EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. Hesiak okupazioa bermatzen duela salatu du PANek

Hagak auzia epaitzeko eskumenik ez duela eta arazoa politikoa dela esan du Israelek, eta palestinarren 'terrorismoak' nazioarteko eskubideak urratzen dituela esan du idazki batean

Kristina Berasain Tristan.
2004ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Israel Zisjordanian eraikitzen ari den banaketa hesiak segurtasuna helburu duela ukatu zuen atzo Palestinak Nazio Batuen Erakundean duen ordezkari Nasser al-Kiduak eta «okupazioa bermatzen» duela adierazi zuen, Nazioarteko Justizia Auzitegian: «Banaketa hesiaren arrazoia ez da segurtasuna, baizik eta de factoko okupazioa eta anexioa bermatzea». Eraikuntza «onartezina» dela salatu eta hesiaren ibilbidea bere osotasunean gauzatzen bada, bi estatuen arteko konponbidea «ezinezkoa» izango dela nabarmendu zuen. Ildo horretan, 1948. urteaz geroztik palestinarrak «umiliatzea, sakabanatzea eta zigortzea» leporatu zion Israeli. Banaketa hesiak ekintzaileen erasoak eragoztea xede duen argudioa gezurtzat jo zuen: «Horrela izango balitz bere lurraldean eraikiko zuen eta 8 metrokoa beharrean 80 metroko altuera izan zezakeen», esan zuen Al Kiduak.

Nazioarteko Justizia Auzitegiak atzo abiatu zuen hesiaren zilegitasuna aztertzea xede duen prozesua. Nazio Batuen Erakundearen baitako auzitegiak bihar amaituko du 44 herrialdetako ordezkariren argudioak aztertzea xede duen prozesuak. Ordezkari palestinarrak eraikuntzaren kontrako argudioak hizpide hartu ondoren, erabakiak «aurrerapauso positiboak» eragin ditzakeela esan zuen. 1971. urtean emandako epaia izan zuen gogoan Al Kiduak eta orduan Hegoafrikak Namibia okupatu izana salatu zuen moduan orain Hagak palestinarren gaineko okupazioa salatzea espero duela esan zuen. Haren ustetan, nazioartean banaketa hesia onartezina den iritzia nagusi da. Ildo horretan, Saudi Arabia, Hegoafrika, Aljeria eta Bangladesheko ordezkariak bat etorri ziren atzo banaketa hesiak anexioa indartu eta ondorio larriak eragingo dituela esatean. Beraz, eraikuntzaren zilegitasun eza salatu eta bertan behera gelditzea eskatu zuten.Hagak banaketa hesiaren auzia epaitzeko eskumenik ez duela eta arazoa politikoa dela argudiatuz, Israelek uko egin zion prozesuan parte hartzeari. Dena den, idazki bat bidali zuen bertara, auzitegiari hesia zergatik den beharrezkoa aintzat hartzen ez duela leporatuz.Israelgo Defentsa eta Justizia ministro Shaul Mofazek eta Jossef Lapidek, hurrenez hurren, auzitegiaren jarrera salatu zuten: «Inongo herrialdek eta erakundek ez du eskubiderik Israelek bere herritarrak defendatzeko duen eskubideaz aritzeko». Dagoeneko eraikita dagoen hesiaren zatiak erasoak murriztea eragin duela iritzi zioten bi ministroek. «Palestinarren ekintza terroristek nazioarteko zuzenbide arauak urratzen dituzte», esan zuten, halaber.

AEBen babesa

AEB Ameriketako Estatu Batuetako Legebiltzarreko bi diputatuk Robert Wesler demokrata eta Steve Chabot errepublikanoa Israelek defendatzeko eskubidea duela aldarrikatu zuten Hagan emandako prentsaurrekoan. Hesia «terrorismoari aurre egiteko neurria» da, haien hitzetan eta NBEk auzia Hagara eramatea «akats handia». Halaber, Washington prozesu legalak nazioartean eztabaidatzearen beldur dela esan zuten.

Bien bitartean, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Jasser Arafat Ramalan mintzatu zen atzo eta «apartheid hesiak» estatu palestinarra sortzea eragozten duela salatu zuen: «Munduaren aurrean diogu eraikuntzak gure lurraldeak atxiloketa eremu bilakatu dituela». Auzitegiak hesia legez kanpokotzat jotzen badu, «bakerako itxaropena» piztuko dela adierazi zuen: «Hagak nazioarteko zilegitasunean oinarri juridiko bat ezartzeko aukera du». Ildo horretan, banaketa hesiak aurrera segitzen duen bitartean, bakea «ezinezkoa» izango dela ohartarazi zuen Arafatek.Israelgo Atzerri ministro Silvan Shalomek, berriz, «segurtasun hesiarekin» aurrera egingo dutela esan zuen, «bere eraginkortasuna frogatuta dagoelako». Palestinarren argudioak gezurtatu ondoren, zera esan zuen: «Arazoa ez da hesia, terrorismoa baizik».Herenegun Jerusalemen izandako eta bederatzi hildako eragin zituen erasoak hesiaren zilegitasuna frogatzen duela gaineratu zuen Shalomek.Israelgo lehen ministro Ariel Sharonek Nazioarteko Justizia Auzitegiaren erabakiak Errepide Mapan eragina izango zuela eman zuen aditzera atzo. Ildo horretan, PANeko agintariekin ez zela bilduko esan zuen Legebiltzarrean, «ez dutelako bake planean zehazten diren konpromiso bakar bat ere bete».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.