BHUTAN

Ehun hildako independentistekiko borroketan

Erredakzioa
2003ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Bhutango Armada eta Indiako iparraldeko hiru estatuetako independentisten arteko borrokak direla eta 129 pertsona hil dira azken bost egunetan Himalayako herrialdearen hegoaldean. Hildakoetako 90 gerrillariak ziren. Assamgo Askapenerako Fronte Batua(ULFA), Kamtapurgo Askapenerako Erakundea (KLO) eta Bodolandgo Fronte Nazional Demokratikoa (NDFB) dira, hain justu, Bhutango lurretan 1998an babes hartu zuten talde independentistok. Bhutango erregeak, Jigme Singye Wangchukek, herrialdean dauden 3.000 matxinatuak kanporatzeko asmoz, Bhutango 6.000 militar jarri zituen lanean astelehenean. Halere, bhutandarren eta indiar gerrillarien arteko lehen borrokak larunbatean hasi ziren.

Aurobindo Rajkhawa ULFAko presidenteak «behin-behineko babesa» eskatu zuen herenegun Wangchukeki gutun baten bidez, euren «borroka zuzenari» eutsi ahal izateko. Horren aurrean, «Bhutanek ezin du onartu pertsonen bizia zanpatzeko Indiako Armadak erabiltzen duen instrumentu izatea», adierazi zion Rajkhawarik erregeari.Bestalde, ULFAko buru militar Paresh Baruahek Gurutze Gorriak gatazkagunean esku hartu dezala eskatu zuen. Borrokan jarraituko zutela ere gaineratu zuen Baruahek, «ez dugu amore emango, baina Bhutanek su-etena eskatzen badu, gure baseak lekuz aldatzeko prest gaude». Asteazkenean, errebeldeek amore ematen bazuten erasoak etengo zituztela adierazi zuen Bhutango Gobernuak. Yashe Dorji Kanpo Arazoetarako ministroak aditzera eman zuenez, «arazoen konponbide baketsuan sinesten dugu». 1998tik ari dira Bhutango agintariak errebeldeak joan daitezen ekinean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.