EKIALDEKO TIMOR. Herrialdea gero eta pobreagoa dela dio NBEk

Duela lau urte independentzia lortu zutenean bezala, herritarrak egunean dolar batekin bizi dira

Erredakzioa
2006ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Duela lau urte, 2002ko maiatzaren 20an lortu zuen Ekialdeko Timorrek independentzia Indonesiatik. Orduan, muturreko pobrezia zen herrialdearen arazo handiena, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, gaur egun larriagotzen ari da arazoa. Independente egin zenean bezala, herritarrak eguneko dolar bakarrarekin bizi dira 84 zentimo inguru. Urtean 370 bat dolar irabazten dituzte, baina kopuru hori murrizten doala ohartarazi zuen atzo NBEk.

NBEk 2015erako pobrezia heren bat murriztu nahi du. Horretarako Ekialdeko Timorren ekonomiak %5 eta %7 artean hazi beharko du. Erakundearen ustez, hori posible izango da Dilik eta Camberrak iazko urtarrilean sinatu zuten akordioaren bidez. Horren arabera, Timorreko Itsasoko petrolioa eta gasa ustiatu ahal izango ditu Australiak. Irabazien %10 Camberrarentzat izango dira, eta beste %90a, berriz, Dilirentzat. NBEren arabera, nazioarteak herrialde horretan inbertitzen duenaren zati handi bat hiriburuan geratzen da. Nekazaritza eremuetara, aldiz, diruaren heren bat soilik iristen da. Ekialdeko Timorreko familien %80 nekazaritzatik bizi dira, baina Gobernuak ematen dituen laguntzen bosten bat soilik jasotzen dute. Ondorioz, herritarren %40 pobreak dira eta osasun zerbitzuak gutxi batzuen esku daude.

24 urtez Indonesiaren menpe

Ia mende laurden batez Indonesiaren menpe bizi izan dira Ekialdeko Timorreko herritarrak. 1999ko maiatzean, ordea, Indonesiak eta Portugalekazken horren kolonia izan zen Timor hitzarmen bat sinatu zuten, zeinaren arabera, timortarrek independentzia nahi zuten erabaki ahal izango zuten. Urte bereko irailean, egin zuten erreferenduma eta botoen %78 independentziaren aldekoak izan ziren. 2002ko maiatzean lortu zuten, azkenik, haien helburua.

Datua



90

Mila jaioberritik 90 urte bat bete aurretik hiltzen dira Ekialdeko Timorren. Horretaz gain, herritarren erdiek ez dute edateko urik eta bizi itxaropena 55,5 urtekoa da. Hala jakinarazi zuen atzo NBE Nazio Batuen Erakundeak. Muturreko pobrezia zen herrialde horren arazoa duela lau urte independentzia lortu zuenean, eta arazo bera du gaur egun ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.