orain artekoan bezala. Lehen fase batean 140 kilometro «segurtatu» nahi Israelek. Lan hauen aurrekontua 1.350.000 milioi shekel ingurukoa izango da; 270 milioi euro.Mugako luzera osoan, hots 250 kilometroetan, eraiki behar balitz hesi hori, kostua 4.000 milioi shekel ingurukoa litzatekeela zehaztu dute hainbat iturrik; 809,4 milioi euro.

Aitzakiak eta argudioak

Hesia eraikitzeko erabakia urtarrilaren 13an hartu zuen Israelek. Horretarako aitzakia izan zen Egiptoko lurraldea den Sinaiko penintsulatik Israelera etengabe sartzen direla etorkinak. Egunpaperik gabeko 30.000 etorkin daudela uste da eta kopuruhori bi urtean 70.000 igo daitekeela ohartarazi du Eli Yishaik. Israelgo Barne ministroaren arabera herritarrak kalera ateratzeko beldur dira: «Eskuin muturrekoa naizela eta adarrak ditudala uste dutenei sudandar batzuk bidaliko dizkiot auzora ea zer gertatzen den».

Benjamin Netanyahuk hesiaren zilegitasuna aldarrikatzeko behin eta berriz erabilitako argudioa da hori: «Israel da herrialde garatuen artean bakarra hirugarren munduko eskualdeetatik oinez etortzeko aukerarik ematen duen bakarra». Haren ustetan, «babes neurriak hartu ezean atzerrikoehunka mila behargin eta legez kanpoko etorkin» joango dira Israelera.

Lehen ministroak, hala ere,ziurtatu du harrera egiten jarraituko diela asilo politiko eskatzen duten lagunei, hauen artean errefuxiatuei; Sudango Darfur eskualdetik ihes egindakoei. Israelgo Gobernuak zabaldutako datuen arabera, 2006. urtetik 19.000 asilo politiko eskari jaso ditu. Israelen, egonaldi baimena amaitu ostean, paperik gabe geratu diren atzerritarrak ere milaka izan direla jakinarazi du. Poliziaren arabera 100.000tik gora lirateke, baina giza eskubideen defentsan ari diren erakundeek iritzi diote kopuru horiek «nabarmen gehiegizkoak» direla. Nola nahi ere, etorkin hauek hiriburukoauzo pobreetan edo mugaldean kokatua den Eilat hirian bizi dira, gabezia gorrienean.

Egiptorentzat kritikak ere baditu Israelek. Sinaiko penintsulatik sartzen diren immigranteen bidea eragozteko ahalegin askorik ez egitea egozten baitio. Kairoko agintarien jokaerek, baina, giza eskubideen ekintzaileen salaketak ere eragin ditu. «Egiptoko mugazainek heriotza gune bilakarazi dute muga etorkinentzat». HRW Human Rights Watch erakundeak salatu du mugazainek muga zeharkatzen saiatzen diren etorkinak atxilotu ordez, haien kontra tiro egiten dutela sarritan.

Hala, iturri ezberdinen arabera, gutxienez 28 etorkinek galdu dute bizia urte honen hasieratik, mugazainen tiroketetan. Iaz, aldiz, gutxienez hogei bat hil zirela diote iturri hauek beraiek. Egiptoko agintariek, ekintza hauek argudiatzeko ematen duten azalpena da, paperik gabeko etorkinak beduino taldeek eramaten dituztela mugaraino, eta hauek armaz aurre egiten dietela segurtasun indarrei. Beduino talde hauei, paperik gabekoen trafikoan aritzeaz gain, legez kanpoko hainbat jardueratan ibiltzea leporatzen diete Kairok eta Tel Avivek.

Jerusalemen polemika

Israelgo Gobernuak herenegun hartutako erabaki batek, bien bitartean, giroa gaiztotu dezake berriz Jerusalemen.Ezen, Tel Avivek jakinarazi du 85 milioi shekel -17 milioi euro- inbertituko dituela juduen leku sakratu Auhenen Harresira hurbiltzeko baldintzak hobetzearren. Gune honen goiko partean aurkitzen da, baina, musulmanen santutegietako batden Mezkiten Zabalgunea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.