Ez dago jakiterik zehazki zenbat hil diren Hego Sudanen leinuen arteko borroketan, baina gutxienez 200 direla jakitera eman du Gabriel Duop Legea Betearazteko ministroak.
Jonglei eskualdean leinuak aurrez aurre daude, abeltzaintzarako lurrak direla eta. Duopen arabera, Murle etniako miliziek hainbat kanpalekutako jendeari eraso zioten joan den ostiralean, Akobo herrian. Zortzi eraso koordinatu egin zituzten, eta iturri batzuen arabera, 500 izan daitezke erasoan hildakoak. «500 eta 800 artean dira hil, desagertu edo bahitutako pertsonak», azaldu du Akoboko mandatari Goy Jooyolek. Zaurituak ere ehunka direla azaldu dute. Horrez gainera, milaka abere hil edota lapurtu dituzte.
2011n independentzia lortuz geroztik milaka lagun hil dira etnien arteko borroketan. Iazko urtarrilean Murle etniako ehunka lagun hil zituztenLou Nuer etniakoek 6.000 ekintzaile inguruk, eta milaka lagunek etxetik joan behar izan zuten erasoen ondorioz. Eta abuztuan etorri zen egindakoagatik mendekua. Lo Nuer leinuko 600 bat lagun hil zituzten Murlekoek. Murle eta Lou Nuer etnien arteko borrokek historia luzea dute. Liskar guztien jatorria abereak sartzeko lurretan dago, eta elkarri abereak lapurtzen dizkiote. Azken eraso gogorra, joan den ostiralekoa, agintariek herritarren artean egin behar duten arma bilketa gertatu aurretik izan da.
Gutxi gorabehera 12.000 soldadu prestatzen ari dira herritarrei armak hartzeko. Agintariek pentsatzen dute 30.000 arma inguru daudela Jongleiko zibilen esku. Eskualde jendetsuena eta luzeena da Hego Sudanen; 1,3 milioi biztanle inguru dauzka, eta lur eremu zabalak abeltzaintzarako. Etiopiarekin egiten du muga zati handi batean.
Han hasi zen bigarren gerra zibila 1983an. Nazio Batuen Erakundeak 400 kide ditu hara bidaliak, bakea ezartzeko, baina ohartarazi dute egoera gaiztotzen ari dela, eta oso zaila dela kontrolatzea leinuen arteko borrokaldiak. Bi leinu horiez gain, beste lau daude, eta maiz sortzen dituzte auziak lurrengatik, ez daudelako mugak zehaztuta.
Jonglei Sudandik bereizi zen, eta Hego Sudanen dago, sinatu zuten bake akordioaren ondorioz, baina arazo zaharrek bere horretan jarraitzen dute.
Ehunka hil dira Hego Sudango leinuen borroketan
Agintarien arabera, 500 izan daitezke hildakoak; Jonglei eskualdea oso gatazkatsua da, abereen inguruko auziengatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu