Livniren alde 16.936 afiliatuk eman dute botoa, hau da, ehunekotan 43,1 puntu eskuratu ditu. Shaul Mofazek, berriz, 16.505 lortu ditu; botoen %42, hain zuzen. Gainontzeko bi hautagaiak, Meir Sheetrit Etxebizitza ministroa eta Avi Dichter Segurtasun Publikorako ministroa, atzean geratu dira. Botoen %8,4 eta %6,5 eskuratu dituzte hurrenez hurren. Parte-hartzea %50ekoa izan da.
Mofazek emaitzak onartu beste erremediorik ez du izan. «Bihotzez naiz demokrata, eta badakit emaitzak onartu eta errespetatzen. Tzipi Livni andereari zorte ona opa diot», adierazi du Mofazek. Segidan, alabaina, politikatik erretiratzeko erabakia hartu duela jakinarazi du.
Lan zaila aurretik
Koalizio gobernua eratzeko negoziazioak hasi aurretik, alderdiaren sostengu osoa duela segurtatu nahi izan du Livnik. Hala, buruzagitzarako hiru hautagaiekin bildu zen atzo. «Une jakin batean aurkari izan bagara ere, misio komuna dugu guztiok. Gobernuan egonkortasuna ezarriko dugu guztiok batera», azaldu du.
Ehud Olmerti ustelkeria leporatu diote, eta presioa tarteko, dimisioa emango duela agindu du. Hori baino lehen, baina, gobernuburu berria aukeratu beharko dute Israelen, eta horretarako bi bide dituzte: Tzipi Livnik koalizio gobernua eratzea eta berak hartzea kargua, edo bozen bidez aukeratzea lehen ministroa. Benjamin Netanyahu buru duen Likud eskuin muturreko alderdiak -oposiziokoa- dagoeneko egin du azken aukera horren alde. «Kadimako 431 kideren botoetan oinarrituz gobernua berria eratzea legezko iruzurra izango litzateke», adierazi du Likudeko diputatu Gideon Saarrek.«Bozak egiteko eguna erabakitzeko eskatu diot», adierazi du Netanyahuk.
Livnik orain arteko koalizio gobernua mantendu nahi du- Alderdi Laboristak, Shas muturreko alderdi ortodoxoak eta Erretiratuen Alderdiak osatzen dute-. Alabaina, ez dirudi lan erraza izango denik. Shaseko buruzagi Eli Yishaik beren komunitateko familia ugariei diru-laguntzak emateko eskatu dio sostenguaren truke. Eskatutakoa ematen badie, laboristek gobernutik ateratzeko mehatxu egin dute, ordea.
Bestalde, Palestinan ere izan dute oihartzunaprimarioek. PAN Palestinako Aginte Nazionalak Livniren garaipena albiste ontzat jo badu ere, ez du berdin erreakzionatu Hamasek. Azken horren arabera, Kadimako buruzagi berriak ez du Palestinarekiko Israelen «politika oldarkorra» aldatzea ekarriko.