EKIALDE HURBILA. NEGOZIAZIOAK. Negoziazioak bideratzeko hilabete eman diete Arabiar Ligak AEBei

Elkarrizketarako, betetzeko eskatu du Palestinako Aginte Nazionalak jarri baldintza, israeldarrek kolonietan ez eraikitzekoa

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Arabiar Ligako ministroak saiatu dira formulak topatzen israeldarrek eta palestinarrek etenda dituzten negoziazio elkarrizketei beste aukera bat emateko. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Mahmud Abbas presidenteak jarri duen baldintza betetzea ezinbestekoa izango da zuzeneko elkarrizketekin jarraitzeko, alegia,Israelek kolonietan eraikitzeari uko egin beharko dio, baina dena amaituta ez dagoela erakusteko,hilabeteko epea jarri dute AEBek «ahaleginak» egin ditzaten Israelek amore eman dezan. Epe hori amaituta beste bilera bat egingo dute bake negoziazioen «aukera guztiak aztertzeko». Beste proposamenetako bat izan da George Mitchell bitartekariarekin zeharkako elkarrizketak egitea berriro, baina baztertu egin dute azkenean aukera hori.

Hala, Arabiar Ligak lortu du Abbasek gaurko iragarri zituen «erabaki historikoak» atzeratzea, gutxienez hilabete. Abbasek Arabiar Ligaren aurrean argi utzi nahi izan du irailaren 2an negoziazioak berriro hasi zituztenetik behin eta berriz esan duena: Israelek lurralde okupatuetan bere presentzia indartzen jarraitzen badu -etxebizitza berriak eraikiz eta gutxinaka-gutxinaka lurra irabaziz-, ez da bilerarik izango, eta duela hamazazpi urte hasitako prozesua ezerezean geratuko da.

AEBentzat arnasa

AEBek «eskertu» egin dute Arabiar Ligak hartutako erabakia, eta zuzeneko elkarrizketek aurrera egin dezaten «ahaleginak egiten jarraituko» dutela dioen komunikatua atera du Etxe Zuriak. Israeldarrei eta palestinarrei epe hori «ekintza konstruktiboak» egiteko baliatzeko eskatu diete prozesua bertan behera ez uzteko.

Hilabeteko epearekin arnasa hartu dute demokrata estatubatuarrek, azaroko hauteskundeak baino lehen elkarrizketek porrot egiteak ondorio larriak izango lituzkeelako Barack Obamaren gobernuarentzat.

Israeldarrek eta palestinarrek joan den irailaren 2an abiatu zituzten zuzeneko negoziazioak, bi urtez etenda egon ondoren, baina handik gutxira, irailaren 26an, kolokan jarri zituen bake elkarrizketak Israelek. Netanyahuk uko egin zion hamar hilabetez indarrean egon den koloniak eraikitzeko debekualdia luzatzeari. Horixe izan da palestinarrek negoziatzeko ezartzen zituzten baldintzetako bat.

Israelgo komunikabideen arabera, kokaleku berriei buruzko erabakia bi hilabetez atzeratzeko eskatu dio Obamak Islaeli hainbat pizgarri ematearen truke; eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, dirudienez, horren aldekoa da, baina gobernu osoa ez du berarekin.

Barne politikari begira eutsi dio jarrera gogor horri Israelgo lehen ministroak, baina haren alderdiaren barruan badira debekualdia luzatzearen alde daudenak ere. Azken batean, luzapenak gobernuan dagoen banaketa markatzen du. Joan den astean gobernuak egindako bilerak tentsioa agerian utzi zuen kideen artean, baita iritzi bateratualortzeko Netanyahuk dituen zailtasunak ere. Likud bere alderdiko ministro batzuk ere kontra izan zituen, eta atzeratzekoerabakiari buruz aritu beharrean, nazioartea Israelen kontra egiten ari den kanpainaz jardun ziren.

AEBek erabakia atzeratzearen truke eskaini dizkion armak ez dira nahikoak izan Israelgo Gobernuarentzat. Horrez gainera, Washingtonek Israeli agindu dio Mahmud Abbas konbentzitzen saiatuko dela Jordaneko ertzean Israeli base militarrak ezartzen uzteko, estatu hipotetiko baten barruan.

Arabiar Ligari ere ez zaio interesatzen bake prozesuak porrot egin dezan, eta israeldarrei palestinarrek negoziatzeko izan duten malgutasuna eskatu die. Ministroek ohartarazi dute elkarrizketak bertan behera geratzeak indarkeria islamiarraren susperraldia eragingo lukeela mundu osoan, eta duela hamazazpi urte hasitako prozesua «aukera historikoa» da eurentzat, akordio bat lortu ahal izateko.



«Estatu juduari leial» izateko erreforma bozkatuko dute

Israelen bizi eta judua ez denak «estatu demokratiko eta juduarekin» leial dela hitzeman beharko du, Yisrael Beitenu Israelgo eskuin muturreko buruzagiak proposatutako erreforma onartzen badu Gobernuak. Gaur dute egitekoa bozketa, eta polemika handia eragin du dagoeneko.





%42

Kokaguneak Zisjordanian. Zisjordaniako lurren %42 kolonoen esku daude gaur egun, B'Tselem erakundeak jakinarazi duenez. Koloniekin muga egiten duten lurralde palestinarrak bereganatu dituzte juduek, Israelgo Auzitegi Gorenaren debekuak aintzat hartu gabe.







Hamazazpi urtetako hizketaldi saioa

1993ko irailaren 13a. Urte erdiz isileko negoziazioak egin ostean, Oslok, Tel Avivek eta Palestina Askatzeko Erakundeak Palestinari autonomia emateko printzipioak onartu zituzten.

1994ko maiatzaren 4a. Palestinari autonomia aitortuz, akordioa berretsi zuten Kairon. Gazan eta Zisjordanian Israelen erretiratzea %70ekoa izan zen.

1998ko urriaren 23a. Wye Plantation akordioa izenpetu zuten AEBetan.

2000ko uztailaren 11. Cam Daviden goi bilera hasi zuten. Handik bi astera Bigarren Intifada lehertu zen.

2001eko urtarrila. Tabako elkarrizketak egin zituzten, Egipton. Bill Clinton orduan AEBetako presidente zenaren proposamena eztabaidatu zuten.

2003ko apirilaren 30a. Errepide Mapa argitaratu zuten AEBek, Europako Batasunak, Errusiak eta Nazio Batuen Erakundeak. Estatu palestinarraren sorrera aurreikusten zuen errepide mapak, baita Israelen kolonizazioaren amaiera ere.

2007ko azaroaren 27a. Annapolisen (AEB) bildu ziren palestinarrak eta israeldarrak.

2008ko abendua. Israelek Gazako erasoaldia hasi zuen, eta negoziazioak eten zituzten.

2010eko urriaren 9a. Arabiar Ligak hilabeteko epea eman zuen elkarrizketak bideratzeko.





Dani Dayan.Juduen Kokaguneen Kontseiluko presidentea
Koloniak ez direla bakea lortzeko eragozpena uste du Dayanek; Palestinako Estatua ezartzea bada irtenbidea, negoziazioek ez dutelako balio eta gatazkak berak ere ez duelako konponbiderik.

«Palestinarrek ez badute eskubiderik eta estaturik haien erruz da»

Erika Jara. Jerusalem

Dani Dayanek 52 urte ditu, eta Argentinan sortu zen; handik Israelera emigratu zuen 1971n. Kippa jantzita irudikatu ohi ditugu kolonoak, baina itxura guztiz sekularra du Dayanek. Agian, horrexegatik hautatu ere egin zuten 2007an Yesha -Bibliako Judea, Samaria eta Gaza lurraldeen hebreerazko izena- Juduen Kokaguneen Kontseiluko presidente. Ekonomia eta finantzako eskolak ematen ditu. Ma'ale Shomro kolonian bizi da 1986tik.

Koloniak al dira bakea lortzeko eragozpen nagusia?

Ez. Palestinarren intrantsigentzia da arazo bakarra, eta terrorismoa erabiltzea Israel suntsitzeko. Gazan egin zuten Palestinako Estatu independente bat sortzeko proba bat, militarrik eta zibil judurik gabekoa; baina nazioarteak herrialde horri atsegin handiz emandako zentimo bakar bat ere ez zuten inbertitu ospitaleetan eta errepideetan, Israeli eraso ahal izateko armetan baizik. Beste horrenbeste gertatuko da Judea eta Samarian, han ezarriz gero Palestinako Estatua. Topografia da aldea. Israel handik irten orduko, estatuaren jabe egingo dira fundamentalista islamistak. Eragozpen bat besterik ez dira koloniak, Iranen mende egongo den estatu bat sortzeko Mendebaldearen bi aliatu handien artean: Jordania eta Israelen artean; horrek egonkortasuna galaraziko lioke erabat Jordaniari, eta arriskuan jarriko luke Israelen existentzia.

Zure ustez, AEBek eta Europak zergatik estutzen dute Israel, koloniak eraikitzea galaraz dezan?

Bada, dirudienez, ez direlako bitartekari objektiboak; palestinarrak bakarrik babesten dituzte.

Zer interes dute horretarako?

Haiei berei galdetu beharko litzaieke hori. Agian, ekonomia interesa; agian, ideologia interesa... Ez dakit.

Israelek palestinarrekin izenpetu zituen Osloko itunak eta Errepide Mapa. Koloniak geldiaraztea izenpetu zenuten, baina ez bete...

Elkarren artean harturiko betebeharrak dituzte. Palestinarrek ere badute terrorismoa amaitzeko betebeharra, baina terrorismoak bere hartan dirau. Duela aste batzuk, lau zibil lurperatu genituen; horietatik bat haurdun zegoen. Nork bere eskariak egin ditzake, baina palestinarrak Israel behartzen ari dira, amore eman dezan negoziazioei ekin aurretik ere, eta hori ez da onartzekoa. Onartuz gero, hasi aurretik kapitulatzea bezala izango da; ezin digute halakorik galdegin. Aurrez ezarritako baldintzarik gabekoak behar dute izan elkarrizketek; bestela, guk ere jarriko genituzke gureak. Mahmud Abbasi Gaza kontrolpean hartzeko eskatuko genioke, oraintxe bertan ez baita ez haren ordezkari, ez haren kontrolatzaile. Beraz, nola negoziatuko dugu haiekin Gazaren etorkizunaren inguruan? Baina aurrez ez dugu baldintzarik ezartzen, bakea lortu nahi baitugu.

Ezertarako balio al lezakete negoziazioek?

Negoziazioak ez lezakete ezertarako balio, betiere konponbide bakar bat jartzen baitute mahai gainean: Palestinako Estatu independente bat ezartzea Judea eta Samariako muinoetan; horrek existentzia arrisku bat ekarriko lioke Israeli. Israelgo mugaldea, berriz, ezin babestuzkoa bihurtuko litzateke erabat; daukagun nazioarteko aireportu bakarra, Tel Avivekoa, geldiarazteko modua izango lukete egunero; palestinarrek beren aireportua izango lukete, eta nork daki zer-nolako armak ekarriko lituzketen Teherandik. Bestelako konponbideren bat lortu beharko genuke; zoritxarrez, ordea, bide bakar horretatik jotzen tematuta dabil nazioartea.

Orduan, zein da konponbidea?

Zenbait ekuazio sistemak ez dute soluziorik, zenbaki errealetan. Horrelakoa da kasu hau. Ez dago soluziorik edo konponbiderik. Honelakoa da estatu politikari batek egin dezakeen hutsegiterik handiena: ez jabetzea nolakoa den errealitatea. Litekeena zela bestelako mundu bat, eta Hitlerrek eta haren aliatuek bestelako plan batzuk zituztela uste izan zuten Erresuma Batuak eta Frantziak ere, 1939an. Eta hurrengo hondamendia izan zen Europa osoan; batez ere juduentzat.

Hamar hilabetean koloniak bere hartan utzi zituen Israelek. Neurri egokia iruditu al zitzaizun?

Ez zion inori mesederik egin. Ezta palestinarrei ere, hamar hilabete haietatik bederatzian uko egin baitzioten negoziatzeari, eta «hurbiltze elkarrizketak» izeneko fartsa hartara behartu gintuzten gu eta amerikarrak; orain, epea amaitu delarik, Israel estortsionatu nahian dabiltza, auziak bere hartan jarrai dezan. Israelek zerbait esaten duen aldiro negoziazioak bertan behera utziko dituztelako mehatxua egiten baldin badiote, kontraeskaintza bat proposatu ordez, inoiz ez da izango negoziatzeko modurik. Eta ezin dut ulertu nazioarteak halakorik bultzatzea.

Genevako Konbentzioaren arabera, herrialde okupatzaile batek ezin ditu bere biztanleak lurralde okupatura lekualdatu...

Bestelako ikuspegi bat dute nazioarteko jurisprudentziako zenbait adituk. Judea eta Samaria, ez da lurralde okupatu bat, liskarbidea dakarten lurraldea baizik, eta juduen ondare nazionalaren zati. Gerran konkistatu genuen lur hori, eta ez zen lur arrotza. Hartu egin genuen, askatu esango nuke; baina hitz neutroago bat erabiliko dut, eta liskarbide zen lurralde bat hartu genuela esango. Beraz, ez ditugu lurralde batetik bestera lekualdatu biztanleak, baizik eta betidanik juduen bizileku nazional izandakora aldatu.

Kolonietatik gertu bizi diren palestinarrei eraso egiten diete tarteka kolonoek...

Aitortzen dut 300.000 biztanleetatik gutxi batzuek bakarrik erabiltzen dutela indarkeria. Hori ez da onartzekoa, ez moral aldetik, ez praktikan, eta ez ditut batere gogoko. Ahalegindu gara hori saihesten, eta gure armada eta polizia erabili eta auzitara eramaten. Gogoan izan behar dugu, baina, israeldar zibil errugabeen kontrako indarkeria dela indarkeria motarik handiena eta hilgarriena.

Palestinarrak 60 urte daramatzateberen estatuaren esperoan...

Ez badute estaturik eta eskubiderik haien erruz da, hartu izan dituzten erabaki politiko eta moralak direla bitarteko -moralgabeak esango nuke-, eta Israelen eskaintza guztiak alde batera utzita terrorismora jo dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.