EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. MICHAEL TARAZI . «Israelek ikasi du nahi duena eginda munduak ez duela galaraziko»

2004ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Michael Tarazi Estatu Batuetan jaiotako palestinarra da. Harvardeko Unibertsitatean ikasia, PAE Palestina Askatzeko Erakundeko lege aholkularia da. Hagan (Herbehereak) dela hitz egin du berriarekin. Han egoitza duen Nazioarteko Justizia Auzitegiak Israelen banaketa hesiaz emango duen iritziaz baikor ageri da. Halaber, hesiarena okupazio afera dela nabarmendu du.

Europako Batasunak aditzera eman du ez dela egokia Justizia Auzitegiari banaketa hesiaz iritzia eskatzea, hori egiteak agian elkarrizketa politikoei mesede egiten ez diela iradokita. Zer deritzozu?

Hori baino lehen zera esan zuen, argi eta garbi: hesia eraikitzea legez kanpoko a da. Ez du esan, ordea, NZAk auzian ez duenik iritzirik eman behar; aitzitik, ez du argi ikusten hori egiteak elkarrizketetan izango duen ondorioa. Nolanahi ere, gauza bat argi utzi beharra dago: joera zabaldua dago hesiarena afera politiko bezala jotzeko. Hara, lurralde okupatuen, eta, beraz, lege ondorioen gaineko auzia da. Era berean, joera handia dago bi alde berdinen arteko gatazkaz hitz egiteko, israeldarra eta palestinarra. Eta hori ez da horrela. Botere okupatzaile baten eta herri okupatu baten arteko gatazka da. Israelek okupatzen duen jendea babesteko betekizuna du; ez hura kaltetzeko.Erabat ahaztu dugu, oro har, Israelek nahi duen guztia egiten segitzen duela, inolako lege murrizketarik gabe.

Auzitegiak Israel hesia eraikitzeagatik zigortuko balu ere, ez da NBEren ebazpenekin bezala gertatuko, hots, bete gabe baztertuta geratuko direla?

Hala da. Hori da, hain juxtu, palestinarrok dioguna: dagoeneko legea dugu gure alde, dagoeneko NBEren ebazpenak ditugu, dagoeneko konbentzitzeko aukera dugu... Arazoa ez da legea bera; arazoa nazioarteko komunitatea da, Europako Batasuna barne: izan ere, ez dute deus egiten legea ezartzeko. Zertarako balio du zerbait legez kanpokoa dela esateak, gero horren aurka ez baduzu deus egiten? Israelek ikasi du nahi duen guztia egin dezakeela, munduak ez duela hori galarazteko deus egingo.

PANek NBEn duen behatzaile Nasser Al Kidua baikor da Hagako auzitegiaren erabakiaz. Iritzi berekoa zara?

Bai. Hesiaren auzian legea oso argi dago eta auzitegian sinesten dugu; oso auzitegi errespetatua da. Legea modu zuzen eta egokian ezarri ohi du. Hortaz, baikor izateko arrazoiak ditugu. Munduak esaten segitzen du palestinarrok soilik indarkerian oinarritzen garela. Eta hemen erakusten ari gara gure eskakizunak bide baketsu eta lege arlokoak erabilita defenda ditzakegula. Hala eta guztiz ere, EBko estatu jakin batzuek aukera hori ezabatu nahi dute, soilik indarkeriarako bidea utzita.

PANeko lehen ministro Ahmed Kureiak zera esan die israeldarrei: «Bakea nahi baduzue, bidea ezaguna da; indarkeria nahiago baduzue ere, bidea ezaguna da». Zer diozu zuk?

Egoera deskribatzeko modu egokia, inondik ere. Israelek aski ondo daki bakea eta segurtasuna nahi badu, okupazioa bukatu behar duela, eta palestinarrei ere bakean eta segurtasunean bizitzea ahalbidetu. Israeldarrek indarkeria nahi badute, hesia eraikitzen, lur gehiago ebasten, palestinarren eskubideak urratzen, umeak beren ikastetxeetatik eta gaixoak ospitaletatik banantzen... etsai gehiago egingo dituzte, baita indarkeria gehiago eragin ere.

PANek Hagan aurkeztu duen argudio batek dio hesiak estatu independente bideragarri bat eragotziko duela. Halere, askok diote hesiaren aurretik ere lurrak 'bantustan' moduan zatikatuta daudela...

Bai. Hesiak aurretik ezarritako politika bat sendotzen du, hau da, palestinarrok ezin dugu gure herri eta bideetan libreki bizi eta mugitu. Israelek dena kontrolatzen du. Hesiak egiten duena zera da, lehen hain agerikoa ez zena agertzea. Hesiak ez du segurtasunarekin zerikusirik. Kontua palestinarrei ahalik eta lur gehien kentzea da. Gainera, israeldarren eta palestinarren arteko gatazkari aterabideak itxi egingo dizkio. Espero dezagun Hagak bide oker horri onespena ez ematea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.