Soviet Batasuneko kide izan ziren sei errepublikak osatzen dute Ekialtzeko Lankidetza: Ukraina, Georgia, Moldavia, Bielorrusia, Azerbaijan eta Armeniak. Horiekin harremanak estutzeko, bilera egin dute Europako Batasuneko kideek Rigan.
Bilera amaitu ostean, sei herrialde horien "burujabetza eta independentzia" aldarrikatu du Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak: "Ekialdeko Lankidetzarekiko konpromiso jarraitu eta sendoa da goi-bileraren mezu nagusia". Europako Batasunak sei herrialdeei emandako babesa nabarmendu du Tuskek "istilu, eraso, mehatxu eta gerra" egoeren aurrean. Aipatu gabe, Errusiari eta Ukrainako gatazkari egin dio erreferentzia Tuskek horrela.
"Segurtasun eta egonkortasun erronkak" ugaritu zaizkiela-eta, sei estatuekin lankidetzan aritzeko asmoa berretsi du Tuskek, "erabaki burujabeak" har ditzaten.
Edonola ere, EBren eta Ekialdeko Lankidetzako estatuen arteko elkarlanak ez du esan nahi "automatikoki" horiek EBn sartuko direnik: "Prozesu luzea da, lagunak eta etsaiak ditu, zaleak eta zalantzatiak Europan, normala da".