Mundua

Egonkor jarraitzen du Ramos Horta Timorko presidenteak

Militar matxinoek tiroka zauritu zuten atzo, estatu kolpe saioan. Halaber, Xanana Gusmao lehen ministroari eraso zioten, baina ez zuten zauritu. Salbuespen egoera ezarri dute. Australiak laguntza tropa gehiago bidali ditu.

2008ko otsailaren 12a
11:50
Entzun
Larri baina egonkor jarraitzen du Jose Ramos Horta Ekialdeko Timorko presidenteak Darwingo (Australia) erietxe batean. Eskuin birikan zauria duela-eta koma induzitua eragin diote arnasa hartzeko makinaren laguntza ezartzeko, baina medikuen arabera, horikenduta ere, arnasa hartzeko gai izango litzateke. Ostegunean aterako da koma induzitutik, eta orduan jakingo dute zehatzago osatze prozesua nola doan. Nolanahi ere, hiltzeko arriskutik kanpo dagoela diote Darwingo erietxeko medikuek.

Ramos Horta tiroka zauritu zuten atzo militar matxinoek. Estatu kolpea emateko saioa egin zuten, eta presidentea tirokatu zuten lehendabizi eta Xanana Gusmao lehen ministroa handik ordubete ingurura. Ramos Horta larri zauritu zuten, baina Gusmao onik atera zen erasotik. Alfredo Reinaldo matxinatuen burua, ordea, hil egin zuten presidentearen aldeko soldaduek.

Gusmao lehen ministroak salbuespen egoera ezarri du 48 orduz. Australiak, berriz, tropa gehiago bidali ditu Ekialdeko Timorko gatazka baretzen laguntzeko.

Urte askoz Indonesiaren menpe izan ondoren, 2002an lortu zuen Ekialdeko Timorrek independentzia. Hain zuzen ere, Ramos Horta egungo presidentea izan zen borroka horren gidarietako bat; Bakearen Nobel Saria jaso zuen engaiamendu horrengatik. Gusmao lehen ministroa ere independentziaren aldeko buruzagietako bat izan zen. Hala ere, independentzia lortzean barne borrokak piztu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.