EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. Gazako kokagune juduak eremu militar izendatu eta kolonoei itxi dizkie Israelek

Armadak indarrez kanporatu ditu hotel batean itxita zeuden 150 kolonoak; «ez diogu inori utziko legeak haustea eta izuaz jokatzea», ohartarazi du Sharonek

ERREDAKZIOA
2005eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Gazan dauden hogeita bat kokagune juduak eremu militar izendatu eta itxi egin zituen atzo Israelek. Herenegun bertan izandako liskarrak eragotzi nahi izan ditu horrela Armadak. Gush Katif kokagune bloketik hurbil dagoen hotel batean duela hainbat egunbabestuta zeuden muturreko kolonoak, berriz, indarrez kanporatu zituen Tsahalek. Ariel Sharonek kolonoen kontra irmotasunez jokatzeko deia egin zuen herenegun eta, antza denez, oihartzuna izan dute haren adierazpenak. Israelgo egunkariei atzo egindako adierazpenetan horrelaxe esan zuen lehen ministroak: «Ez ditugu lagun bakan batzuk legeak hausten eta izuaz jokatzen utziko».

Kolonoei sostengua ematera edo elkartasuna adieraztera joateko asmoa zuten israeldarrek, beraz, ezin izango dute kokaguneetan sartu. Israelgo Armadak jada bertara hurbiltzea debekatu zien atzo hainbat herritarrei. Kokaguneetan sartu ahal izango duten bakarrak bertako bizilagunak, premiazko lan arlo batzuetako langileak eta kazetariak izango dira. Erretiratze planaren kontra protesta egitera joateko asmoa dutenak, aldiz, ezin izango dira sartu. Israelgo Armadako eledun batek horrela azaldu zuen: «Israelgo segurtasun indarrei eta palestinarrei muturreko kolonoek eginiko oldar ekintzen harira hartu dugu erabakia».PAN Palestinako Aginte Nazionalak, baina, neurri hau beranduegi hartu dela deitoratu zuen.Israeletik eta Zisjordaniatik dagoeneko muturreko judu asko sartu direla kokaguneetan argudiatu zuen.Gush Katif kokagune bloketik hurbil dagoen Palm Beach hotel ohian hainbat egunez babestuta egon diren 150 kolonoak, bestetik, indarrez kanporatu zituen atzo Armadak. Zisjordaniatik joandakoak ziren gehienak eta hotel hustua gotorlekutzat hartu zuten, erretiratze planaren gauzatzea bertan behera uzteko asmoz. Orotara 1.500 soldadu eta polizia israeldarrek parte hartu zuten operazioan eta ganbaran zeuden kolonoak banan-banan kanporatu behar izan zituzten. Poliziaren arduradun Uzi Bar Lebek ez zutela indarkeriarik erabili zehaztu zuen. Abuztuaren 15ean da hasteko erretreta.

Atxiloketa andana

Gush Katif kokagune bloketik eta Al Mauasi herri palestinarretik gertu borroka gogorrak izan ziren asteazken arratsean. Kolonoek harrika eraso zieten palestinarrei eta hamasei urteko gazte bat larri zauritu zuten. Israelek hogeita hamar kolono atxilotu zituen. Shaul Mofaz Defentsa ministroak palestinarrak erasotzen dituzten kolonoak atxilotzeko agindua eman zuen atzo. Israelen hainbat errepide moztu zituzten beste 150 kolono atxilotu zituzten. Ariel Sharonek «legez kanpoko indarkeria ekintza hauek» bertan behera uzteko eta «normaltasuna bermatzeko» neurri guztiak hartuko dituztela jakinarazi zuen atzo: «Ez ditugu kolono bakan batzuk legeak hausten eta izuaz jokatzen utziko».

Kolonoekin dituen arazoak ezi dira bakarrak baina Tel Aviventzat. Israelgo Gobernua lurralde okupatuen gatazkaren beste atal bat bizi izan zuen atzo. Nabulusen (Zisjordania) operazio batean parte hartzen ari ziren bi soldadu israeldar desagertu ziren. Al Aksako Martirien Brigadetako Almane Juda taldeak bere gain hartu zuen bi militarhauen bahiketa. Ekintzaile batek hil egin zituztela jakinarazi zuen gerora telefono dei batean.



-

Datua



500.000

Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan bizi diren 6,3 milioi juduetatik 500.000 prest ei dira Israelera joateko. Harris enpresak egin berri duen eta Haaretz egunkariak argitara emandako inkestan jaso dute datu hori. Galdekatu dituzten 100.000 pertsonek datozen bost urteetan joateko asmoa agertu dute eta beste 400.000k berdin egiteko asmoa daukate, baina ez dute data zehaztu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.