«Espero dugu 2013 amaierarako trantsizioa egin ahal izatea, eta, borroketan parte hartzeari utzita, laguntza ematen, entrenatzen eta aholkuak ematen hastea», adierazi du Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkariak. NATOren Afganistango misioan parte hartzen duten herrialdeak Bruselan bildu aurretik eman du Panettak AEBen asmoen berri, eta 2013an tropa gehienak herrialdetik aterako dituztela esan du. Anders Fogh Rasmussen NATOko idazkariaren arabera, dena den,Panettak ez du «ezer berririk esan». Herrialde guztiak Afganistandik 2014an erretiratuko direla berretsi du, AEBak barne. 2010ean Lisboako goi bileran Afganistanek 2013an segurtasunaren alorrean lidergoa hartzea erabaki zutela gogorarazi du, eta nazioarteak, pixkanaka, babes rola hartzea. Holandako Defentsa ministroak, ordea, adierazi du Afganistan dagoen bezala egonda ez duela uste NATO datorren urtean borroka misioa amaitzeko moduan egongo denik.
«Azken helburua 2014an Afganistango armadak lurralde osoa kontrolatzea da, NATOk borroka utz dezan», esan du Rasmussenek. «Ez pentsatu misioa 2013an amaituko denik». Parisen eta Washingtonen adierazpenek sortu duten zalaparta baretzeko asmoz esan ditu hitz horiek. Izan ere, AEBen aurretik, Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak ere tropa gehienak erretiratzea urtebete aurreratzeko asmoa iragarri zuen urtarrilaren 27an. Bruselako diplomazia iturriek, baina, Frantziako presidentetzarako bozen hurbiltasunak baldintzatutako erabakia izan zela jakinarazi dute. Izan ere, François Hollande sozialistak, Sarkozyren lehiakide nagusiak, bozak irabaziz gero tropak aurten bertan erretiratuko zituela hitzeman zuen. Afganistango soldadu batek Frantziako lau soldadu hil eta gero hartu zuen, gainera, erabakia Parisek. Dena den, Gerard Longuet Defentsa ministroak aliatuei Bruselako bilera argitu die, «Frantziak ez dituela bazter utziko».
NATOren Afganistango misioan parte hartzen duten herrialde guztiak bilduko dira gaur Bruselan, aliantzako kide ez direnak baita ere. NATOren arabera, maiatzean Afganistani buruz Chicagon egitekoak diren goi bilerarako jarrerak bateratzea da gaurko eta atzoko bileren asmoa.
Talibanen indarra zalantzan
Bruselatik eta Afganistango Gobernutik behin eta berriz nazioarteko indarrak talibanei aurrea hartzen ari direla dioten arren, informazio kontrajarriak daude matxinoen erresistentziarako gaitasunaren inguruan. Herenegun, hain justu, ustezko preso talibanen eta Al-Qaedako kideen testigantzekin osatutako NATOren isilpeko txosten bat argitaratu zuten, eta bertan jasotakoaren arabera, nazioarteko indarrak alde egitean Afganistan talibanen esku geratuko dela diote horiek. Moralez eta indarrezgerra hasi zenean bezala daudela diote.
Hamid Karzairen gobernuaren ustelkeriak ere talibanei bidea errazten die. Geroz eta gehiago dira, NATOren txostenaren arabera, gobernuaren ustelkeriarekin nazkatuta erregimen taliban bat nahiago duten afganistandarrak. Aliantzak baina, ondorio horiek talibanenak direla adierazi du. «Haien iritzia da hori, edo guk pentsatzea nahi dutena», esan du erakundeko bozeramaile Oana Lungescuk.
Pakistan talibanei laguntza ematen ari dela ere agerian geratu da txosten horretan. AEBen aspaldiko susmoak berretsi baino ez ditu egin informazio horrek. Izan ere, Washingtonek maiz leporatu izan dio Islamabadi ISI informazio zerbitzuek Afganistango matxinoei babesa ematen dietela. Islamabadek, baina, salaketa guztiak ukatzen ditu, eta Afganistanen bakea lortzea ere euren helburua dela diote.
Bestalde, bake negoziazioak hasteko saiakerak egin dituzten arren, herenegun talibanek esan zuten ez zutela gobernuarekin biltzeko inongo asmorik.
Sobietarren ikasgaia
Sobietar Batasunaren ikasgaia ikasita dutela esan zuten nazioarteko indarrek 2001ean Alemaniako Bonn hirian, Afganistango trantsizioa bideratzeko bildu zirenean. Izan ere, 1988an, Sobietar Batasunaren tropak herrialdetik alde egin zutenean hondatutako herrialdea utzi zuten atzean. Moskuk ezarri zuen gobernuak ozta-ozta iraun zituen hiru urte, eta gerra zibila piztu zen. Adituek uste dute herrialdearen ezegonkortasunak, gobernuaren ustelkeriak eta talibanen indarrak agerian uzten duela historia errepikatu daitekeela.
Egutegiari eutsita, bi urte barru aterako da NATO Afganistandik
Datorren urtean Kabulen esku utzi nahi du nazioarteak segurtasunaren ardura, eta borroka operazioak bukatu nahi dituAEBek jakinarazi dute 2013an aterako dituztela tropa gehienak herrialde hartatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu