Egunero da uztailaren 10a

Hilabete gutxian mugimendu independentistek Kataluniako herri eta karrikak hartu dituzte, historian lehen aldiz, eta alderdi guztien ahotan dabil autodeterminazio eskubidea.

arantxa elizegi egilegor
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Uztailaren 10ean hasi zuen Kataluniak independentziarako bidea. Egun hartan kalera irten zirenetako askok ez zuten inoiz pentsatuko autodeterminazio eskubidea defendatzen bukatuko zutenik, baina Espainiako Konstituzionalak Estatutua desitxuratu izanak irauli egin zuen gizartea. Bat-batean, Madrilen eskutik joanez eroso sentitzen zirenek ere haren hatzaparren artean harrapatuta ikusi zituzten beren buruak. Egun batetik bestera, subiranotasunaren aldeko aldarriek herri eta karrikak hartu zituzten. Historian lehen aldiz, alderdi guztien ahotan zegoen autodeterminazio eskubidea, dagoeneko ez zen ERC Esquerra Republicana de Catalunya hautu hori defendatzen zuen Parlamentuko talde bakarra. BERRIAk bost aditurekin hitz egin du aldaketa horren zergatien eta ondorioen inguruan.

«Pentsamolde konstituzionalaren arabera, Espainian nazio, hizkuntza eta kultura ofizial bakarra dago, eta beste guztiak bigarren mailan daude. Pentsamendu hori kolonizatzailea da, eta ez da desagertuko. Horregatik, ekonomikoa eskuratzea independentzia lortzea bezain zaila izango da; beraz, errazagoa da independentzia eskatzea, esfortzu bakarra eginez dena lortzen duzulako», dio Josep Maria Terricabras (Calellas, 1946) Gironako Unibertsitateko Filosofia katedradunak. Bera aspaldidanik da independentista, baina orain urte batzuk arte gutxiengoa ziren hala pentsatzen zutenak; orain, berriz, independentista ez direnak ere subiranotasuna eskatzen hasi dira: «Independentzia nahi izanez gero, ezetz esango dizute, baina ohartzen dira hori dela irtenbide bakarra. Arazoak etengabeak direnez, jendea nekatu egin da, eta beste bide bat urratzeari ekin dio».

Parlamenturako hauteskundeetara aurkezten direnen artean, asko dira boz hauek mugarri gisa deskribatzen dituztenak, alegia, mugimendu independentista neurtzeko balioko dutela diotenak. Baina adituak ez datoz bat, izan ere, alde handia dago bozetara aurkezten diren alderdien eta gizarte mugimenduen artean. «Mugimendu independentista boz hauek erakutsiko dutena baino indartsuagoa da; subiranotasunaren aldeko apustuak badu mugimendu zibila, baina ez hura ordezkatuko duen alderdi politikoa. Independentismoa plano prepolitikoan dago», ohartarazi du Salvador Cardusek, (Terrassa, 1954), Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Soziologia eta Zientzia Politikoetako Fakultateko dekanoak. El cami de la independencia (Independentziaren bidea) liburuaren egilearen iritziz, hala ere, zenbait alderdik mugimenduaren gorakada baliatu nahi izan dute. «Marka independentista batzuk oportunistak dira, eta horietako bat da Solidaritat. Hura eta Reagrupament ezin dira maila berean jarri; Joan Laportaren alderdiak ez du hauteskunde programarik, eta independentzia banderatzat soilik erabiltzen du».

Herri mugimenduen indarra

Aurten inoiz baino gehiago izango dira hauteskundeetara aurkeztu diren alderdi independentistak, baina hori gizartean sortu den mugimenduaren isla besterik ez da. Garai batean, ERC nahikoa zen eskaera horri aurre egiteko, hiruko gobernuan egoteak, ordea, ahuldu egin du alderdia, eta talde berrien sorrera eragin du. «Jendeak erantzunak behar ditu. Estatutuarekin ume txikiak bezala tratatu zituzten, eta ohartu dira ERCren jarrera ez dela egokia izan. Reagrupament eta Solidaritat atsekabe hori bideratzeko kanal gisa sortu ziren», azaldu du Maria Colerak (Donostia, 1972). Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Literatura irakaslearen iritziz, hala ere, herri plataformak dira mugimenduaren benetako oinarriak. «Politikariek ez dute independentzia ekarriko, ez behintzat herriaren babesik gabe; herriak hartu behar ditu erabakiak».

Herri mugimenduek politikagintzan ordezkaritza beharko luketen galdetuta, dena den, ez datoz guztiak bat. Roger Buch (Bartzelona, 1970) Zientzia Politikoetako doktore eta L'esquerra independentista avui (Ezker independentista gaur) liburuarenegilearen ustetan, ez du zertan loturarik egon alderdi eta mugimenduen artean, bi gauza desberdin direlako. «Independentismoa inoiz baino zabalduagoa dago, baina norabide askotan ari da erasotzen. Adibide bat jartzearren, CiU [Convergencia i Unio] da independentista gehien biltzen duen alderdia, eta ez da alderdi independentista».

Batzuek independentismoaren ikurra marketin politiko gisa erabiltzen ote duten galdetuta ere, Buchek ez du zalantzarik egiten. «Alderdi batek bere mitinetan bandera independentistak erakutsi behar baditu -CiUren kasuan bezala-, errealitate baten ondorio da; zentralismora gerturatzeko independentismorantz egin behar baduzu, esan nahi du hura ez dela dagoeneko gutxiengo batzuen kontua. Garrantzitsuena da independentismoak alderdi guztiak baldintzatu dituela, lehen aldiz, guztiek hitz egiten dutelako horretaz».

Aldiz, badira alderdien bat-bateko subiranotasun gosea mesfidantzaz begiratzen dutenak ere. Horietako bat da CUP Candidatura d'Unitat Popular mugimenduko kide Xavier Angelergues (Bartzelona, 1977): «Generalitateko presidentetzarako aurkezten diren alderdi horiek nahi dutena da euren iritziz umezurtz dagoen independentziaren aldeko gizarte mugimendu honen aitatasuna aldarrikatu, eta horren botoak bereganatu». Reuseko independentistaren ustetan, alferreko lana da Espainiako Konstituzioak baimenduta sortutako erakunde baten bidez Espainiako legediari aurre egiten saiatzea, hark inoiz ez baitu halakorik onartuko. «Espainiako Konstituzioak eskuak lotzen dizkigu, eta aurrerago joaten saiatzen bagara, Konstituzionalak geldiarazten gaitu; bada katalanok zeharkatu ezin dugun lerro gorri bat, legedia bete arren. Estatutuak, finean, legedia betetzen zuen, eta hala ere, murriztu egin zuten». Angelerguesen arabera, gainera, azken Estatutu honekin atzera egin dute nabarmen. «Herria ohartu da bi aukera dituela: Espainiaren eta Frantziaren uztarripean jarraitu eta haiek esandakoa bete, edo independentziaz hitz egiten hasi».

Esquerraren lorpena

Dudarik ez da hirukoan igarotako azken lau urteek kalte handia egin diotela Joan Puigcercosen alderdiari, azken inkesten arabera, 21 diputatu izan ondoren orain hamar edo hamabi baitauzka. Beraz, esperimentu arrakastatsu gisa hasi zena oran inork errepikatu nahi ez duen formula da. «Esquerraren kasuan ezin da esan independentzia propaganda gisa erabili dutenik, baina bere hutsegiteak onartu behar ditu-orain arte egin ez duena-, eta hautesleek barkatu egin behar diote azken lau urteetan egin duena, eta hori ere betetzeke dago», azaldu du Cardusek.

Puigcercosenek, ordea, sozialista eta ICV-EUiArekin osatutako koalizioak izan ditu alde onak ere. Hala uste du Terricabrasek: «Esquerrak lortu zuen, neurri batean, PSC Kataluniako Alderdi Sozialistak eta presidenteak hizkuntzaren eta nazioaren aldeko zenbait erabaki hartzea. ERC eta PSCren arteko aliantzak lortu zuen Euskal Herrian lortu ez zena, alegia, nazionalisten eta ez nazionalisten arteko banaketa saihestea. PSCk inoiz ez du onartuko nazionalista katalana denik, baina nazionalismoan oinarrizkoak diren zenbait ideia defendatu ditu».

Antzeko zerbait gertatzen da CiUrekin ere, hau da, Artur Mas zerrendaburuak alderdia independentista dela ukatzen du, baina duela ez asko taldeko bigarrenak, Felip Puigek, aitortu du legealdi honetan independentzia ezinezkoa bada ere datorrenean aztertu beharreko gaia dela. «Masek dio ez duela independentzia proposatuko aurrera egiteko aukera nahikorik ez badu; aldi berean, ordea, katalanen gehiengoak nahi duen proposamen bat egiten du, kontzertu ekonomikoa. Baina Konstituzioak horretarako bide guztiak itxi dizkio, eta horrek balio liezaioke Masi etorkizunean eskaera zabalagoa egiteko, pauso bat gehiago emateko», iragarri du Filosofiako katedradunak.

Epe motzean, aske

Herri mugimenduek, galdeketek, independentziaren aldeko kanpaina eta manifestazioek itxaropenaren sua piztu dute. Gero eta gehiago dira ERCko kide eta Generalitateko bigarren Josep Lluis Carod-Rovirak duela hilabete batzuk iragarritakoan sinesten dutenak, alegia, subiranotasunerako hautua egiteko aukera epe motzean etorriko dela uste dutenak. «Iratzartze independentistak indartsu jarraitzen du, eta hala frogatzen dute inkestek, non galdekatutakoen %40k independentziaren aldeko hautua egingo luketen», nabarmendu du Bartzelonako Unibertsitateko dekanoak. Bidea, ordea, ez da erraza izango: «Prozesua luzea izango da, eta herriak independentzia nahi duela esaten duenean, negoziazioak etorriko dira, eta horrek denbora beharko du; testuinguru politikoak ere zerikusia izango du, baina nik uste dut, gauzak ondo egiten badira, nazioa prest egongo dela independentzia babesteko lau urteko epean».

Cardusek bezala, Terricabrasek ere Kataluniak independentzia lortzen duen eguna ospatzeko asmoa du. «Benetan pozik nago gizarte mugimenduak hartu duen indarragatik, eta uste dut oker jokatuko genukeela alderdiak zibilizatzen saiatuko bagina, izan ere, bakoitzak badu bere funtzioa, eta desberdinak dira; elkarkidetza da aurrera eramango gaituena. Katalunia independentea ikusteko asmoa dut».

CUPeko kideak ere ohartu dira aldaketaren gertutasunaz. «Gure aitona-amonei 1980ko hamarkadan galdetu izan baliete Katalunia independente izan ote zitekeen ezetz erantzungo zuten, baina, orain, asko dira baiezkoan daudenak. Gauza bera gertatzen da gure gurasoen belaunaldiarekin eta gurearekin ere. Horiek ere ohartu dira posible dela herri demokrazia bat bultzatzea, non guk gure etorkizuna erabaki ahal izango dugun. Nik oso posible ikusten dut belaunaldi bateko epean aske izatea». Izan ere, Katalunia iraultzeko esperantza herri mugimenduetan jarri zutenentzat egunero da uztailaren 10a.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.