Heriotza zigorra

Ekialde Hurbilean daude borrero nagusiak

Iaz, gutxienez 483 lagun exekutatu zituzten munduan, Amnesty Internationalen arabera. Iranen, Egipton, Iraken eta Saudi Arabian hil dituzte horien %88 inguru. Txinan hildakoak ez dituzte zenbatu, informazio faltagatik.

Heriotza zigorraren aurkako manifestariak, Indianan, AEBetan. TANNEN MAURY / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko apirilaren 21a
15:26
Entzun

AI Amnesty International gobernuz kanpoko erakundearen arabera, iaz gutxienez 483 lagun exekutatu zituzten munduan, heriotza zigorrera kondenatuta; horietako gehienak, Ekialde Hurbilean. Azken hamar urteetako kopururik txikiena da, erakundearen arabera, etan 2019ko datuen aldean, %26 jaitsi da: gutxienez 657 izan ziren orduan.

Iaz hemezortzi herrialdetan hil zuten presoren bat: Sahara azpiko Afrikako hirutan (Botswana, Somalia eta Hego Sudan), Ekialde Hurbileko zortzitan (Egipto, Iran, Irak, Oman, Qatar, Saudi Arabia, Siria eta Yemen), Asia ekialdeko seitan (Bangladesh, Txina, India, Ipar Korea, Taiwan eta Vietnam) eta AEBetan. Zenbatutako hilketen %88, baina, lauk egin zituzten: Iran, Egipto, Irak eta Saudi Arabia. Egiptoren kasuan, hirukoiztu egin ditu exekuzioak. 2019an, 32 lagun hil zituzten, eta iaz, gutxienez 107. Saudi Arabiak, berriz, %85 murriztu ditu heriotzak —184tik 27ra—; eta Irakek %55 —100etik 45era—. Horiez gain, Iranen baieztatu dira delitua adingabe zirela eginiko herritarren kasu bakanak, hiru.

Halere, erakundeak zehaztu du Txina dela exekuzio gehien egin zituen herrialdea, nahiz eta zenbaketan kontuan hartu ez: «Txinako datuak ezin dira jakin, estatu sekretu gisa sailkatuta baitago horien inguruko informazioa». Halere, AIk uste du milaka lagun exekutatu zituztela Asiako erraldoian.

Aipatu bezala, Mendebaldeko herrialdeen artean AEBak dira heriotza zigorrak betetzen jarraitzen duten bakarrak. Kopuruak behera egin duen arren —22tik hamazazpira—, exekuzio federalak egin zituzten berriz ere, hamazazpi urtean indargabetuta egon ostean. Orduko presidente Donald Trumpek baimendu zituen kargua utzi baino sei hilabete lehenago, eta, epe horretan, hamar lagun hil zituzten.

Munduan hildakoen %3 dira emakumeak, hau da, hamasei. Hilketa horiek lau herrialdetan gauzatu dira: Iran (bederatzi), Egipto (lau), Saudi Arabia (bi) eta Oman (bat). Hala, azken hori da 2020an heriotza zigorrak betetzeari berriz ekin dion estatuetako bat, Indiarekin, Qatarrekin eta Taiwanekin batera. Kontrara, AIren datuen arabera, azken urteetako exekuzioen ostean, Bielorrusiak, Japoniak, Pakistanek, Singapurrek, Bahreinek eta Sudanek ez dute presorik hil.

Hilketek soilik ez, ezarritako kondenek ere behera egin dute. AIk emandako datuen arabera, iaz 1.477 heriotza zigor ezarri ziren 54 herrialdetan, 2019an baino %36 gutxiago. Asia hego-ekialdean murrizketa handiagoa da, erdia baino gutxiago gauzatu baitira, 517. Jaitsiera antzekoa da AEBetan ere; 35etik 18ra. Afrika hegoaldean, berriz, beherakada txikiagoa da, %6koa, eta 300eko langatik gora mantendu da.

Era berean, 33 herrialdetan indultua eman zitzaion presoren bati, eta hemezortzi lagun kargugabetu egin zituzten; horien heren bana AEBetan eta Zambian. Gauzak hala, 2020 bukaeran 28.567 lagun zeuden heriotzara kondenatuta. Horietako asko «nazioarteko araudiak betetzen ez zituzten epaiketetan» zigortuak izan dira, erakundearen arabera; nagusiki, Ekialde Hurbileko eta Asia hegoaldeko hainbat herrialdetan.

Lau izan ziren iaz heriotza zigorra legez kanpo uzteko pausoak eman zituztenak. Txadek maiatzean utzi zuen bertan behera, mota guztietako delituentzat, XXI. mendean halako erabaki bat hartzen duen Afrikako lehen herrialdea izanik. Kazakhstanek Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren hautazko bigarren protokoloa onartzeko neurriak hartu zituen —heriotza zigorra indargabetzea du helburu—. Barbadosek, berriz, zenbait delituren aurrean zigor hori derrigorrez ezarri beharra ebazten zuen araudia aldatu zuen. Horiez gain, AEBetan, heriotza zigorra bertan behera utzi duen 22. estatua bilakatu zen Colorado. Hala, mundu osoko 108 estatuk dute ezabatua heriotza zigorra euren legedietatik, eta beste 36k, legeak aldatu ez arren, ez dute praktikan jartzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.