Nazio Batuek, bestalde, datozen hiru hileotan libanoarren oinarrizko beharrak asetzeko 118 milioi euro emateko larrialdiko deia egin zioten atzo nazioarteari.
Rice Libanoko legebiltzarreko presidente Nabi Berrirekin ere bildu da. Berri Amal alderdikoa da, Hezbolarekin batera iazko hauteskundeetan aurkeztua. Biek koalizio gobernuan parte hartzen dute, beste hainbat alderdirekin batera. Hain justu, herenegun jakinarazi zuen Libanoko Gobernuak Hezbolaren baimena jaso zuela Israelekin presoen trukea negoziatzeko, baita Israelek atxikitzen dituen libanoar, palestinar eta beste arabiar batzuen izenekin osatutako zerrenda ere. Israeli ehunka preso palestinar eta libanoar askatzeko eskatzen dio Hezbolak, uztailaren 12an mugan preso hartutako bi soldadu israeldarren truke askatzeko. Ekainaren 25ean erresistentzia palestinarrak Gazako mugan preso hartutako soldadu israeldarra ere trukean sartzea nahi du.
Bitartean, Libanoko presidente Emil Lahudek esan du Israelgo Armadak Libanoko erasoaldia hasi aurretik Hezbolaren desarmearen gainean eztabaidatzen eta kontsentsua bilatzen ari zirela Libanoko alderdiak, NBEren 1559 ebazpena betetze aldera; «baina Israelek eztabaida hori zapuztu egin du». Lahudek (kristau maronita eta Siriaren aldekoa) ez du ondo ikusten Hezbola behartuta desarmatzea.
NAZIOARTEKO BITARTEKARITZA. Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi ordezkari Javier Solana Saad Haririrekin (Etorkizuna alderdiko burua, Libanoko alderdi nagusia) bildu da. Su-etena lortzearen garrantzia nabarmendu, eta xede horretan bihar Erroman egingo den Libanoko Taldea deituaren konferentzia urrats handia izango dela esan du. Frantzia, Erresuma Batua, Italia, Europako Batasuna, AEBak, Egipto eta Munduko Bankuak osatzen dute taldea. Akordio politikoa, auzi humanitarioa eta segurtasun alorra izango dira konferentziaren ardatzetako batzuk.
Herenegun, Alemaniako Atzerri ministro Frank-Walter Steinmeierrekin bildu ondotik, Israelgo Defentsa ministro Amir Peretzek adierazi zuen Israelgo Gobernua prest zegoela -orain arte ez bezala- Libanoren eta Israelen arteko mugan NATOko edo Europako Batasuneko nazioarteko indarrak heda daitezela onartzeko.
Iturri ofizialen arabera, Israelgo Armadak gutxienez 384 pertsona hil ditu Libanon, gehien-gehienak zibilak, baina baita Hezbolako 11 gerrillari eta Libanoko 20 soldadu ere. Hezbolak 36 israeldar hil ditu, tartean 19 soldadu. Hildako zibilen artean bi israeldar-palestinar daude. Gainera, gutxienez 600.000 libanoarrek alde egin dute beren etxeetatik, Israelgo Armadaren erasoetatik ihesi, OME Osasunaren Munduko Erakundearen esanetan. Libanoko Finantza Ministerioari jarraiki, ordea, ihes egindakoak 750.000 inguru dira, populazioaren ia %20.
Israelgo Armadako buru Dan Halutzek ohartarazi du Hezbolak Haifa hiriaren kontra jaurtitzen duen kohete bakoitzeko Libanon 10 etxebizitza suntsituko dituela Israelgo Armadak. Hezbolak, aldiz, hainbat Katyusha kohete bota zituen atzo ere Israelgo iparraldera, tartean Haifara.
Aitzitik, Hezbolako buruzagi Hassan Nasralak esan du Israelgo Armadak, Libanoko hegoaldea inbaditu arren, ez duela koheteen jaurtiketa eragoztea lortuko. Gogorarazi duenez, 1996an, artean Israelgo Armadak Libanoko hegoalde osoa okupatzen zuela, koheteak jaurtitzen aritu zen erresistentzia libanoarra, tartean Hezbola bera.
ATZOKO ERASOAK. Israelgo Armadako soldaduek eta Hezbolako ekintzaileak aurrez aurre borrokan aritu ziren atzo Libanoko hegoaldean, Marun Ras herrian eta Bint Jbeil hirian. Israeldarrek aurreko herria hartu zuten herenegun, eta atzo Bint Jbeil inguratua zuten. 10 soldadu israeldar zauritu ziren eta israeldarrek Hezbolako bi gerrillari hartu zituzten preso. Hezbolak esan zuen Israelgo Armadako bost tanke suntsitu zituela mugan, baina Tel Avivek hori ukatu zuen. Bestalde, Israelgo helikoptero batek lurra jo, eta bi soldadu hil ziren Safed hiritik (Israel) iparraldera. Zenbait iturriren esanetan, Hezbolak erorarazi zuen airekoa. Gerrillaren koheteek zortzi israeldar zauritu zituzten hainbat herritan.
Israelgo airekoek errefuxiatu palestinar bat hil eta beste sei zauritu zituzten Tiro ondoko Rashidien. Gainera, beste erasoetan 12 zibil hil eta 20 bat zauritu zituen.
Gazan gutxienez bost palestinar hil dituzte
Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek esan du zeinahi bake akordio lortu aurretik ezinbestekoa dela Israelek preso dituen ia 10.000 preso palestinarren egoera konpontzea. Erresistentzia palestinarrak ekainaren 25etik preso duen Gilad Shalit soldaduaren senideen sufrimendua ulertzen duela, baina preso palestinarren egoera ere kontuan hartu behar dela esan du Abbasek.Bitartean, Gazako eskualdeari erasotzen aritu zen atzo ere Israelgo Armada, eta iparraldean gutxienez bost palestinar hil eta beste 10 bat zauritu zituen. Beit Lahia hirian eta Jabaliako errefuxiatu gunean egin zituen erasoak. Artilleriaz eginiko bonbardaketetan obus batzuk etxebizitza batzuen artean erori ziren.
Bestalde, Israelgo lehen ministro ohi Ariel Sharonen osasun egoerak okerrera egin duela jakinarazi dute haren medikuek. Sharon koman dago urtarriletik, garuneko isuria jasan zuenetik. Medikuek zehaztu dutenez, giltzurrunetako arazoak izan ditu azken egunotan Sharonek, eta horrek likidoen metatze arriskutsua eragin dio. Halere, arriskuaren barruan egoera egonkorrean dela diote.