«Hiesa gelditzea lortu dugula eta mundu osoko hedapena murrizten ari garela frogatzen du txostenak», azpimarratu zuen atzo Michel Sidibe NBEHIESeko zuzendariak. Izan ere, gutxienez 56 herrialdek lortu dute hiesdunen tasa egonkortzea edota murriztea. Gainera, 56 herrialde horietatik 25 Saharaz hegoaldeko Afrikakoak dira, hiesak gehien zigortu duen ingurukoak.
Bestalde, hiesarekin bizi direnen kopuruak gora egin du azken urteotan. 33,3 milioi pertsona ziren iaz. Datu baikorra da, horren atzean hiesdunen bizi-itxaropenaren luzatzea baitago. Gakoa,gero eta jende gehiagok duela eskuragarri erretrobirusen kontrako tratamendua.
Tratamendua, gutxiren esku
Hiesaren kontrako borrokaren argi uneez gain, alde ilunak ere agerian utzi ditu NBEren txostenak. Tratamendua hasten duen pertsona bakoitzeko bi lagunek hartzen dute hiesa, batez ere prebentzio programetan eginiko inbertsioak «ez direlako egokiak izan eta gaizki banatu direlako», Sidiberen esanetan. Horrez gain, hiesaren hedapenari dagokionean, NBEHIESaren zuzendariak alarma deia egin die Europa ekialdeko eta Asia erdialdeko zazpi herrialderi. Izan ere, inguru horretan %25 handitu da birusa hartzen duten biztanle kopurua.
Hiesdunen bizi-itxaropena luzatzeko ezinbestekoa da erretrobirusen kontrako tratamendua eskuragai izatea. Oraindik, ordea, garatzeko bidean dauden herrialdeetan bizi diren 15 milioi hiesdunen %65ek baino ez dute erretrobirusen kontrako tratamendua hartzen. Hau da, hiesa duten 10 milioi pertsona daude munduan tratamendua hartzeko aukerarik barik.
Hala ere, hiesaren kontrako tratamendua hartzen dutenen kopuruak nabarmen egin du gora azken bost urteetan. 2004an 700.000 ziren tratamendua hartzen zutenak; iaz, berriz, 5,2 milioi.
Tratamendua garrantzitsua bada, are garrantzitsuagoa da prebentzioa. Azken urteotan prebentzioaren bidean lortutako arrakastak azpimarratu ditu NBEren txostenak. Esaterako, amek seme-alabei gaixotasuna kutsatzea saihesteko ekimenek emaitza ona izan dute, eta arriskua gutxitzea lortu da. Azken datuen arabera, hiesarekin jaiotzen diren umeen kopurua %25 jaitsi da azken bost urteetan: 370.000 haur hiesdun jaio ziren iaz.
Sexu harremanetan hiesa hartutako nerabeen kopurua ere %25 jaitsi da epidemiak gehien kolpatzen dituen hamabost estatuetan. «Harreman sexual babestuagoak dituzte orain», Michel Sidibe NBEHIESeko zuzendariaren esanetan.
Afrika, gehien zigortutakoa
Hiesak gogorren kolpatu duen kontinentea da Afrika. Saharaz hegoaldeko Afrikak mundu osoko hiesdun berrien %69 biltzen ditu. Hala ere, NBEHIES txostenak datu esperantzagarriak kaleratu ditu: Saharaz hegoaldeko umeen artean, adibidez, %38 jaitsi da hiesdunen kopurua.
Bestalde, munduan hiesdun tasa altuenak dituzten Etiopia, Hegoafrika, Zambia eta Zimbabwe herrialdeetan %25 baino gehiago murriztu dituzte hiesdunen kopuruak. Nigeriak, halaber, epidemiaren hedapena egonkortzea lortu du. Hain zuzen ere Hegoafrika da munduan hiesdun gehien dituen herrialdea (50 milioi biztanletik 5,6 hiesdunak dira). Bertan ere izan dira hobekuntza txikiak: hiesdun berrien tasa %1 jaitsi da 18 urteko gazteen artean eta %3,3 15 urtetik 24ra bitartekoen artean.
NBEHIESaren txosteneko datuak eskuan hartuta, balorazio baikorra egin du Sidibe zuzendariak: «Hiesaren hedapenari bideak hausten ari gatzaizkio ekimen ausartak eta erabaki adimentsuak erabiliz». Horretarako, ordea, dirua behar. Azken hamar urteetan hiesaren aurkako programetan inbertitutako diru-funtsak%30 eta %50 bitartean goratu dira. Iaz, ostera, krisi ekonomikoaren eraginez, ez zen gorakadarik izan. «Ezin dugu egora hau betikotu, bestela arriskuan egongo dira hainbat programa», salatu zuen atzo Sidibek.
Iaz 15.900 milioi dolar jarri ziren mundu osoan hiesaren kontra egiteko, alabaina, NBEren arabera 26.800 milioi dolar behar ziren 2010eko hiesaren kontrako programak gauzatu ahal izateko.
OMEren azken txostena, osasuna unibertsal egiteko eskatuz
Astelehenean argitaratu zuen OME Osasunerako Mundu Erakundeak urteroko txostena. Margaret Chan OMEko zuzendariak «osasun kostuak igo arren eta krisi ekonomikoak sortutako zailtasunen gainetik, osasun publikoa unibertsal egiteko bidean jarraitzeko» eskatu zien estatuei.Izan ere, osasun kostuak goratuz doaz mundu guztian gizartea nagusitzen doalako. Osasun estaldura unibertsala da konponbidea, Chanen ustez. Bestalde, osasunean «gastu adimentsua» egiteko eskatu zuen, horrek «osasun estaldura globala %20tik %40ra handitu baitezake». Hiesa, malaria eta umeen heriotza tasa jaitsi badira ere, emakumeen osasun zaintza kaskarra salatu zuen.