munDUA

"Ehunka mila" lagun hil dira Haitiko lurrikaran, lehen ministroaren arabera

Richter eskalan 7,3 graduko lurrikara izan da. Eraikin ugari erori da; horien artean, NBErena, ospitaleak, eskolak... NBEk Haitin duen misioaren burua hildakoetako bat da.

2010eko urtarrilaren 13a
19:08
Entzun
Richter eskalan 7,3 graduko lurrikara izan bart Haitin, eta horrek "tragedia" eragin duela adierazi du Nazio Batuen Erakundeak (NBE). "Ehunka mila" lagun hil direla adierazi du Jean Max Bellerive Haitiko lehen ministroak. Horien artean NBEk Haitin duen misioaren buru Hedi Annab.

Nazioarteko laguntza presazkoa dela nabarmendu du NBEk. Hogei herrialde inguru hasi dira laguntza bidaltzen, baina zailtasunak daude Haitira iristeko. Dominikar Errepublikatik saiatzen ari dira herrialdera sartzen.

Eraikin ugari erori da; horien artean, NBErena, Port-au-Prince hiriburuan, ospitalea, eskolak... Presidentzia Jauregiak eta Parlamentuak ere kalte garrantzitsuak izan dituzte.

Ezbeharraren ondorioz Haiti inkomunikatuta dago, Port-au-Princeko aireportua itxita... 250 lagunek egiten dute lan NBEren egoitzan, baina ez dute esan lurrikararen unean zenbat zeuden beharrean.

Haitiko hiriburutik hamabost kilometrora izan da lurrikararen epizentroa.

Gertatutakoa Haitiko bake prozesurako kaltegarria dela dio NBEk. Zazpi mila militar dauzka Nazio Batuen Erakundeak han. Jean Bertrand Aristide presidentea 2004an boteretik bortizki kendu zutenetik dago han NBE.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.