«Israelen aurkako gerra irekia» agindu du Hezbolako buru Hassan Nasralak, Israelgo Armadak Libano bonbardatzen eta blokeatzen segitzen duela argudiatuta. «Haifa ez ezik beste hiri batzuk ere jomugatzat izango ditugu. Libanoarrak ez gara [sufrimenduaren eta heriotzen] prezioa ordaintzen dugun bakarrak; zuek ere [israeldarrek] ordainduko duzue»,nabarmendu zuen bart. Ordu batzuk lehenago onik atera zen Israelgo Armadak bere etxebizitzaren aurka eginiko bonbardaketatik, Beirut hegoaldeko Hreik auzo xiitan. Eraikin berean du egoitza alderdiak (14 diputatu eta ministro bat du, gerrillaz gain), baita Al Manar telebistak eta Al Nur irratiak ere. Libanoko hegoaldea eta ekialdea ez ezik, Beirut hiriburuko hegoaldeko auzo eta azpiegiturak gogor bonbardatzen segitzen du Israelgo Armadak, Hezbolak Israelgo iparraldeko hiri, kibbutz eta kokaguneak bonbardatzen dituen bitartean.
Iragan asteazkenetik 71 libanoar (gehientsuenak zibilak) eta bi kuwaitar hil dituzte Israelgo Armadaren bonbardaketek, eta 100dik gora zibil hil. Erresistentzia libanoarrak, aldiz, zortzi soldadu israeldar eta lau zibil hil ditu, horietako bi atzo, eta asteazkenean preso hartutako bi soldadu atxikitzen ditu, Israelek preso libanoar eta palestinarren truke askatzeko presio egiteko eta Israelgo Armadak Palestinako herritarren kontra eginiko erasoak etenarazteko.
«Urteetan ikusi izan dut hau, ez dut beldurrik». Beiruteko herritar helduek ondo gogoratzen dute Israelgo Armadak 1982an eginiko inbasioa eta Beirut mendebaldeari ezarritako setioa nahiz bonbardaketak. Hala, oraingo bonbardaketen aurrean herritar askok hiriburutik hanka egin badute ere, beste batzuek geratzea erabaki dute. Batzuek hala nahi dutelako, eta beste batzuek, pobreenek, beste aukerarik ez dutelako. Azken hauetakoa da Adnan Ibrik, 65 urtekoa. «Nora joaten ahal gara? Eta kalean lo egingo dugu?», galdetu du, baina beldurrik ez duela erantsita.
Israelgo airekoek, bonbez gain, eskuorri ugari bota dituzte, bereziki Beirut hegoaldean, herritarrei hanka egiteko eskatzeko. Halarik ere, herritar askok geratzeko asmoa erakutsi, eta Israelen eta honen aliatu nagusiaren, AEBen, ekinbidea salatu dute. «Hezbolaren banderaren azpian geratuko gara, azken hatsa arte, Israelgo eta AEBetako basati eta terroristen aurka», dio Libanoko Unibertsitateko langile Hashem Hashemek.
Israelgo Armadak itsasoz eta airez blokeatua du herrialdea, eta lurreko komunikazioak ere birrintzen dabil, autobide, errepide eta zubi franko bonbardatuta. Besteak beste, Beirut-Damasko autobideari eta tarteko zenbait zubiri jaurti dizkie bonbak. Beiruteko aireportua laugarren aldizjo dute Israelgo gerra hegazkinek, pistak eta erregai biltegiak bonbardatuta. Gainera, hiriburuko hegoaldean dagoen Haret Hreik auzo xiita hainbat aldiz astindu dute bonbez, bereziki Hezbolaren egoitza eta honen hedabideak jomugatzat hartuta. Ondorioz gutxienez hiru pertsona hil eta beste 40 bat zauritu ditu han.
Era berean, Beirutetik hegoaldera dagoen Jijeko argindar planta eta errepidea, eta Libanoko ekialdean, Bekaa haranean dauden Kusaia, Baalbek eta Rajak hiriei eraso die. Kusaian, FPLP-CG Palestina Askatzeko Herri Frontea-Komando Nagusiaren (Siriaren aldeko gerrilla taldea) egoitza bat suntsitu dute israeldarrek.
Bien bitartean, Hezbolak katyusha kohete andana bota ditu Israelgo iparraldeko Nahariya (1948an okupatutako lur palestinarretan) Kiryat Shmona, Carmiel, Safed eta Hatzor Haglilit hiri eta herrietara, besteak beste. Safed ondoko Meron kibbutz-ean bi judu hil ditu. Gainerakoetan 60 bat judu zauritu ditu.
Bestalde, herenegun Haifa hiri mistora eroritako koheteak berak ez zituela bota esaten segitzen du Hezbolak. Democracy now! webgunean adituek diote balitekeela beste talde islamistaren baten erasoa izatea.
Israelgo iparraldeko herritar judu gehienek lurrazpiko bunkerretan hartu dute aterpe, eta beste hainbatek hegoaldera jo dute, ihesi. Haatik, Israelgo palestinarrek beren etxeetan segitzen dute.
TEL AVIVEN MEZUA. Israelgo Armadako buru Dan Halutzek esan du Beiruten kontrako erasoak «Hezbolaz libratu beharra duela dioen mezu argia» direla. Israelgo lehen ministro Ehud Olmertek NBEren idazkari nagusi Kofi Annani esan dio «soldadu bahituak askatu arte eta Hezbolaren desarmea lortu arte» jarraituko duela erasoekin. NBEri 1559 ebazpena betearazteko eskatu dio. Ebazpen horretan «Libanoko miliziak desarmatzea» -nagusiki Hezbola, baina baita FPLP-CG, FPLP, Al Fata eta beste gerrilla talde palestinar batzuk- eta horien ordez mugan Libanoko Armada hedatzea eskatzen da.
Libanoko Gobernua, aldiz, erasoen erdian harrapatuta eta Armada ahul batekin, Israeli eta Hezbolari.su-etena exijitzeko ebazpena onar dezala eskatu dio NBEri.
Frantziako presidente Jacques Chiracek «erabat neurriz kanpoko» iritzi die Israelen erasoei. Vatikanoak «estatu libre eta subirano baten kontrako erasotzat» jo ditu. Bestalde, Irango presidente Mahmud Ahmadinejadek Siriari ere ez erasotzeko ohartarazi dio Tel Avivi. «Siriaren kontrako erasoa mundu musulman osoaren kontrakoa litzateke». Siria eta Iran Hezbolaren sustatzaile nagusiak dira.
EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. LIBANOKO ETA ISRAELGO ERASOAK. EKIALDE HURBILEKO GATAZKA
LIBANOKO ETA ISRAELGO ERASOAK. Israelen aurkako «gerra irekia» abiatuko duela esan du Hezbolak. Libano bonbardatzen eta blokeatzen segitzen du Israelgo Armadak eta jada gutxienez 63 lagun hil ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu