ASIA HEGOALDEKO ITSASIKARA

Eguraldi txarrak trabatu egin du giza laguntzaren banaketa

Niasen gutxienez 20.000 lagun daude edateko urik gabe, eta zaurituak artatzeko baliabideak ere gutxi dira

Erredakzioa
2005eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Kaosa. Hori da itsasikarak lurralde kaltetueta sortu duen egoera azaltzeko hitzik egokiena. Niasen argindarrik gabe daude leku gehienetan, eta edateko ura ere eskasa da. Eraikinen hondakinak baztertzeko beharrezko makinarik ere ez dute. Ondorioz, denbora gehiago behar dute gorpuak aurkitzeko. Bestalde, uharteko hiri nagusia, Gunung Sitoli, ia erabat suntsituta geratu da. Errepideak eta zubiak moztuta daude, eta aireportua, berriz, itxita.

Eguraldi txarra dela eta, atzeratu egin behar izan dute giza laguntzaren banaketa. Hala ere, zenbait erakundek lortu dute hara iristea. Oxfamek, esaterako, kanpadendak, elikagaiak, edateko ura eta gorpuak sartzeko poltsak bidali ditu. Horretaz gain, baina, medikuak eta ur ponpak ere behar dituzte. SurfAid giza laguntzarako erakundeak Gunung Sitolin duen bozeramailearen esanetan, Niaseko erietxe handieneko mediku eta erizainek ihes egin zuten itsasikararen ostean. «Ez dago zaurituak artatuko dituen inor». Bestalde, 20.000 pertsona daude edateko urik gabe. Kasu askotan, ura badagoen arren, hura banatzeko azpiegiturak dira falta direnak.

Hondakinen artean bilatzeko tresnarik ez

Nazio Batuen Erakundearen arabera, Niasen 518 gorpu aurkitu dituzte oraingoz. Hala ere, hildakoak 1.000 eta 2.000 artean izan daitezkeela diote iturri ofizialek. Lehen, joan den abenduko tsunami-ak 340 hildako eragin zituen han. Hamar eraikinetatik zortzi suntsituta utzi zituen herenegungo seismoak.

Baina, Niasen ez ezik, inguruko uharteetan ere izan zuen eragina. Semeuluen, esaterako, eraikinen erdiak oso hondatuta geratu ziren. Han, hala ere, kaltea hasieran uste zena baino txikiagoa izan zen. Oraingoz, hiru gorpu aurkitu dituzte hondakinen artean. Semeulueren ondoko uhartean, aldiz, oraingoz bederatzi dira hildakoak.Salbamendu taldeak ez dira Semeuluen eta Nias uharteen artean dauden Bailo Banyak eta Aceh Sinkal uharteetara ailegatu. Horiek ziren epizentrotik gertuen zeudenak. Banda Acehrako NBEko giza laguntza koordinadoreorde Masood Hyderren esanetan, bederatzi gorpu aurkitu zituzten atzo Sumatran eta Banyak uharteetan. Hala ere, Indonesiako iturri ofizialen arabera, 300dik gora izan daitezke hildakoak. Era berean, Banyak uhartean itsasoa metro bat inguru igo dela adierazi zuten atzo adituek. Oxfamek zauritu larrienetariko batzuk Sumatrara ebakuatzea lortu zuen atzo. Helikopteroetan eraman zituzten. Hala ere, beste asko han geratu ziren. Beste batzuk, berriz, shock egoeran zeuden. Jendeak ezin zuen gertatutako sinetsi. Sumatrako herritar askok senide edo lagunak dituzte uharte horietan eta gehienek ez dute haiei buruzko informaziorik. Hori dela eta, atzo hara joateko ontzi bila zebiltzan. Bestalde, adituen arabera, asteleheneko itsasikararen erreplika gehiago izango dira datozen hilabeteetan. Horietako batzuk 7,5 gradura ere irits zitezkeela ohartarazi zuten. Niasko gobernadoreorde Agus Mendrofaren esanetan, ia 15 minuturo lurrikara txikiren bat nabaritzen dute. «Herritar gehienek mendietan jarraitzen dute, baina batzuk hasi dira etxera itzultzen. Hala ere, oraindik etxean lo egitearen beldur dira».

Nazioarteko laguntza

Abenduan gertatu bezala, oraingoan ere nazioartea laguntzeko prest agertu da. Japoniak, esaterako, larrialdietarako mediku talde bat eta 140.000 dolarreko balioa duen giza laguntza bidaliko ditu. Australiak, bere aldetik, Armadako bi hegazkin eta ontzi bat bidaliko ditu kaltetutako lurraldeetara. Australiako Atzerri Ministerioak atzo jakinarazi zuen bederatzi australiar desagertuta daudela Niasen.

Beste hainbat erakunde eta herrialdek diru laguntzak emateko asmoa iragarri zuten atzo. Txinak, adibidez, 500.000 dolar emango ditu.Horretaz gain, AusAid Australiako giza laguntzarako erakundeak, bost aditu bidali zituen atzo Nias, Banyak eta Simeulue uharteetara egoera aztertzera. Gobernuz kanpoko erakundeek joan zen abenduan bidali zituzten Indonesiara kooperanteak eta horietako askok han jarraitzen zuten astelehenean. Horri esker, lehenago hasi dira giza laguntza banatzeko lanetan.Era berean, tsunami-en alertarako sistema ahalik eta azkarren abian jartzeko eskatu zion nazioarteari Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako nazio Batuen Erakundeko buru Koichiro Matsuurak. «Ezin dugu aurrezten jarraitu. Lurrikara bat non eta noiz izan den jakiteko sistema bat garatzea ez da nahikoa». Bere esanetan, tsunami-en arriskua eta horiek eragingo dituzten kalteak neurtzeko tresnak dira beharrezkoenak. Indiako Zientzia eta Teknologia ministro Kapil Sibal ere bat etorri zen Matsuurarekin. New Delhiko gobernuak, 2006rako baino, aurtengo urte bukaerarako eskuratu nahi du tsunami-en alertarako sistema.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.