Zarandeko ospitaleko medikuak lanez gainezka zeuden atzo. Haietako baten arabera, lurrikara izan zenetik 5.000 zauritu artatu zituzten. Lurrikarak hiriko kanpoaldean izan zuen epizentroa, Teherandik 740 kilometrora, eta 40 herrixkatan egin zituen kalteak. 30.000 pertsona inguru bizi ziren horietan.Salbamendu taldeak berehala hasi ziren lanean, baina eguraldi txarrak zaildu egin zuen egoera. Agintariek etxetik kanpo egoteko eskatu zieten herritarrei, eguraldiak edo lurrikara txikiek luiziak eragingo zituzten beldurrez. Eskolak ere itxi zituzten eta irakasle askok eraikinetik kanpo eman zituzten klaseak. Barne Ministerioaren arabera, geroago beste 20 lurrikara-ondoko izan ziren inguru hartan.Goizaldeko seiak aldera izan zen lurrikara, eta 11 segundo iraun zuen. 30 bat herrixkatan, hiru etxetik bat suntsituta geratu zen haren ostean. Luiziak ere eragin zituen lurrikarak, eta hainbat errepide itxita geratu ziren. Herrixka horietako batean 1.500 pertsona inguru meskitan zeuden une hartan. Eraikina erori zenean, gehienak azpian harrapatuta geratu ziren beldur dira agintariak. Iturri ofizialen arabera, bestalde, hiru egun beharko dituzte ingurua garbitu ahal izateko. Komunikazio sareetan ere izan zuen eragina lurrikarak. Salbamendu taldeek eskuko telefonorik ez erabiltzeko eskatu zieten herritarrei, sarea blokeatu ez zedin. Era berean, gasa moztu zuten, ihesik gerta ez zedin.
Lurrikarak ohikoak dira
Iranen ia egunero izaten da lurrikara txikiren bat. Nazio Batuen Erakundearen arabera, herrialde horretan gertatzen da lurrikara gehien. Iranen hiru plaka tektonikok talka egiten dute eta horrek eragiten ditu hainbeste lurrikara. Hala ere, Zarandekoa ez zen duela bi urte Bamen izandakoa bezain indartsua izan. Bamen 26.000 pertsona hil ziren 2003an. Richter eskalan 6,6 gradura iritsi zen. Kasu honetan, ordea, epizentroa sakonago zegoen, 40 kilometro ingurura. Horrek gutxitu egin zuen haren indarra.
Ez zutela nazioartearen laguntzarik behar esan zuen atzo Irango Ilargi Gorriak. Erakunde horretako 1.500 langile inguru txakurrekin joan ziren atzo kalteak izandako herrietara. «Kontrolpean dute egoera», esan zuen Roy Probet Nazioarteko Gurutze Gorriaren eta Ilargi Gorriaren erakundeak Genevan duen bozeramaileak. Hala ere, laguntzeko prest agertu zen Frantzia. Atzerri Ministerioaren bozeramaileak «elkartasuna» adierazi zien biktimei eta «edozein eskaerari erantzuteko prest» agertu zen.Kerman eskualdeko gobernadorearen bozeramaile Mostafa Soltaniren esanetan, Bameko lurrikararekin asko ikasi zuten salbamendu taldeek. «Euriak lanak oztopatu baditu ere, salbamendu taldeak iritsi dira herrietara eta hasi dira lanean», azaldu zuen Soltanik. Bizirik atera direnak inguruko herrietara eramateko ere zailtasunak izan zituzten. Aldi berean, ordea, botikak, xiringak eta kanpadendak behar dituztela jakinarazi zuen Zarandeko gobernadoreak. Orain arteko lurrikararik okerrena 1990ekoa izan zen, ipar-ekialdean gertatutakoa. 60.000 pertsona hil eta 200.000 zauritu ziren. Richter eskalan, 7,3 gradura iritsi zen lurrikara. Ondorioz, 700.000 lagun etxerik gabe geratu ziren. Geroztik beste hainbat lurrikara izan dira herrialde hartan. Azkena, iazko maiatzean, Nur eskualdean. 6,2 graduko lurrikara izan zen, eta gutxienez 30 hildako eragin zituen.
-
BAMEKO LURRIKARA
Kanpadendetan bizi dira oraindik herritar ugari
Urtebete baino gehiago igaro da Irango Bam hirian 6,6 graduko lurrikara izan zenetik. Orduan, 2003ko abenduaren 26an, 26.000 pertsona baino gehiago hil eta beste 22.000 zauritu ziren. Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Larrialdi Egoeretarako koordinatzaileak, Jan Egelandek, 31,5 milioi dolarreko diru laguntza eskatu zuen kaltetuentzako. Hori baino gehiago emateko prest agertu zen nazioartea; mila milioi dolar, hain zuzen ere. Baina iazko abenduan, soilik 17 milioi dolar jaso zituztela salatu zuen Mohammed Khatami Irango presidenteak. Lurrikaratik bizirik ateratzea lortu zuten asko kanpadendetan bizi dira oraindik, eta arazo psikologikoak dituzte. Familia gehienek galdu zuten norbait. Askok behar besteko laguntza eman ez izana aurpegiratu zioten Gobernuari. Hark, aldiz, esan zuen eraikitzen hasi aurretik etxeak leku seguruan egingo zirela bermatu nahi zuela.