Ekialde Hurbileko egoera okertzea leporatu dio Liga Arabiarrak Israeli

Gutxienez 52 libanoar hil ditu egunotan Israelgo Armadak; Hezbolak zortzi soldadu eta bi zibil hil ditu

JUANMA SARASOLA ARANTXA ELIZEGI
2006ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Liga Arabiarrak Israeli leporatu dio Ekialde Hurbileko egoera, eta zehazki Libano eta Palestinakoa, okertzea, eta NBEren Segurtasun Kontseiluari («botere nagusia duelako») «eskualdeko egoera larriari aspaldi heldu behar» ziola aurpegiratu dio. Izan ere, gogortu egin da Israelgo Gobernuaren eta Libanoko Hezbolaren -14 diputatu eta ministro bat ditu, baita gerrilla ere-arteko enfrentamendua. Gogortu zibilen egoera ere, batez ere libanoarrena. Herenegundik gutxienez 52 libanoar, gehientsuenak zibilak, hil ditu Israelgo Armadak, airetik, lurretik eta itsasotik eginiko bonbardaketen bidez. Hezbolak, aldiz, herenegun hil zituen zortzi soldadu israeldarrez gain, bi soldadu atxikitzen ditu eta atzo bi zibil israeldar hil zituen, Nahariya hirira koheteak jaurtita.

Israelgo Armada Libanon eta Palestinan egiten ari den erasoaldia gogor gaitzetsi du Liga Arabiarrak, eta erakundeko estatu kideetako Atzerri ministroak Kairora (Egipto) deitu ditu larunbaterako, larrialdi bilera egiteko.

Ekintzetan ez ezik, hitzetan ere gogor ari dira hala Israelgo Armada nola Hezbolaren gerrilla taldea. Libanoko Armadak, aldiz, deus gutxi egin du orain arte, nahiz eta Israelek Libanoren aire, lur eta itsas eremuak inbaditu dituen eta azpiegitura zibil eta militarrak suntsitzeaz gain herrialdea airez eta itsasoz blokeatua duen.

«Deus ez dago seguru Libanon», ohartarazi du Israelgo Armadako buru Dan Halutzek. Horixe erakusten ari da, gainera, zubiak, etxebizitzak, argindar plantak, aireportuak, telebista egoitzak eta Hezbolaren zein Libanoko Armadaren posizioak jomuga izanda.

Hezbolak, bere aldetik, Israelgo Armadak Beiruti eta hegoaldeko auzoei erasoz gero, berak Haifa hiria bonbardatuko duela ohartarazi du. Haifa gaur egun (1948 arte hala ez bazen ere) gehienbat hiri judua da, baina milaka palestinar ere bizi dira bertan. Halere, Hezbolaren jomugak portuan leudeke, hor Israelek funtsezko azpiegitura eta industriak baititu, hala nola petrolio findegi handi bat.

Bart Israelek bigarren aldiz bonbardatu zuen Beiruteko aireportua, eta, era berean, Beirut hegoaldeko Usai auzoa bonbaz jo zuen. Tel Aviveko gobernuak eta zenbait komunikabidek esan zuten Hezbolak bi Katyusha kohete jaurti zituela Haifaren kontra, baina honek hori gezurtatu egin zuen.

Nazioartean denetariko erreakzioak eragin dituzte erasook, baina oraingoz ez dirudi Hezbolak herenegun bahitutako bi soldadu israeldarrak Israelek dituen preso libanoar eta palestinarren truke askatzeko negoziaziorik abiatu dutenik. Gerra hotsak dira nagusi.

NBEko idazkari nagusi Kofi Annanek jakinarazi du hiru goi ordezkari bidaliko dituela Ekialde Hurbilera, krisia konpontzen saiatzeko. Europako Batasunari dagokionez, «neurriz kanpoko indarra» erabiltzeagatik kritikatu du Tel Aviv, eta «bake misioa» igorriko duela iragarri du.

AEBetako presidente George Bushek, ostera, Israelekin elkarlanean segituko duela esan, eta Hezbolari egotzi dio «Ekialde Hurbilerako bake eginahalak suntsitzea». Alemaniak, ildo berean, Israelen ekinbidea justifikatu egin du.

Bestalde, Libanoko Ministroen Kontseiluak nabarmendu du Beiruteko gobernua ez dela Hezbolaren gerrillaren ekintzen erantzule, Israelek kontrakoa esan arren.

ERASOAK MUGAZ GAINDI. Israelgo Armadaren erasoek gutxienez 52 libanoar hil eta 100dik gora zauritu dituzten bitartean, Hezbolak eginikoek zortzi soldadu (herenegun) eta bi zibil israeldarren heriotza (atzo) eragin dute, eta beste 36ren zauriak. Israelgo Armadak Beiruteko aireportua eta hegoaldeko hainbat herri eta hiri (tartean Nakura eta Nabatie) bonbardatu ditu, baita Koleiat (iparraldean), eta Rajak eta Baalbek (biok Bekaa haranean, ekialdean). Eraso horietan, hainbat etxebizitzaz gain, Libanoko Armadaren aire base bat eta Hezbolaren Al Manar telebistaren bi egoitza (bat Beirut hegoaldean, eta bestea Baalbeken)izan ditu jomuga.

Hezbolak, aldiz, Israelgo Kiryat Shmona, Nahariya, Carmiel eta Safed hirietara jaurti ditu Katyusha koheteak.

Israelgo ArmadakGazako Atzerri Ministerioa bonbardatu du

arantxa elizegi

PAN Palestinako Aginte Nazionalak Gazan duen Atzerri Ministerioa bonbardatu zuen atzo Israelgo Armadak. «Hamasek erakunderako azpiegiturak prestatzeko erabiltzen duen eraikinari airez eraso diogu», jakinarazi zuen Israelek. Bonbardaketek kalte material handiak eragin zituen eraikinean, eta inguruko etxeetan bizi ziren hamar pertsona zauritu zituen, tartean hainbat haur. Aurreko egunotan, PANeko lehen ministroaren eta Barne ministroaren bulegoak suntsitu dituzte.

Nazioarteko Gurutze Gorriak nabarmendu du ekainaren 28an, erasoa hasi zenetik, uztailaren 10a arte, 55 palestinar hil eta 180 zauritu dituztela. Horiei herenegun hildako 24 palestinarrak gehitu behar zaizkie. Gazako herritarrak ezegonkortasunean bizi direla salatu du erakundeak eta hilabeterako elikagaiak dituztela iragarri du. Horiek hala, NBEk giza laguntza bidaliko duela iragarri du Japoniako lehen ministro Junichiro Koizumik, PANeko presidente Mahmud Abbasekin bildu ostean. Abbasek, berriz, Gazaren kontrako operazioa geldiarazteko eskatu dio Laukoteari -AEBak, Europako Batasuna, NBE eta Errusia-.

Bestalde, PANeko Osasun Ministerioak salatu du Israel debekatutako arma kimikoak erabiltzen ari dela Gazan. Medikuek azaldu dute arma horien jaurtigaien zatiak gorputzean sartzen direla zauri txikietatik, eta gorputz barruko organoei erasotzen dietela. Arma horiek toxikoak eta erradiaktiboak direla ere salatu dute, eta kasuak aztertzeko medikuak bidaltzeko eskatu diote nazioarteari.

HAMASEN ESKAINTZA. Hamasek berarekin batera jokatzera deitu du Libanoko Hezbola talde armatua. Honek bi soldadu israeldar bahitu zituen herenegun, eta haiek askatzearen truke preso libanoarrak eta palestinarrak aske uzteko exijitu dio Tel Avivi. «Preso askoren sufrimendua amaituko duen akordioa lortzeko garaia da», esan du Hamasek. Israeli ere gauza bera egiteko eskatu dio.

Nazioarteak, berriz, Israelek Gazaren eta Libanoren kontra abiatutako operazioa salatu, eta «proportzionaltasunez» jokatzeko eskatu dio. AEBetako presidente George Bushek, bestalde, Hezbola presionatzeko eskatu dio Siriako Gobernuari, horrela preso hartutako bi soldaduak aska ditzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.