EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. Egia isiltzeko denbora nahikoa

NBEko Batzar Orokorrak bost hilabete gehiago eman dizkie Israel eta Palestinari Gazako iazko erasoaldiari buruzko txosten «independente eta sinesgarriak» osatzeko.

arantxa elizegi egilegor
2010eko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Goldstone txosteneko aholkuak lurperatzeko saio zabalago baten zati bat besterik ez da hau» esanez deskribatu du Richard Falkek Nazio Batuen Erakundeko Batzar Orokorrak hartutako erabakia. Horrek ebatzi du bost hilabete gehiago ematea Israeli eta Palestinari, Gazako erasoaldiari buruzko txosten «independente eta sinesgarriak» egin ditzaten. Falkentzat, NBEk lurralde okupatuetan duen giza eskubideetarako ordezkariarentzat, egia ahaztaraztea da nazioartearen azken helburua.

Aurreko aldian hiru hilabete izan zituzten bi aldeek Richard Goldstone epaileak eta haren taldeak txostenean jasotako krimenak ikertu eta ondorioak dokumentu batean jasotzeko -1.400 palestinar hil ziren Berun urtuaoperazioan, gehienak zibilak-. Baina Israelek hasieratik ukatu du erasoaldi hartan inolako krimenik egin zenik. Gabriela Shalev Tel Avivek NBEn duen ordezkariaren ustez, aldiz, nazioarteko legea «errespetatuz» jokatu dute beraiek. Haren esanetan, gainera, Hamas da biktima zibilak egotearen erantzulea, «herritarrak giza ezkutu gisa erabili» zituelako.

Goldstone txostenak jasotzen duen argazkia, ordea, oso bestelakoa da. Bertan biltzen dira, besteak beste, Israelgo armadak NBEren eskola baten kontra egindako bonbardaketa eta hiri eta errefuxiatu guneetatik gertu fosforo zuria erabili izana -fosforoak bigarren eta hirugarren mailako erredurak eragiten ditu azalean-.

Gainditu ezinezko blokeoa

NBEko Batzar Orokorrak aldeko 98 botorekin eta kontrako zazpirekin onartu du bi aldeei emandako epea luzatzea -31 abstenitu egin ziren-. Baina, aldi berean, ohartarazi die baldintzak bete ezean haien kontrako neurriak hartuko dituela Segurtasun Kontseiluan. Oharrak, ordea, indar gutxi du. Izan ere, Israelek ziur daki AEBek blokeatu egingo dutela bere kontrako edozein ebazpen; eta, aldiz, Gazako 1,4 milioi herritarrek ia hiru urte daramatzate 280 kilometro koadroko eremutik atera ezinean. «Ez gara inozoak. Ezagutzen ditugu NBEren politikak. Ezin dugu txosten hau NBEko langileen tiraderetan ahaztuta utzi, beste askorekin egin dugun bezala. Benetako borondatea baldin badu, Nazio Batuen Erakundeak egin dezake zerbait», nabarmendu du Issam Junisek, Gazako Giza Eskubideentzako Al Mezan Zentroko zuzendariak.

NBEk erabakia jakin aurretik ere argi zuen Junisek zer gertatuko zen. Berak bezala giza eskubideen aldeko hainbat ekintzailek gaitzetsi dute AEBak eta Israel presio egiten ari direla txostena Segurtasun Kontseilura irits ez dadin. «Presio geopolitikoek talka egiten dute giza eskubideekin», salatu du Falkek.

Dena den, ate guztiak ez daude itxita. Astelehenean NBEko Giza Eskubideen Kontseiluan eztabaidatuko dituzte Goldstone epaileak txostenean jasotako aholkuetako bi: biktimei laguntzeko diru funtsa sortzea eta arma jakin batzuen gaineko debekua. Horretaz gain, Gazako giza eskubideetarako erakundeko buruak ez du baztertzen beste bide batzuk zabaltzea, Segurtasun Kontseiluak huts eginez gero. «Goldstoneren aholkuetako gehienetan nazioarteko legedia aipatzen da. Pentsatzen ari gara beste herrialde batzuetako epaitegietara jotzea; eta Israelen aurkako salaketak aurkeztea beste estatu batean», azaldu du Junisek.

Tel Avivek, bitartean, orain arteko jarrerari eutsi dio aste honetan NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonekin egindako bileran. «Dokumentu alderdikoi horrek zalantzan jartzen du herrialde demokratikoek terrorismoaren aurka egiteko duten eskubidea», nabarmendu du Ehud Barak Defentsa ministroak. Izan ere, Benjamin Netanyahu lehen ministroaren gobernuarentzat hori da Israelek «bere burua defendatzeko» duen bide bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.