Lehenik Evangelos Venizelos Pasok alderdi sozialdemokratako buruak iragarri du ekainean berriro egingo dituztela Greziako Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta gero Presidentziak jakinarazi du ofizialki. Ez du datarik eman oraindik.
Maiatzaren 6an egin zituzten bozak; ideologia anitzeko zazpi alderdik lortu zuten ordezkaritza, eta ez dira gauza izan gobernua eratzeko.
Karolos Papulias Greziako presidenteak asteburuan bilerak egin ditu, batasun nazionaleko gobernua eratu daitekeen aztertzeko, eta gobernu teknokrata bat osatzea proposatu du, baina ideia ez da aurrera aterako.
Zazpi alderdietako buruak Papuliasekin bilduko dira bihar, hauteskunde berriak egin arteko gobernu bat hautatzeko.
ND Demokrazia Berria kontserbadoreak irabazi zituen hauteskundeak, %18,8ko babesarekin, baina berehala egin zien uko gobernua osatzeko lanei. Bozetako bigarren indar Sirizak ezkerreko alderdia hasi zen gero bilera batzuk egiten, baina ez du lortu xedea. Pasokek ostiralean zioen uko egin diola gobernua eratzeko ardurari.