NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari eskaera bat igorri zion atzo PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek. Israelgo Armadak erasoak eten ditzan neurriak hartzeko eskatu zion bertan nazioarteko erakundeari. Laukoteko kideei ere eskaera bera egin zien Abbasek NBEk, AEB Ameriketako Estatu Batuek, Europako Batasunak eta Errusiak osatzen dute Laukotea. Balatako errefuxiatu gunean azken egunotan egindako erasoaldia gaitzetsi zuen, era berean, agintariak: «Urte batez baino gehiago indarrean egon den su-etena arriskuan jarri du erasoaldi honek». Nabulus (Zisjordania) ondoan dagoen errefuxiatu gunean sei ekintzaile hil zituzten herenegun eta astean zehar, berriz, beste hiru.Israelek eraso selektiboak areagotzen ari dela iritzi dio Hamasek. Ismail Hania lehen ministroak eraso horien atzean helburu politikoak daudela salatu zuen atzo: «Israelen aurki egingo diren hauteskundeen prezioa ordaintzen ari dira palestinarrak». Balatako errefuxiatu gunean egindako erasoaldiak koalizioa gobernua eratzeko ahaleginak zapuzteko asmoa duela adierazi zuen Haniak: «Israelgo hauteskundeetan lehiatzen ari diren alderdien arteko borrokan ez dugu onartuko palestinarren odola tresna bat izatea». Hamasek bozak irabazi izanak erasoaldiak areagotzea eragin duela iritzi diote erakundeko kideek.
«Hania jomuga zilegia da»
Israelek eraso selektiboak egiten segituko duela berretsi zuen atzo. Ismail Hania lehen ministroak ez duela immunitaterik ohartarazi zuen Avi Dichterrek. Israelgo zerbitzu sekretuetako buruzagi ohiak erakunde «terrorista» bateko kidea dela esan zuen: «Hania jomuga zilegi bat da». Dichter izan zen eraso selektiboen praktika indarrean jarri zuen buruzagia. Kadima alderdiaren zerrendetan dago egun eta, hauteskundeak irabaziz gero, ministroa izan daiteke. Martxoaren 28an egitekoak diren bozetan indarra galdu du, inkesten arabera, Kadimak. Orotara 39 diputatu eskuratuko lituzke. Likud eskuin muturreko alderdiak, berriz, gora egin du eta 16 diputatu lortuko lituzke egun. Hamasen garaipenak eskuin muturrari mesede egin diola iritzi diote hainbat iturrik.
Israelekin, bozen ondoren, bake akordio bat negoziatzeko prest agertu zen atzo Abbas. Sei hilabeteko epean adostasun batera iritsi eta akordioaren inguruko erreferenduma egin beharko litzatekeela ondoren esan zuen. Hamaseko ordezkariak, bestetik, heldu den martxoaren 3an joango dira Moskura. Kremlinek bake prozesuaz hitz egiteko gonbita egin zion Hamasi. Gazan hirian, bestetik, palestinar bat hil eta beste bat zauritu zen atzo, antza denez, prestatzen ari ziren bonba lehertzean.
WASHINGTON
Hamas bakartzeko zailtasunak ditu Condoleezza Ricek
Ekialde Hurbileko hainbat herrialdetan bisitan egon berri da AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari Condoleezza Rice. Hamas isolatu ahal izateko herrialde arabiarren sostengua jasotzea zen bidaiaren xedea. Bere helburua lortzeko, alta, uste baino erreparo gehiago aurkitu ditu. Egipto, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak eta Libano bisitatu ditu Ricek. Herrialde hauek guztiak errezeloak azaldu zizkioten idazkariari eta erakundeari denbora emateko eskatu zioten. PAN Palestinako Aginte Nazionalari, ildo horretan, laguntza ekonomikoa emango diotela berretsi zuten Washingtonen aliatutzat jotzen dira herrialde horiek guztiak.