Laster da hastekoa Maroko eta Fronte Polisarioaren arteko hurrengo bilera erronda. Oraindik, baina, ez dago argi egin ere egingo duten. Izan ere, Polisarioko kideak aspertzen hasiak dira Mendebaldeko Saharan dagoen egoeraz. Zazpi urtez hitzik egin gabe egon ostean, iaz hasi zituzten elkarrizketak Mendebaldeko Sahararen estatusari buruz. Baina orain arteko lau bilerek ez dute emaitzarik izan, eta Polisarioak ohartarazi du egoera aldatu ezean ez dela akordiorik egingo.
Marokoko Gobernuak ez du onartzen sahararrentzat autonomia ez den beste aukerarik; eta sahararrek, aldiz, autodeterminaziorako eskubidea aldarrikatzen dute, nahiz eta galdeketan autonomiaren aukera jasotzea onartu. Horiek hala, SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoak NBEn duen ordezkari Ahmed Bujarik ohartarazi zuen atzo ez dela posible izango akordiorik Rabaten jarrera «bidegabea» aldatu ezean. «Arrazoirik gabeko aurrebaldintza hau bidetik kendu ezean, ez dugu aurrerapausorik egingo hurrengo negoziazioetan», nabarmendu zuen Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorreko laugarren batzordean. Batzar hori da deskolonizazioez arduratzen dena. Bujarik adierazi zuen Mendebaldeko Sahara ez dela Marokoko probintzia, eta bilatzen dutena ez dela autonomia administratiboa, galdeketa bidezko eta askea, baizik. «Saharar herriari dagokio independentzia eta beste edozein aukeraren artean hautatzea, eta horren barruan dago Marokoren menpe geratzea ere».
Legelariak ere Sahararen alde
SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko ordezkaria ez da izan egoera gaitzetsi zuen bakarra. Batzar Orokorraren laugarren batzordearen bilera baliatuta mundu osoko gobernuz kanpoko erakundeak, legelariak eta herritarrak bildu dira asteko honetan New Yorken, NBEren egoitzaren aurrean. Marokori presio egiteko eta Mendebaldeko Saharan dagoen «giza tragedia» amaitzeko eskatu diote guztiek aho batez NBEri. «Nazioarteko legeari dagokionez gauzak argi daude. Ez dago arrazoirik legea indargabetzeko», nabarmendu du Nazioarteko Legearen Zentroko kide Vincent Chapauxek. Bruselako Unibertsitateko irakasleak gogorarazi du sahararrek badutela autodeterminazio eskubidea eta Maroko ez dela nor hura kentzeko.
Bestetik, Oxfameko kide Hilt Teuwenek salatu du milaka saharar amaigabeko deskolonizazio prozesuaren biktima direla, Marokoren bidegabekerien ondorioz. «Herrialdeek giza eskubideekiko hartutako konpromisoak bete behar dituzte».
Sahararren lekukotasunak
Errefuxiatuen eta desplazatuen egoera ere salatu dute gobernuz kanpoko erakundeek. «Errefuxiatu guneetan giza hondamendia ari da gertatzen. Haurrek malnutrizio kronikoa dute; milaka lagun kanpadendetan bizi dira, basamortuak inguratuta; eta etxea pauso gutxira duten arren, ezin dute hara itzuli», azaldu du AEBetako Elizaren Komunitateko kide Janet Lenzek.
Gobernuz kanpoko erakundeak ez ezik, ordea, sahararrek ere izan dute euren egoera salatzeko aukera. Mendebaldeko Saharatik ihes egin eta egin AEBetan bizi diren bi errefuxiatuk hitz egin dute NBEren Batzar Orokorrean. Agaila Abba Hemeida eta Senia Bashirrek denbora luzea daramate etxetik kanpo, gatazka dela eta.
Hemeida Aljeriako errefuxiatu guneetako batean jaio zen. Bi urte zituenean hil zen haren aita, Marokoko armadaren aurkako borrokan. Osasun arazoak zirela eta bidali zuten AEBetara, eta han bizi da ordutik. «Errefuxiatu guneetan bizi garenok ez ezik, lurralde okupatuetan bizi direnak ere sufritzen ari dira. Adin guztietako jendea atxilotu eta torturatzen dute egunero Marokoko segurtasun indarrek».
Saharar herriari dagokio independentzia etabeste edozein aukeraren artean hautatzea»
Ahmed Bujari
Fronte Polisarioaren ordezkaria NBEn
Egungo egoeran akordioa lortzea ez dela posible ohartarazi du Polisarioak
Maroko estu hartu eta Mendebaldeko Saharako «giza tragedia» amaitzeko eskatu diote ehunka lagunek NBEri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu