Ia Libano osora zabaldu ditu erasoak Israelgo armadak, eta egunotan bezalatsu, atzo ere zibil libanoarrak, 27 inguru, izan zituen jomuga nagusi, azpiegiturez eta Hezbolaren egoitza eta kokalekuez gain. Nazioarteak -erabakiguneak eta instituzioak- begira segitzen du, eta esku hartu gabe Libanoren subiranotasunaren, azpiegituren eta herritarren kontrako erasoaldia eteteko, Beiruteko Gobernuak laguntza eskatu arren. Dagoeneko, gutxienez 106 dira Israelgo armadak hil dituen libanoarrak. Hezbolaren gerrillak, bestalde, Israelgo iparraldeko hiri eta kokaguneei erasotzen jarraitzen du.
Beirut hegoaldeko Harat Hreik auzoa hirugarren aldiz jo du Israelgo armadak, Hezbolaren egoitzak eta buruzagiak suntsitu nahian. Gainera, lehen aldiz, hiriburuaren erdigunea bonbardatu du, Ras Beirut penintsulako itsasargia eta portua, hain justu. Hogei kilometro iparraldera dagoen Junie hiriko portua eta iparralderago dagoen Tripolikoa ere bonbardatu dituzte Israelgo helikopteroek.
Horrez gain, Bekaa harana gogor astindu dute Israelgo hegazkinek. Baalbek hiria sei bider bonbardatu dute, eta Hermel eta Masnaa inguruko herriek ere (Siriarekiko mugan) jaso dituzte Israelen misilak. Halaber, Beirut Damaskorekin (Siria) lotzen duen autobidea suntsitzen jarraitu du, bereziki zubiak bonbardatuta, eta bide erdian dagoen Shtaura hirira ere jaurti ditu misilak.
Hegoaldean, berriz, gasolindegi bat txikitu du Sidon ondoan, eta hegoalderago, Tiro hiritik gertu, Maruahin herrian, erasoetatik ihesi furgoneta batean zihoazen 15 pertsona hil eta beste sei zauritu ditu. Poliziak jakinarazi du Israelgo armadak hanka egiteko ohartarazi ondoren handik urruntzen ari zirela bonbardatu dutela Israelgo airekoek furgoneta.
Hego-ekialdean, okupatuta dituzten Shebaako etxaldeen inguruan, Sefa eta Kafr Suba herriak bonbardatu dituzte israeldarrek.
Erasoetatik ihesi 90.000 lagun aterpetu dira Sirian. Gainera, ehunka langile atzerritarrek eta turistak egin dute ospa Libanotik.
Bestalde, Londresen egoitza duen Al Hayat egunkariaren arabera, Tel Avivek 72 orduko epea eman zion atzo Damaskori, Hezbolak preso hartutako bi soldadu israeldarrak askatzea lortzeko.
LIBANOKO GOBERNUAREN SALAKETA. Libanoko lehen ministro Fuad Siniorak berriz galdegin du su-etena, NBEren babesean, eta Libanoren subiranotasuna hegoaldera-Hezbolaren kontrolpean dago- hedatzeko eta herrialdea berreraikitzen lagun diezaiola eskatu dio nazioarteari. Israelgo armadaren erasoak berriro gaitzetsi, eta hari «makina kriminal» iritzi dio. Gainera, giza galerak eta galera ekonomikoen errua Tel Avivi egotzi dio. «Talde zigor eta inmorala ezarri dio Israelek Libanori».
Bestalde, Hezbolak ez ditu bere armak -asko, koheteak bereziki, Iranek emanak- isildu, eta inbasoreei aurre egiten ez ezik, Israelera bertara ere Katiusha koheteak jaurtitzen segitzen du.
Hala, Galilean (Israelek 1948an okupatua), Libanoko mugatik 35 kilometrora dagoen Tiberias hiria jo du erresistentzia libanoarreko talde nagusiak. Gutxienez zortzi israeldar zauritu ditu. Halaber, Tiberias ondoan Kfar Hitim, Evron, eta Abu Snan herriak jo, eta mugalde osoan Carmiel, Hatzor Haglilit, Pekiin, Safed, Naharija hiri zein herriak eta Ben-Ami etxalde komunitarioa bonbardatu ditu.
Tel Avivek baieztatu du herenegun Hezbolak Israelgo armadako ontzi bat jo eta lau soldadu hil zituela, Beiruteko kostatik gertu.
Gainera, 1991ko Golkoko Gerratik lehen aldiz, Patriot defentsa misilak hedatu ditu Israelgo armadak Haifa hirian. Sistemak ezin ditu Katiusha koheteak suntsitu, bai, ordea, lurretik lurrerako misilak.
Bestalde, Israelgo armadako buruzagi batek -ez du izenik eman nahi izan- honela azaldu du tropak oraingoz lurrez ez sartzearen arrazoia: «Hasieratik bereziki airetik ekitea erabaki genuen». Tropak lurretik Libanora sartzeak galera ugari eragiten ahal dizkio Israelgo armadari, aurreko inbasio eta okupazioetan (batez ere, 1982-2000 artekoa) gertatu bezala. «Operazio luze baterako prestatzen ari gara».
LIBANOAR-ESTATUBATUARRAK KEXU. Senar euskal herritarra, Zeanurikoa (Bizkaia) duen Randa Farhat xiita libanoarrak BERRIAri salatu dionez, bere herrian, Janunen (Libanoko mugan), 1.000 biztanletik erdiek baino gehiagok Libanokoaz gain AEBetako pasaportea eduki arren, ez dute AEBetako enbaxadaren deirik jaso, ondo dauden edo laguntza behar duten galdetzeko. «Lotsagarria da. Gerra zibilean [1975-1990] gutxienez gutaz arduratu ziren; orain, ordea, ez».
Egunotako erasoetatik ihesi 90.000 lagun aterpetu dira Sirian, eta ehunka atzerritarrek ospa egin dute
EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. ISRAELGO ETA LIBANOKO ERASOAK. EKIALDE HURBILEKO GATAZKA
ISRAELGO ETA LIBANOKO ERASOAK. Beiruteko erdialdera eta Tripolira zabaldu ditu erasoak Israelgo armadak. Israelgo armadak dagoeneko 106 libanoar hil ditu egunotan; Hezbolak Israeli erasotzen segitzen du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu