Orotara 1,2 milioi palestinar bizi dira Gazan eta bertan dauden hamazazpi kokagunetan, berriz, 7.500 kolono daude. «Afera ez da batere erraza. Bertan hiru belaunaldi daramaten pertsonaz ari gara eta milaka negutegi eta lantegi daude. Ezin izango da lana azkar egin, bereziki, tartean erasoak badaude», gaineratu zuen.Israelgo lehen ministroaren asmoei, ordea, sinesgarritasuna kendu diete bai palestinarrek zein oposizioko alderdi guztiek. Adituen hitzetan kanpora begirako hitzak dira, bereziki, aurki AEB Ameriketako Estatu Batuetara joatekoa delako.Kokaguneak desegiteko plana AEBen «babesa eta laguntzarekin» egin duela eman zuen aditzera lehen ministroak, eta, ildo horretan, Errepide Mapa baztertu ondoren iragarri zuen alde bakarreko asmoen baitan kokatu dute adituek iragarpena.PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Jasser Arafat ironiaz mintzatu zen Mukatan bildu ziren kazetarien aurrean: «Hamazazpi karabana. Zuk sinesten al duzu? Hamazazpi kentzen baditu beste 170 ezarriko ditu beste leku batean».Israelgo oposizioko alderdiek gogor gaitzetsi zituzten lehen ministroaren hitzak eta «sarritan kokagune ilegalak bertan behera uzteko iragarpena egin duela» ohartarazi zuten. «Sharoni soilik bere ekintzengatik epaitzen ahal zaio», esan zuen Ofir Pines diputatu laboristak. Meretz alderdiko diputatu Zehava Galonen ustetan, berriz, «maiz botatzen duen aire globoa» baino ez da lehen ministroaren asmoa. Likud alderdiko hainbat kidek, halaber, euren «harridura» agertu zuten atzo asmoen berri jakin eta berehala. Israelgo Atzerri ministro Silvan Shalomek planaren berri ez zuela argitu ondoren, alde bakarreko «kontzesioak» egitearen kontra dagoela zehaztu zuen: «Alde bakarreko pausuek ez dute arazoa arinduko».Gush Katif kokaguneko kolonoen bozeramailearen hitzetan, Sharonen asmoak ez du bakea ekarriko. Ildo horretan, kokaguneak lekuz aldatu baino lehen bertako herritarren oniritzia jasotzeko asmoa agertu zuen Sharonek. «Aurreneko gauza adostasuna lortzea da. Gazan judutarrak ez egoteko asmoan lanean ari naiz», esan zuen.Bien bitartean, Israelek AEB Ameriketako Estatu Batuek urtero egiten duen giza eskubideen inguruko txostenaren argitarapena atzeratzea eskatu zion atzo Washingtoni; izan ere, bertan banaketa hesiaren kontrako kritika gogorrak jasotzen ditu Tel Avivek.
Banaketa hesia hizpide, Hagan
Europako Batasunak, berriz, atzo agertu zion Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiari banaketa hesiaren inguruan duen iritzia. Ildo horretan, EBk ez du mesedegarritzat jotzen hesiaren eraikuntza Hagara eramatea. «Nazioarteko Auzitegiari laguntza eskaera egiteak ez luke bi aldeen arteko arazoa konpontzen lagunduko; beraz, ez da egokia haiengana jotzea», zehaztu zuen aurkeztutako testuan.
Bestetik, Israelgo Armadak ustezko bi ekintzaile eta beste hiru palestinar hil zituen atzo Gazan eta Belenen; hain zuzen ere, Hamas erakundeko ustezko kide Mahmud Abu Odeh eta Jihad Islamikoa erakundeko ustezko kide Jasser Abuliesh hil zituen. Lehendabizikoari joan den astean Jerusalemen izandako erasoaren erantzule izatea leporatu zitzaion . Gazan, Jihadeko ustezko ekintzailearekin batera, beste hiru palestinar hil zituzten.
-
GENEVAKO EKIMENA
Herritarren %40k sostengua ematen diote
Israelgo eta Palestinako herritarren %40k Genevako Ekimenari babesa ematen diotela helarazi zuen atzo Yosi Beilin ekimenaren sustatzaileak. Israelgo ordezkaria eta Palestinako sustatzaile Jasser Abed Rabo EBko ordezkariekin izan ziren atzo eta sostengua hasieran uste baino handiagoa dela jakinarazi zioten EBko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi komisario Javier Solanari. «Zenbat eta babes handiagoa izan, Israelgo eta Palestinako gobernuek ahalmen gutxiago izango dute gehiengoaren iritziari ezetz esateko», zehaztu zuten. Solanak Genevako Ekimena Errepide Maparekin bateragarria dela esan zuen. «Bidezkoa da esatea ez dagoela kontraesanik bi ekimenen artean eta elkar laguntzen ahal dira», zehaztu zuen.