Greziako Poliziak Nikolaos Michaloliakos Egunsenti Urrekara alderdi neonaziko buruzagia atxilo hartu du gaur, «talde kriminal bat» sortu izana leporatuta. Alderdi bereko beste hamahiru kide atxilotu dituzte operazio berean, tartean, Ilias Kasidiaris bozeramailea eta Nikea (Atenas) auzuneko idazkaria. Guztira, Fiskaltzak 38 atxilotze agindu eman ditu Egunsenti Urrekarako kideen kontra, eta zenbait krimen egotzi dizkie eskuin muturreko kideei; besteak beste, giza hilketa bat, bonba bidezko atentatua eta eraso fisikoak. Horrez gainera, Skaï telebista kateak esan duenez, beste ikerketa lerro bat zabaldu du Poliziak, alderdiaren finantzaketaren inguruan. Hedabidearen arabera, dirua zuritzea, estortsioa eta giza trafikoa delituen susmagarri jotzen dute ikerlariek Egunsenti Urrekara.
Iragan astean, Pavlos Fyssas ezkerreko rap kantaria hil zuen alderdiko kide batek, eta horrek piztu duen haserrearen erdian abiatu da polizia operazioa. Polemikaren eta «jazarpenaren» kontra protesta egiteko, Greziako Parlamentuan dituzten hemezortzi eserlekuak uzteko mehatxua egin du alderdi ultraeskuindarrak. Hori gertatuko balitz ere, hauteskundeak ez lituzketeela aurreratuko esan du Greziako Gobernuko bozeramaile Simos Kedikogluk.
Poliziak eta armadako kideek Egunsenti Urrekararekin duten harremana azaleratu du rap abeslariaren hilketak, eta hain zuzen, manifestazioa antolatua dute gaurko zenbait militar ultraeskuindarrek, gobernuaren kontra.