Dilma Rousseffi ongi etorria emateko eguna ere bazen, baina bereziki inoizko presidente kuttunenari agur esateko eguna zen atzokoa Brasilen. Zortzi urteko buruzagitza oparoaren ostean, %80tik gorako onarpen indizerekin esan dio agur karguari Luiz Inacio da Silvak (Caete, 1945). «Egitekoak eginda» doala dio, eta hemendik aurrera «herriak kaleetan» ikusiko duela. Nekez imajina zezakeen inork tornulari soil bat presidenterik maitatuena bilakatuko zenik.Baina hamalau milioi lanpostu berrirekin eta inoizko ekonomiarik indartsuenarekin utzi du herrialdea. Pobrezia tasa ere nabarmen murriztea lortu du gizarte politikei esker. Kolore batekoak zein bestekoak penatuta hartu dute haren agurra.
Atzo hartu zuen lekukoa Dilma Rousseffek. Lulak, bera baino «askoz hobea» izango dela esan du behin eta berriz. Rousseffentzat, ordea, ez da zaila izango haren arrastoa jarraitzea, izan ere, 37 ministroren artetik hamabost agintean izandakoak dira. Bederatzi emakume izango dira exekutiboan eta emakumeei eskaini die lehen hitzak kargua hartzeko ekitaldian. «Guztientzat» agintzeko hitza eman du, bereziki«baztertuta» daudenentzat. Lulak agur mezuan esan zuenari —«gizarte guztiarentzat agintzea posible dela erakutsi dut»— erreparatu dio horrela Rousseffek.
Oparoa da, baina, bere aurrekariak egin duen ekarpena. Brasil nazioarteko panoraman kokatu du Lulak. Aurkariek, narkotrafikoaren eta indarkeriaren arazoak konpondu ez izana egozten dizkiote. Ekonomiaren hazkundea, Fernando Henrique Cardoso presidentearen legatua dela sinetsita daude horiek, eta Lula loria eraman duena baizik ez dela diote.
Berak sortu zuen Langileen Alderdiko (PT) hautagai gisa, eta ondoren hirutan galdu zituen presidentetzarako bozak. Fernando Collor de Melloren aurka lehenik 1989an, eta Cardoso beraren aurka gero, 1994an eta 1998an.
Laugarrenean, aldiz, mezu moderatuago batekin, garaipena eskuratu zuen. Munduko presidenterik bozkatuena bilakatu zen 2002an; 52 milioi herritarren babesa jaso baitzuen orduko hartan. 2006an, baina, are gehiago izan ziren: 58 milioi. Brasilgo Konstituzioak bi legealdi bakarrik onartzen ditu jarraian eta hirugarren aginte batetarako gogoarekin utzi du presidentetza, baina, itunaren erreforma bat egiteko aukeraz galdetu diotenei ezezko borobila eman die Lulak: «Batek beste agintaldi bat gehiago eskatzen du, eta gero lau gehiago nahi ditu, eta gero bost. Eta herrialdea diktadura batean bilakatzen hasten da inor ohartu gabe». Dena den, ez du baztertu ondorengo bozetan berriz ere lehiatzea.
Pobreziaren kontrako borroka
Lularen arrakastaren gakoetako bat pobreziaren aurka egin duen borroka izan da. Baita bestelako programa sozialen garapena ere. 2003an presidentetzara heldu zenean baino 28 milioi behartsu gutxiago daude egungo Brasilen. Dena den, oraindik orain, 30 milioi dira oinarrizko beharrak asetu ezin dituztenak. Familia Poltsa proiektua da beste lorpenetako bat. Hamabi milioi familia ingururi diru laguntzak ematen dizkiete haurrak eskolatu ditzaten eta elikagaiak eskuratu ditzaten. Familiak pobrezian ez betikotzea da xedea. Lularen aurkariek, dena den, pobrezia neurtzeko baliatzen diren metodoak zalantzan jartzen dituzte. Ezin da ukatu, baina, ekonomiak sekulako hazkundea izan duela haren aroan. Brasil Latinoamerikako ekonomiarik indartsuena da uneotan eta mundu mailan zortzigarrena. Lulak berak, hemendik lasterrera, herrialdea munduko bosgarren potentzia bilakatuko dela adierazi du. Aurten, %7,5 inguru hazi da ekonomia. Zortzi urtetan hamalau milioi lanpostu finko sortu dira.
Lula karismadun liderra da etxean eta baita etxetik at ere. Atzerri politika izan da, hain justu, hazkundearen gakoetako bat. Hala, batekin zein bestearekin ondo konpontzeko duen dohainari esker sona lortu du nazioartean; G8koan parte hartzea lortu zuen. 2014ko Futboleko Mundu Kopa eta 2016ko Olinpiar Jokoak Lularen lorpenak direla ere sinetsita daude adituak.
Brasilgo ipar ekialdean jaio zen Lula, aitak bazter utzitako zortzi senideko familia batean. Zazpi urterekin Sao Paulora heldu zen eta bertan kale-saltzaile eta zapata-garbitzaile gisa aritu zen lanean. 15 urterekin tornulari egin zen,sindikalgintzan murgilduz. 70eko hamarkadaren amaieran, jada lider sindikalista bilakatuta, diktadura kolokan jarri zuen gose greba historikoa zuzendu zuen Lulak. Langileek Brasilen inoiz egin duten protestarik handiena izan zen hura.
Lularen ibilbidean, baina, akatsak eta zailtasunak ere egon dira. Estropuz eginagatik, ordea, ez da lurrera erori. 2005ean, esaterako, ustelkeria kasu larri batek zipriztindu zuen alderdia. Brasilgo Alderdi Laboristako (PTB) kideei soldata «mamitsuak» ordaintzen zizkietela aireratu zuten, baina eskandalutik airoso irten zen.
Battistiren estradizioari uko
Nazioartean, ere hainbat herrialdek ez dute ulertu, Lulak Iranekiko eta Kubarekiko izan duen hurbiltasuna. Italiarekin izan du azken polemika. Cesare Battisti Brigada Gorrietako kide ohia estraditatzeari uko egitea izan baita presidentearen azken erabakia. Berunezko urteetan lau lagun hiltzea, tartean bi polizia, leporatzen diote Battistiri. Italian bizi arteko kartzela zigorra ezarri zioten horregatik, baina errefuxiatu estatusa aitortu zion Lulak.
Narkotrafikoaren eta faveletako indarkeriaren aurkako borrokak ere ez ditu esperotako emaitzak eman. Hilketen kopurua murriztu bada ere, oraindik lan handia dago egiteko arlo horretan. Baina, arazoak arazo, duela zortzi urte agintera heldu zenean topatu zuen Brasil berpiztuta itzuli dio herriari inoizko presidenterik maitatuena izan denak.
Egitekoak eginda joan da Lula
Brasilgo inoizko presidente maitatuena izan da Lula; %85eko babesa du egun, eta herriak orain kaleetan ikusiko duela esan duRousseffen exekutiboak bederatzi emakume eta hamabost ministro ohi izango ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu