EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. GAZAKO ERRETIRATZEA. MAGED ABU RAMADAN. GAZA HIRIKO ALKATEA. «Israelek suntsitutako etxeen ehunka tona hondakin daude hirian»
Gaza hiriko alkatea da Maged Abu Ramadan (Kairo, Egipto, 1955). PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Osasun Ministerioaren egoitzan egin dio harrera, baina, berriari. Bertako nazioarteko elkarlanerako zuzendaria ere bada, alkatea izateaz gain. Oftalmologia ikasi zuen Kairon eta Londresen. PANeko presidente ohi Jasser Arafaten irudia du laugarren solairuko bulegoan. Gazako errealitatea islatzen ez duen irudi bukolikoa ondoan. 400.000 pertsona bizi dira gauez Gazan. Egunean zehar kopuru hori ia milioi erdira igotzen da. Asko dira lanera edo ikastera egunero hirira joaten diren palestinarrak.
Gazako dentsitate tasa munduko handiena da. Zeintzuk dira hirian egun dauden arazo handienak?
Israelek eremu askotan jartzen dituen trabak dira gure arazo handiena eta traba horiek gure egoera ekonomikoan eragiten dute batez ere. Israelera lan egitera joaten ziren palestinar askok lanpostuak galdu dituzte azken urteotan. Langabezia tasa handia da oso. Gaza bakartzen ari da Israel. Garraioa mugatuta dago eta horrek ere eragin zuzena du gure ekonomia kaskarrean. Mugako kontrolak pasatzeko arazo handiak daude, baita hegoaldetik iparraldera joateko ere. Gure ahalmenak mugatzen dituzte etengabe. Gazan ekoizten diren oinarrizko produktuen kopuru handi bat galtzen da bidean. Kutsadura ere arazo handia da eta horrek gaixotasunak eragiten ditu. Muturreko neurriak hartzen ari gara egoera horri aurre egiteko, eta diru asko bideratzen dugu horretara. Esaterako, ura garbitzeko neurriak hartu ditugu.
Pobrezia oso handia da. Zer nolako neurriak hartuko dituzue arazo horri aurre egiteko?
Eguneko bi dolarrekin bizi dira palestinar asko. Langabezia tasa handia da eta herritarren %70 pobrezian biziko da hurrengo urtean. Israelek bide guztiak itxi dizkigu, eta ekoizten dena kanpora eramateko arazoak izateaz gain, lehen guk ekoizten genituen produktuak inportatu egin behar ditugu orain. Israeldar asko etortzen ziren lehen gurera erostera, baina Intifada hasi zenetik ez datoz. Israelen erasoek hiria suntsitu dute eta, ildo horretan, hiri garbi eta eder bat eraikitzeko saioak egiten ari gara, turistentzat eta palestinarrentzat erakargarria izango den hiria. Ume palestinarren aurpegietan irribarrea ikusi nahi dugu. Israelek suntsitutako etxeen ehunka tona hondakin daude hirian eta oso garestia da hori guztia garbitzea, saiatzen ari bagara ere. Hondartza politak, itsaso ederra eta eguraldi ona dugu hemen. Hori turistak eta inbertitzaileak erakartzeko baliatu nahi dugu. Turismoa ezinbestekoa izango da aurrera egiteko eta nazioarteak horretan lagun gaitzake. Industrigune bat ere egitea pentsatzen ari gara.
Israelgo Gobernua Gazan dituen kokaguneak husten ari da egunotan. Onuragarria izango al da hori hiriarentzat?
Ez dugu ahaztu behar plan hau alde bakarrekoa izan dela, eta ez dugula parte hartzeko aukerarik izan. Erretiratzea onuragarria izango da, beti ere, Israelek hemendik aurrera duen jarreraren arabera. Palestinarrak uneoro hiltzen jarraitzen badu, gure etxeak eta lurrak etengabe suntsitzen baditu, mugak kontrolatzen eta ixten jarraitzen badu... Zisjordaniako okupazioarekin eta hara joan ahal izateko pasabidearekin zer gertatzen den ikusteke dago. Gaza ezin da kartzela bihurtu.
Hamasek azken udal bozak irabazi zituen, eta gero eta babes zabalagoa du palestinarren artean. Zergatik?
Hamas demokratikoki hautatua izan zen eta talde zilegia da. Dena den, ez dut uste Hamas gero eta indartsuagoa denik; frustrazioa da gero eta indartsuagoa dena: jendeak ez du lanik, ez du dirurik janaria edo arropa erosteko, erasoak jasaten ditu egunero, eskubide guztiak urratzen dizkiete... Frustrazio horrek nonbaitetik atera behar du. Gaza kartzela bihurtzen baldin bada, eta egoerak bere horretan jarraitzen baldin badu, ez dut uste hurrengo bozetan Hamasek irabaziko duenik; frustrazioak irabaziko du. Gauzek hobera egiten badute, aldiz, talde moderatuetako hautagaiak itzuliko dira agintera, eta ez muturrekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu