'TORY'-EN KONFERENTZIA
Bihar hasi eta heldu den asteazkenean bukatuko da Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadorearen urteroko konferentzia. Theresa Mayren lidergoaren egoera zehaztuko du. Berebiziko garrantzia du horrek, EBrekin egin den negoziazio prozesu osoa zuzendu baitu Mayk. Alderdiaren zati handi baten babesa galduko balu, ezinen da jakin zenbat denboraz eutsi ahalko lioken lehen ministro karguari.
EUROPAR KONTSEILUA
Urriaren 18an eta 19an elkartzekoak dira EBko 28 estatuen agintari gorenak. Bertze 27ek ordura arteko epea eman diote Mayri batasuna uzteko proposamen bat egiteko, aitzinekoa, Chequers plana, guztiz baztertu baitzioten joan den astean. Azaroaren 17 eta 18rako, berriz, kontseiluko kideek bertze bilkura bat prestatua dute, helburu bakarrarekin: urrian eginda egon beharko lukeen akordioa guztiz ixtea. Bide orri hori beteko ez balitz, abenduaren 13an eta 14an kontseiluak bertze bilkura bat eginen luke, azken orduko akordio bat lortzeko. Epe hori ere beteko ez balute, ezin jakin nola garatuko litzatekeen prozesua martxora arte.
PARLAMENTUAK
Akordio bat eginez gero, bi parlamentuek, Erresuma Batukoak eta Europakoak bozkatu behar dute hori. Europako Parlamentuan ez luke traba berezirik izan behar oniritzia lortzeko, pentsatzekoa baita talde nagusiek alde bozkatuko dutela; arazoa, ordea, epeek jar lezakete. 2019an hauteskundeak dira EBn, eta brexit egunaren aitzinetik parlamentuak martxoaren 11-14 artean eginen du azken osoko bilkura. Hauteskundeetarako desegin aitzinetik, berriz, apirilaren 15-18an du, baina ordurako brexit-aren epea gainditua izanen da.
Erresuma Batuan, berriz, kontserbadoreek ez dute gehiengo osoa. Mayk behar adina boto lortzen ez baditu, boterea galdu eta hauteskundeetara deitzeko aukera handiak sortuko dira. Hori gertatuz gero, hagitz zaila izanen da bertze akordio bat egitea, eta hainbat faktorek erabakiko dute posible ote den; lehenik eta behin, epeak, eta, ondoren, gobernu berriaren jarrerak, parlamentuan edukiko duen babesak...
MARTXOAREN 29A
Panorama aski ezberdina izanen da akordio batekin ailegatu ala ez. Akordiorik gabe ailegatuz gero, gaurkoz, inork ez daki zehazki zer gertatuko den, estatu bakar batek ere ez baitu inoiz EB utzi. Akordioa egina badago, 21 hilabeteko trantsizio aldi bat hasiko da. Erresuma Batuak pixkanaka utziko dio EBren arauei eta aginduei jarraitzeari, eta etorkizuneko harremana nolakoa izanen den negoziatuko dute epe horretan.