Haaretz egunkariak emandako zehaztapenen arabera, hasiera batean 1.100 etxebizitza eraikitzeko asmotan ziren; proiektuak Pisgat Zeev auzo inguruan eta Shuafat arabiarrak bizi diren aldeetan eragiten zuen. Hasierako egitasmo hark, baina, ez du bere horretan aurrera egin, eta aurreikusitako etxebizitza kopurua erdira murriztu dute.
1967an okupatu zuen Israelek Jerusalem ekialdea. Palestinarrek, ordea, estatu palestinarraren hiriburuak han kokatuta egon behar duela aldarrikatzen dute, Israelek bereak balira bezala urbanizatzen baditu ere okupatutako lurrak. Eraikitzea, dena dela, ez da Jerusalem ekialdea kolonizatzeko darabilen politika bakarra. Legez kanpokotzat jo ondoren, palestinarren dozenaka eraikin eraisteko agindua eman baitu Nir Barkat Jerusalemgo alkateak. Esku artean palestinarren Silwan auzoa «garbitzeko» plana darabilela salatu dute bertako bizilagunek.
Barkatek, bestela, palestinarrek atzera bota ezin duten proposamena egin duela adierazi du, haien etxebizitzen ordez berriak eskaini dituela argituz. Alkatearen hirigintza proiektu handizalea, baina, ez da bizilagun palestinarren gustukoa; orain etxebizitzak dauden lekuan dendak, jatetxeak, hotelak, boutiqueak edota parke erraldoiak eraiki nahi ditu Jerusalemgo alkateak. Ziad Kauar bertan bizi diren familien legezko ordezkariak, baina,Zurichen ez, Jerusalemen dagoela gogorarazi dio.
«Bere etxean jarraitu nahi du bizitzen jendeak. Ez dute lekuz aldatu nahi, eta ez dute bata bestearen gainean bizi nahi», dio Morad Shafak, Silwango bizilagun batek. «Hementxe bertan parke bat eraiki nahi zutela esan zigutenean, 'ongi da', esan genien. Baina gure etxe inguruetan eraiki behar zuten parkea eta ez haien gainean», gaineratu du.
Estatu bakarra
Negoziazio mahaia berriro martxan jarriko badute Israelek kokaguneak eraikitzeari utzi behar diola diote palestinarrek. Etenda dagoen bake prozesurako oinarrizko baldintza da hori; Israelek gehiegitan hartu nahi izan ez duen konpromisoa. Haaretz-ek argitara eman duen dokumentuak, horregatik, Saeb Erekat PANeko negoziazioetarako buruaren etsipena agertzen du. Iazko abenduan idatzia da, eta EB Europako Batasuneko hainbat agintariren esku da dagoeneko. Dokumentuan, bake negoziazioak serio hartzen ez badira 1993ko Osloko Akordioak bertan behera uzteko arriskua egon badagoela dio Erekatek. Osloko Akordioetan bi estatuko irtenbide hobesten da; alde batera utziko balituzte, horregatik, bi nazioko estatu bat eratzearen alde egingo lukete palestinarrek.
Erresistentziarako hainbat bide markatzen ditu Palestinako Aginte Nazionaleko negoziatzaileak -bide ez armatuak dira denak-. PANen eta Israelen arteko segurtasun arloko lankidetza amaitzea da horietako bat. Haaretz-ek argitaratutako 21 orriko dokumentuak, halaber, George Bushen agintaldian egindako urratsak aipatzen ditu, hala nola errefuxiatu palestinarren auzia konpontzeko PANek agertutako aldez aurreko jarrerari. Hamar urtean urtero 15.000 errefuxiaturi itzultzeko eskubidea aitortzearen alde legoke PAN.
Bush Etxe Zurian zela egindako bitartekaritza lanei esker lortutakoek ere hutsaren pareko dirudite egun. Dauden-daudenetan, hala, inork ez du espero gatazkak irtenbiderik izango duenik, ez oraingoz. Israelek esperantza apurrenak uxatu ditu aste honetan: Hebronen (Zisjordania) musulman nahiz juduentzat sakratu diren guneak nazioaren ondasun izendatuko ditu. Palestinarren protestak eragin ditu egitasmoak; atzo ere liskarrak izan ziren Hebronen, protestetarako egun nazionalean.