Ekialde Hurbilerako (Irak, Palestina...) bakea eskatuz eta kapitalismoa gaitzetsiz hasi da Munduko Gizarte Foroa Brasilen. Atzo eman zioten hasiera, Belen hiriko kaleetan martxa eginez, euri zaparraden artean. Besteak beste, Ekialde Hurbilerako bakea eskatzen, kapitalismoa gaitzesten eta ingurumena zaintzearen nahiz herri indigenen eskubideak bermatzearen alde aritu ziren leloak eta pankartak zabaltzen martxan parte hartu zuten mundu osoko milaka manifestariak.
Heldu den igandea arte mundu osoko gizarte eta politika arloko mugimenduek nazioartean dauden arazo eta gatazkei aterabidea aurkitzen saiatuko dira, ehunka eztabaida, mahainguru, hitzaldi eta ekimenen bidez.
Euskal Herritik ere ordezkaritza joan da Brasilera, foroan parte hartzeko. Han dira, besteak beste, Askapena talde internazionalistako ordezkari batzuk.
Atzoko ekitaldia jainko indigena eta afrikarrei erregutuz hasi zuten Foroko antolatzaileek, eta jarraian eginiko martxan ia 100.000 lagunek hartu zuten parte.
Egunotarako antolatutako ekitaldien artean, nabarmentzekoa da Hego Amerikako zenbait presidentek parte hartuko dutela bihar egingo duten mahainguru batean: Brasilgo presidentea, Luiz Inacio da Silva Lula; Boliviakoa, Evo Morales; Ekuadorkoa, Rafael Correa; Paraguaykoa, Fernando
Lugo; eta Venezuelakoa, Hugo Chavez. Latinoamerikaren eta honen norabidearen gaineko eztabaidara gonbidatu dituzte antolatzaileek.
Munduko Gizarte Foroa
Ekialde Hurbilerako bakea eskatuz eta kapitalismoa gaitzetsiz hasi da Foroa Brasilen
Atzotik igandea arte mundu osoko gizarte eta politika arloko mugimenduek nazioartean dauden arazoei aterabidea aurkitzen saiatuko dira, ehunka eztabaida, mahainguru, hitzaldi eta ekimenen bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu