Kataluniako Gobernuko krisia

Eguerdian utzi du Kataluniako Gobernuko kontseilari kargua Carod-Rovirak

Josep Lluis Carod Rovira ERCko idazkari nagusiak gaur eguerdian laga du ofizialki Kataluniako Gobernuko kontseilari kargua, eta, halaber, Gobernuaren egoitzan zuen bulegoa. ERCko iturriek jakinarazi dutenez, Pasqual Maragall Kataluniako Gobernuko presidenteari gutun bat helarazi dio kontseilari kargua laga duela esanez. Horrenbestez, datorren martxoko Espainiako Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkezteko moduan da. Bartzelonako zerrendaburu izango da Carod-Rovira, baina, hala ere, ez du bozen ondoren Kataluniako Gobernura itzultzeko aukera baztertu.

2004ko otsailaren 2a
13:47
Entzun
ETArekin bildu izanak behartu du Carod-Roviraren dimisioa. Joan den astean, batzarraren berri izan ostean, Maragall presidente sozialistak ordu arteko kontseilari buru kargua kendu zion, baina, hala ere, Gobernuan mantendu zuen karterarik gabeko kontseilari gisa.

Dena den, bere inguruan piztu zen zurrunbiloaren ondorioz, Gobernuko kargu guztiak utzi eta datorren martxoko Espainiako hauteskunde orokorretara Bartzelonako ERCko zerrendaburu gisa aurkeztea erabaki zuen Carod-Rovirak, herritarren babesaren bila.

ETArekin izandako batzarraren inguruan, "formetan" hutsegin zuela esan zuen Carod-Rovirak joan den ostiralean Kataluniako Parlamentuan, hain justu, Gobernuko kontseilari buru zela joan zelako bilerara. "Mamian", ordea, ondo jokatu zuela azpimarratu zuen, batzarrera bakea lortzeko itxaropenez joan zela nabarmenduz. Egindakoaren damurik ez duela aipatu du behin baino gehiagotan ERCko buruak azken egunotan.

Era berean, orain Kataluniako Gobernutik atera den arren, etorkizunean itzultzeko aukera ez duela baztertu agertu du Carod-Rovirak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.