COVID-19aren izurria Euskal Herrian apalduz badoa ere, gaitzak oso bizi jarraitzen du munduan. Osasunaren Mundu Erakundeak jakinarazi duenez, egun bakarrean kutsatu berri gehien zenbatu zituzten eguna izan zen atzo; 183.000 pertsona baino gehiago kutsatu dira azken 24 orduetan.
Kasu berri horietatik 50.000 inguru hiru herrialdetan atzeman dituzte: Brasilen, Ameriketako Estatu Batuetan eta Indian. Ia bederatzi milioi lagun kutsatu dira mundu osoan, eta ia 500.000 dira hildakoak.
AEBetan, esaterako, gorantz jarraitzen du kutsatu berrien bilakaerak; Johns Hopkins Unibertsitatearen datuen arabera, igandean 2.278.373 herritar zeuden kutsatuta herrialde horretan, eta 119.959 pertsona hil dira, bart gauean emandako datuen arabera. Gainera, atzo beste 27.000 kutsatu zenbatu zituzten.
Bestalde, Brasil bilakatu da COVID-19ari lotutako heriotza gehien duten herrialdeetan bigarrena, AEBen atzetik; beste 641 pertsona hil dira han azken 24 orduetan, eta jada 50.000 baino gehiago dira.