Egonkortasuna lortzea izango da gobernuaren lehentasuna Txinan

Alderdi Komunistak iragarri du Herri Batzar Nazionalean %11 handituko duela armadaren aurrekontua

Erredakzioa
2012ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Iaz ezarritako hainbat helburu ez dituztela bete aitortu du Wen Jiabao Txinako lehen ministroak urteroko Herri Batzar Nazionalean. Lurren desjabetzeek, hainbat etxebizitzak eraitsi izanak, jakien nahiz farmazia produktuen ekoizpenean segurtasunik ez edukitzeak eta aberastasunaren desorekak herritarren protestak piztu dituztela azaldu du Wenek batzarrean, eta datorren urterako gizartean egonkortasuna lortzea premiazkoa dela nabarmendu du.

Urtearen errepasoa egin du Txinako Alderdi Komunistak Herri Batzar Nazionalean, eta datozen hilabeteetarako estrategia zehaztu du. Besteak beste, «nazioaren defentsaren eskaerei erantzuteko», armadaren aurrekontua %11 handitzea erabaki du Pekinek. Munduko armadarik handiena da Txinakoa, eta, aurten, 80.500 milioi euroko aurrekontua izango du. Defentsaren garapena garapen ekonomikoaren araberakoa dela azaldu du Li Zhaoxing Herri Batzar Nazionalaren bozeramaile eta Atzerri ministroak, eta igoera «egokia eta zentzuzkoa» dela nabarmendu du.

Pekinek armadari geroz eta diru gehiago emateak, baina, errezeloa sortzen du AEBetan eta Japonian, Txina indartsu bat mehatxutzat baitaukate. Dena den, armadara BPGaren %1,28 bidaltzen dutela azaldu du Lik, duela urte batzuk baino gutxiago, eta AEBek baino nabarmen gutxiago.

Alderdiaren batzarrera begira

Udazkeneko Txinako Alderdi Komunistaren Batzar Nazionalera begira mintzatu dira agintariak; izan ere, bost urtean behin egiten duten legez, alderdiko zuzendaritza eta idazkari nagusi berria aukeratuko dituzte orduan. Ondoren, presidentea aukeratuko dute Herri Batzar Nazionalean.

Langabeziari aurre egitea, gizartearen ongizatea garatzea eta barne eskaria bultzatzea izango da gobernuaren helburu nagusia udazkeneko bilerara begira. Aurten, dena den, herrialdearen hazkundea txikitu egingo dela uste dute agintariek, nazioarteko krisi ekonomikoaren eraginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.